Euskal diputatuak «intolerantzia politikoa» nozitzen ari dira Madrilen

Giroa gaiztotu egin dela diote EAJk eta EH Bilduk, eta «irainak» sarritan pairatzen dituztela

Eskuin muturreko protesta bat Kongresuaren atarian, Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen aurka. FERNANDO VILLAR / EFE.
xabier martin
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun

PPk Espainiako Gobernua galdu zuen 2018ko ekainean, Mariano Rajoyren aurkako mozioan, eta, ordutik, eskuinak eta eskuin muturrak gurutzada batean dabiltza, elkar hartuta sarri, Pedro Sanchez presidente duen gobernuaren aurka. PSOE eta Unidas Podemos bikoaren gobernuaren azken lau urteek eta aurrerantzean era daitekeen gobernuak —tartean amnistia lege baten pareko bat onartuta— muturreko adierazpenak egitera eraman ditu PPko zenbait kide, eta giro politiko gaiztotu hori ondorio jakinak izaten ari da aspaldian. Esaterako, Oscar Puente PSOEko diputatuak eraso bat jasan zuen aurreko ostiralean, Valladoliden (Espainia), bezperan PPren aurka aritu ostean Kongresuan. Bada, euskal diputatuak aspaldian ari dira nozitzen giro hori.

«Giroa gaiztotzen ari da, egia da, baina garai txarragoak bizi izan ditugu Madrilen», esan du EAJko kongresukide Joseba Agirretxeak. «Ezkutaturik-edo zegoen zerbait atera dela esan daiteke: intolerantzia politikoa. Zibil madrildarrak maila desberdinetan daude, eta muturrekoen arteko 30 nahikoak dira momentu txarrak eragiteko».

PSOEko diputatu batek eraso bat pairatu izanak neurria eman diezaioke euskal diputatuek duten arriskuari, antzeko pasarteei begira. «Larria da ardura politikoa dutenek sua piztea gero 'hor konpon, Marianton' esateko», dio Agirretxeak. «Politika muturrera eramateak badakigu zer arrisku dituen». EAJko diputatuak uste du su emaile asko egon direla Madrilen urte askoan: «Ez dut inor zuritu nahi, inondik inora ere, oso argi ikusten baititut Voxekoak nola dabiltzan, baina bere garaian Pablo Iglesias ere hala ibili zen».

EH Bilduko Kongresuko eledun Mertxe Aizpuruak ez du ezkutatu koalizio abertzaleko parlamentariak ez direla askatasun osoz aritzen beren jardunean. «Zuhurtziaz ibiltzen gara beti; gure neurriak hartzen ditugu; adibidez, soilik toki ezagunetara joaten gara, eta egia da giroa gaiztotzen ari dela». Azaldu du Kongresuaren atarian beti dagoela norbait euskal diputatuei oihuka. «Azken egunetan ia egunero jasan ditugu irainak ganberarako bidean, eta bulegoaren sarreraraino ere segika eduki ditugu inoiz».

Giro politikoa ez da egokia orain Madrilen, baina euskal diputatuek aspaldian ikasi dute horrelako testuinguru batek zer eragiten duen egunerokoan. «Egoera deserosoak bizi izan ditugu Madrilen, bai», onartu du Agirretxeak. «Zenbat eta ezagunagoak izan, orduan eta gehiagotan bizi izaten dira halakoak. Telebistan asko ateratzen direnek, Aitor Estebanek adibidez, arrisku handiagoa dute kalean irainak pairatzeko». Egoera horietan «muga jartzen» jakin behar dela erantsi du EAJko kideak, «ezin baitira onartu zenbait jarrera; berdin dio politikaria edo nekazaria izan».

Edonola ere, EH Bilduko parlamentari Aizpuruak garbi utzi du ez dela «kasualitatea» gertatzen ari dena. «Hedabide batzuek bultzatua da, eta ganberan bertan botatzen dituzten irainek eta abarrek horrelako giroa babesten dute. Edozein kasutan, hau ez da berria Madrilen; tamalez, jakin badakigu ez dela plaza eroso bat, baina guk gure bidetik jarraituko dugu».

Baina nolakoa da euskal diputatuen egunerokoa Kongresuko jarduna bukatzen dutenean? Agirretxeak ez du aparteko arazorik «bizitza normala» egiteko. «Ez naiz joaten, jakina, ultraeskuindarren lekuetara Real Madrilek jokatzen duenean, adibidez». Eta berriro gogoratu du haren aurreko diputatu jeltzale batzuek orain baino egoera zailagoak bizi izan dituztela. «Aznarren garaia okerragoa izan zen, baina Madril ez da hiri oldarkorra; oro har, ez dut hori sentitu».

Politikarien ereduak

EH Bilduko diputatuentzat, berriz, apenas dagoen aisialdirako tarterik Madrilen. Ez, behintzat, aisialdi aske baterako. «Ez gara mugitzen gure ingurune jakinetik. Ezin dut gehiago zehaztu. Bulegora sartzen gara goizean, eta sarritan arratsaldera arte ez gara handik ateratzen. Madrilen lan bizitza baino ez dugu egiten», esplikatu du Aizpuruak. Koalizioko Kongresuko bozeramaileak uste du Sanchezen inbestidura saioa egiten den arte eskuin muturrak fase hori baliatuko duela «berriro sua pizteko». «Ikusi dugu zein hitzaldi bortitza egin zuen Feijook denen aurka bere inbestidura saioan, baita gure aurka ere, eta datorren legegintzaldirako bidea markatu duela esango nuke». Aizpuruak erantsi duenez, PP eta Vox agian ez ziren izango «berdin-berdinak» azken urte hau iritsi arte, «baina aurrerantzean elkar hartuta ariko dira».

Valladolideko alkate ohi eta PSOEko diputatu Oscar Puenteren erasoari dagokionez, berriz, EAJko kide Agirretxeak uste du haren aurkako erasoa egin zutenek «alkate izan delako» ezagutzen zutela. «Baina berdin dio Valladoliden, Madrilen edo Ondarroan izan: intolerantzia politikoa muturrera eraman nahi duenak hala egiten segituko du, Madrilen, Euskal Herrian, eta Singapurren ere bai».

Agirretxeak uste du politikariek eredu egokia eman behar dutela, eta ezin direla «oilategi batean bezala ibili», gizarteak pentsa baitezake bera ere badela zilegi horretarako. «Batzuek Kongresuan portatzen ikasi behar dute. Euskal politikarioi, oro har, ezin digute egotzi horrelako jarrerarik, nahiz eta tarteka hitz batzuk sobera egon». «Probokazioak» izaten omen dituzte ganberan, eta EAJkoek «jarrera egoki bati» eusten diotela dio diputatu jeltzaleak. «Albo-alboan ditut Voxekoak, eta entzun egin behar dira, gero, zer-nolakoak botatzen dituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.