Iratxe Retolaza Gutierrez. UEUko goi institutuko irakaslea

«Euskal curriculumean sakontzeko bide bat egituratu liteke»

Hezkuntzako lege marko berrian euskal dimentsioa txertatzeko tresnak aurkeztu ditu Retolazak UEUko jardunaldi batzuetan. Hezkuntza komunitatea ardatz horren bueltan saretzeko ere baliatu dute saioa.

Iratxe Retolaza, hezkuntza marko berrian euskal curriculuma txertatzeari buruzko jardunaldian. UEU.
gurutze izagirre intxauspe
Eibar
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Euskal curriculuma hezkuntzako lege marko berrian nola agertzen den eta nola agertu izan den kontuan hartuta, euskal dimentsioa txertatzeko zer zirrikitu dauden azaldu zuen Iratxe Retolaza Gutierrez UEUko Literatura sailburu eta goi institutuko irakasleak ostegunean, Eibarko Markeskoa jauregian, UEUren egoitzan (Gipuzkoa). Jardunaldiak antolatu zituzten, Berrikuntza hezkuntza-marko berrian: ikasteko egoerak gorpuzten, Euskal Curriculuma ardatz izenburupean.

Zirrikituak azaldu zituen, hezkuntza legean oso modu apalean aipatzen delako euskal curriculuma, eta jorratzea irakasleen borondatearen esku dago hein handi batean. Baina oinarri bat badagoelakoan, ardatz horren bueltan ahalduntze kolektibo bat egituratu beharraz jardun zen Retolaza.

Bost puntu nabarmendu zituen 2005ean egituratutako euskal curriculumaz. Batetik, Euskal Herria herri gisa aurkeztea lehen lerroko gaitzat hartzen bazuen ere, materialgintzan sekulako atzerapena egon dela esan zuen. Hezkuntzarako sortzen den materialak eta gehien erabiltzen denak ez du Euskal Herria herri gisa aurkezten.

Besteak beste, euskal kulturaren transmisioari ere tokia ematen zion 2005ekoak, baina Heziberri programak askoz ere modu apalagoan jaso izan du transmisioaren gaia, Retolazaren esanetan.

Gaur egun planteatzen den markoari hainbat aukera ikusten dizkio. Adibidez, egungo markoak ezagutza soziolinguistikoari garrantzi handia ematen dionez konpetentzietan, hori aukera gisa baliatzea proposatzen du, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa aztertzeko eta garatzeko, betiere diglosian gaudela jakinda eta hizkuntza gutxituaren mesedetan arituta. Eta marko berriak kultura eta hizkuntza eskubideak babestera egiten duenez, hortik helduaz euskal dimentsioaren mesedetan lan egiteko aukera ematen du, Retolazaren arabera.

Idatzizkoaz harago

Komunikazio multimodala sustatzea ere proposatzen du marko berriak. Hezkuntzan idatzizko formak izan duen pisua ikusita, alternatibak eskaintzeko aukera ematen du, sareen eta bestelako baliabideen bidez. Horrekin lotuta, ikas egoerak lantzeko aukera ere ematen du: liburuetatik harago joanez, hedabideak eta sareak arakatuz ikuspegi kritikoa garatzeko bidea ikusten du. Prozeduretan ere ikusten ditu aukerak, idatzizkoaz bestelako diziplinak landuz euskara eta euskal kultura zehar lerro gisa txertatzeko.

Materiala egiteko trebatzea

Beste gabezia handi bat ere sumatzen du: marko berriak material berria sortzeko aukera ematen badu ere, konpetentzia digital oso gutxi dago euskaraz gainerako hizkuntzen aldean, eta baliabide eta trebakuntza falta ere badago material berria sortu ahal izateko.

Beste kezka batzuk ere azpimarratu zituen. Hezkuntza marko berrian hizkuntza eremuak ezartzearena, adibidez.

Nafarroak hizkuntza eta gizarte eremuak banatu ditu, eta hizkuntzan, euskara eta gaztelania batera sartu ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan proposamena egin dute, eta Nafarroan bloke gisa agertzen da hezkuntza markoan. Horrek zer esan nahi du? «Orain arte euskara ikasgaia ematen zuena erreferente bat zen, eta, batzuetan, gainera, ikastetxeak erreferente gisa hartzen zuen euskal kulturarekin lotutako gaietarako ere». Erreferentziazko euskara irakaslea galtzea eragin dezake antolaketa berriak.

Eremuka lantzeak bi bide ekar ditzake: hainbat irakaslek proiektu berarekin lan egin dezakete, eta horrek esan nahi du gaztelania eta literaturako irakasleak euskarakoarekin adostu behar duela, eta guztiek bat etorri behar dute honetan: kultura eta hizkuntza gutxitu baten testuinguruan, gutxituak indar handiagoa behar du. Eta beste aukera da irakasle batek hartzea hiru ikasgaiak, baina euskarako postu askoz gutxiago daude. «Hezkuntzan euskarazko postuak betetzen ari diren irakasle asko ez dira euskal filologo. C2a badute, baina ez dute beste formakuntzarik euskal kulturgintzaren inguruan». Beraz, batek hirurak hartzen baditu, aukera gehiago daude euskarako irakasle erreferentea ez izateko edo euskal filologoa ez izateko, «eta aukera gehiago daude kontzientzia horretatik ez eragiteko».

Horrek ikasleek irakasleekin dituzten erreferentzialtasunak aldatzea eragin dezake, egoera soziolinguistiko jakinetan ikasle askok euskara irakaslea baino ez dutelako erreferentzia gisa euskaraz jarduteko. «Nik oso ondo ikusiko nuke hiru ikasgaiak batek hartzea baldin eta egoera soziolinguistikoarekin oso trebatuak dauden irakasleak bagenitu, egoerarekin oso jantziak, baina diagnostikoak esaten digu ez dela horrela».

Irakasleen esku

Horrenbestez, berretsi zuen euskal curriculuma hezkuntza marko berrian txertatzea irakaslearen esku dagoela hein handi batean. «Eskatzen du adostasun maila handiarekin lan egitea, eta azken urteetan egin diren materialgintzaren azterketek esan digute kontzientzia hori irakasleen artean gutxitu egin dela». Saioan azaldu zuen horri buruzko kezka, pentsamendu kritikoa eta euskal dimentsioa hezkuntzan asko ahuldu diren ustea baitu. «Uste dut momentu hau funtsezkoa dela. Prest dauden irakasleak ahaldundu behar ditugu euskal curriculuma txertatzeko, jakiteko zergatik markoak ematen dion horrela lan egiteko aukera, zergatik den garrantzitsua». Trantsizio egoera honetan material berriak sortuko direnez, aukera bat dagoela uste du. «Marra gorriak jarri behar ditugu. Marko berriak ez du argitzen Euskal Herriaren kokapena, adibidez. Euskal curriculuma ez da egituratu zehar lerro gisa».

Erronka nagusia hori dela uste du. «Iruditzen zait badaudela ikuspegi politiko hau konpartitu dezaketen irakasle asko, baina inertziengatik eta joerengatik ez diote lehentasunik eman horri. Ahalduntze kolektibo hori egin behar da. Ikastetxeen autonomia horretatik tiraka egituratu liteke euskal curriculumean sakontzeko bide bat».

Horretan eragiteko irakasleen artean humus bat badela sinetsita, saretze lanetan hasteko topagune bilakatu zen jardunaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.