Zein abiapuntutatik, mundu ikuskeratatik, heltzen zaion EAEko Hezkuntza Legeari, norabide bat edo bestea hartuko du hezkuntza sistemak; erreproduzituko eta elikatuko du errealitate bat edo beste bat. Erro-errokoa den auzia da hori Arantxa Urbe eta Iratxe Retolazarentzat, baita Eusko Jaurlaritzak irailean ezagutarazi zuen lege aurreproiektua kritikoki aztertzeko iragazkia ere. Izan ere, euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko oinarriak, «euskal dimentsioa» kontuan hartuko duen mundu ikuskeraren falta sumatzen dute zirriborroan. Euskarak lege zirriborroan duen lekuari erreparatu dio, batez ere, Urbek, hezitzaile, Hik Hasiko kide eta Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen talde teknikoko zuzendaria denez gero; kultur transmisioaren talaiatik aztertu du gaia, berriz, Retolazak, literatura irakasle eta euskal kultur transmisioaren aldeko talde eragileko kideak. Gurutzatzen eta elkar elikatzen diren ikuspegiak dira bienak, ordea, hizkuntza eta kultura elkarren osagarri diren adierazle.
Hizkuntzari dagokionez, lege zirriborroak dio Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema «eleaniztuna» izango dela, «euskararen inguruan artikulatua». Urbek kritikatu du, ordea, hasieran «eredu eleaniztunari» buruz hitz egiten bazen ere, orain gehiago hitz egiten dela «esparru eleaniztunari» buruz: «Nahi genuke zehaztea zer esan nahi den gauza bat esaten denean eta zer bestea esaten denean. Lege zirriborroak ezin du hain zehaztugabea izan gai batzuetan; horretan, adibidez». Legeak dioen moduan, euskara «ardatz» izateak zer esan nahi duen ere ez du garbi. «Ikastetxez ikastetxeko hizkuntza proiektuak zer hizkuntzaren gainean eraikiko dira? Zirriborroak ez du ezer aipatzen horretaz». Eta ohartarazpena egin du: «Emaitza desberdinak nahi baditugu, zerbait desberdin egin beharko dugu, eta behingoz onartu euskararekiko gaitasunik handiena dutenak euskararako esposizio handiena dutenak direla». Retolazak «angelu itsu» gehiegi ikusten dizkio zirriborroari, eta horietaz argi hitz egitea ezinbestekotzat jo du, «legeak marko bat jarriko duela ondoren gobernuan dagoenak, edozein dela ere, bete beharko duena». Ohartarazi du anbiguotasun horrek aldian aldiko Hezkuntza Sailaren esku uzten duela gauza bat ala bestea egitea, eta hori «oso arriskutsua» dela.
Ikusi gehiago:Oinarrizko gaiez gutxiegi ari da eztabaidatzen, Retolazaren eta Urberen ustez
Hizkuntzaren auzian, Urberen ustez, oinarri-oinarrizko auzi bat dago sakonean, zalantza askoren sorburuan: nola ulertzen den hizkuntzen arteko harremana, eleaniztasuna. «Hiru hizkuntzez hitz egiten da egoera berean baleude bezala, eta lehenengo premisa izan beharko luke hizkuntza gutxitu bat daukagula». Retolazak ere ez du ikusten horren kontzientzia argirik legean. Deigarria egin zaio, alde horretatik, egoera globalari buruz zer irakurketa egiten den. «Anbizio kolektiboaren atal batean oraingo egoeraren markoaren irakurketa egiten du. Aipatzen du oso egoera ziurgabean gaudela, klima aldaketa dela, digitalizazioa dela, demografia dela... Eta, hara, mundu ziurgabe horretan ez da ez hizkuntza, ez kultura aipatzen. Edozein agenda europarretan aipatzen dira, jasangarritasuna aipatzen denean, eta hara non, Euskal Herriko testuinguruan, zeinetan hizkuntza eta kultura gutxituak ditugun, ez da aipatzen. Dakigunean, gainera, kezka sozial bat dagoela horren gainean».
Ebaluazioa, irakasleen esku
Irakaskuntzak ikasleei bermatu beharreko hizkuntza profilak zehaztuta daude legearen zirriborroan, edozein modutan: euskaraz nahiz gazteleraz B1 maila lortu beharko dute Lehen Hezkuntza bukatzerako, eta B2 maila, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzerako. Hori nola gauzatuko den, baina, ez dago batere garbi. Ebaluatzeko ardura bere osoan irakasle taldeen esku uzteko asmoa ikusten dio zirriborroari Urbek, eta gogorarazi du Euskalgintzaren Kontseilutik bestelako proposamen bat egin zutela: «Proposatzen genuena zen ebaluazio institutu bat sortzea, eta, hor egotea administrazioa, baina baita euskalgintzaren ordezkariak ere. Eta institutu hori ikerketara ere bideratzea». Halaber, salatu du ikasketa prozesuaren amaierako «kalifikazio» moduan irudikatzen dela ebaluazioa, nahiz eta badiren, haren ustez, «ebaluazio hezitzailearekin zerikusia duten» bestelako modu batzuk, «irakasleek jakin dezaten unean-unean aplikatzen ari diren metodologia, hizkuntza proiektua, egokia den».
«Ibilbide eta estrategia sendoago batek» eskatzen du ebaluazioa Retolazaren ustez ere, eta, horrez gain, beste hainbat aldagai ere kontuan hartu behar direla dio; zer ikasle ratio izango diren eta zer baliabide izango dituzten, besteak beste. «Kontenplatzen dena da irakasle horiek euren borondatez eta fede onez gauzak bikain egingo dituztela. Hori egin ahal izango dute baldin eta egitura oso bat, hori bermatzen duen baliabide sorta bat eta prozesu iraunkor bat badago».
Mundu ikuskera
Hezkuntza sistemak izan behar luke mundu ikuskera, ekosistema, baten eroale, Urberen zein Iratxeren ustez, eta horrek lotura zuzena du hizkuntzarekin. Urbe: «Ikasleei arrazoiak eman behar dizkiegu euskara hautatzeko, eta arrazoi horiek zerikusia dute, batez ere, mundu afektiboarekin, mundu kulturalarekin... Hori askok eta askok ez dute jasotzen beren inguruan, eta, beraz, eskolak konpentsatzailea izan behar du. Mundu ikuskera bat daukagu, eta hori transmititu behar genieke». Transmititu, ondoren ikasleek mundu ikuskera hori «auzitan jarri eta berrasmatu» dezaten, Retolazak ñabartu duenez.
Hain justu, euskarak eta euskal kulturak hezkuntzan «zehar-lerro» behar duen konbikzioak eraman ditu horren aldeko lanera kulturaren bueltan jarduten duten hainbat pertsona eta kolektibo. «Guk uste dugu kultur hezkuntzak egon beharko lukeela edozein hezkuntza proiekturen erdigunean. Hortik abiatuta, euskara ardatz duen proposamen batek euskal kultura eduki behar luke erdigunean».
Hainbat kritika egin dizkio taldeak lege zirriborroari, euskal kulturaren transmisioari zentralitaterik ematen ez diola iritzita. Esaterako, kultur hezkuntzak eta hezkuntza artistikoak sisteman duen lekua etengabe txikitzen ari dela uste dute. Bestalde, zirriborroan euskal kultura aipatzen bada ere, horri erreferentzia egitean zenbaitetan bi hizkuntza ofizialak aintzat hartzen direla kritikatu dute, ez baitu hartzen kontuan euskarazko kulturak «tratamendu berezitu» bat behar duela. Hizkuntza proiektuak aipatu, eta kulturari aipamenik ez egiteak ere «asko kezkatzen» ditu, Retolazak azaldu duenez, baita herri kulturari hezkuntza arautuan tokirik ez egiteak ere.
Terminoek badute garrantzia, bestalde, Retolazaren ustez; are, interpretazio desberdinetarako aukera irekita uzten duen testu batean. Horregatik, ez du ulertzen lege akordioan Euskararen Ikaskuntzarako Institutua zena zergatik den orain Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua: «Horrek dakar berriro ere eleaniztasun institutu bihurtzea, oso garbi jakin gabe zein izango den lehentasunezkoa institutu horretan».
Atzera ere «zentzu komuna» eraiki beharrera itzuli da Retolaza, horrek duen garrantzia azpimarratuta. Izan ere, euskara kode linguistiko soil moduan transmititzerik ba ote dago? Galdera horri beste galdera batekin erantzun dio: «Hezkuntzatik sortuko ditugu euskaraz hitz egiten duten eta ulertzen duten pertsonak baina euskarazko literatura irakurriko ez dutenak, musika entzungo ez dutenak edo euskarazko zinema ikusiko ez dutenak?». Horri zer erantzun eman, euskararen egoeran eragina izango duela argi du, baita euskal kulturan ere. Egungo egoera horren islatzat du: «Diagnostikoek esaten digute euskal hiztunen erdia, gehiago ez esatearren, euskal kulturari bizkarra emanda bizi direla».
Euskalduna gutxiagotasun egoeran dagoelako kontzientzia falta dela uste du Urbek. Eta hortik begiratu behar litzaioke munduari, haren ikuspegiaren arabera, «dimentsio emozionalari» eta euskal kulturari erdigunea emanda.
Hezkuntza Legea
Euskal dimentsioa faltan
«Angelu itsu» gehiegi eta eleaniztasunaren ulerkera erratua ikusten dizkiote EAEko Hezkuntza Legearen aurreproiektuari Iratxe Retolazak eta Arantxa Urbek. Zehaztasuna behar duela uste dute, baita euskararen transmisioa kulturaren eta «mundu ikuskera» oso baten barruan egitea bermatzea ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu