Euskal curriculuma aintzat hartuz

Ikastolen Elkarteak euskal curriculumaren historia, oraina nahiz erronkak landu ditu Piztu jakin-mina topaketetan. Konpetentzien bidez lan egiteko hartutako erabakia goraipatu dute.

Ikastolen Elkarteko ordezkariek atzo egindako saioa. IKASTOLEN ELKARTEA.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Zergatik euskal curriculuma? Zein etorkizun du? Zein ekarpen egin du ikasgeletan? Horiei eta beste hamaika galderari erantzun zieten atzo Ikastolen Elkarteko ordezkariak euskal curriculumaren garapenaz eta etorkizunerako dituen erronkez aritzekoPiztu jakin-mina topaketetan egindako hirugarren saioan. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria euskal curriculumaren sorreraz eta hark izandako ibilbideaz aritu zen, eta Zigor Ibarzabal Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduradunak haren zutabeak eta praktikarako gakoak azaldu zituen; Maider Ortega eta Isaso Basauri ikastoletako irakasleek, berriz, horren ondorioz azken urteetan ikasgeletan izan dituzten aldaketen berri eman zuten.

Euskal curriculumarena ikastolak 1992tik egiten ari diren apustua dela ziurtatu du Tellituk, eta 1996an hartu zutela erronka horri erantzuteko «ardura eta konpromisoa». Haren hitzetan, galdera bati erantzutea jarri zuten xedetzat: «Honako galdera honi erantzutea zen helburua: zeintzuk dira derrigorrezko hezkuntza bukatzean 16 urteko gazte batek gutxienez ezagutu behar dituen gertaera eta kontzeptuak, egiten jakin behar dituen prozedurak eta lortu behar dituen trebetasunak eta bereganatu behar dituen balioak eta jarrerak?».

Bidean, beste eragile batzuekin elkarlanean aritu nahi izan zutela ziurtatu du, baita lortu ere, zenbait kasutan; besteak beste, Udalbiltzak, Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak euskal curriculuma martxan jartzea hitzartu izana goraipatu du. Hainbat eztabaida eta adostasunen ondoren, 2008an onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculum Espezifikoa: oinarrizkoa eta komuna proposamena, eta urtebete geroago onartu zituzten ikastolen kolektiboaren oinarrizko curriculum komunaren printzipioak. Behin hori zehaztuta, Tellituren hitzetan, euskal curriculuma garatzeari eta bitarteko egokiak ekoizteari ekin zioten, eta ikastoletan eragina izan zuen horrek, euskal curriculuma garatzeko «zenbait proiektu» aurrera atera baitzituzten, ikasmaterialak sortuz eta irakasleen formakuntza sustatuz.

Ibarzabalek aletu ditu euskal curriculumaren nondik norakoak. Herrigintzatik osatutako curriculum bat dela ziurtatu du, «ezohiko curriculum proiektu bat». Azpimarratu du eduki zehatzetatik harago, konpetentzietan oinarritutako hezkuntza eredu bat dela: «Euskal curriculumak txip aldaketa hori egitera behartzen gintuen, edukiak ikastetik horien erabilerara jauzi bat egitera». Hori ikasmaterialen eta esku hartzeen bidez lortu dutelakoan dago, eta ikaslearen «rol aldaketa bat» egon dela, «entzule pasibo zirenak» haien ikasketa prozesuan «protagonistago» egitera eramanez.

Eta aldaketa hori sumatu dute ikasgelen egunerokoan, Ortegaknabarmendu duenez. «Gela barruan, aldaketa handiak eduki ditugu; batez ere, ezagutzetatik konpetentzietara pasatu garenean». Azaldu du ikasgeletan lantzen dituzten unitateek fase desberdinak dituztela, eta bitartean, ikasleek erronkak gainditzen dituztela, ikertu, planifikatu. Eta banakako jarduerak ere badauden arren, uste du gakoa ikasketa kooperatiboa dela.

Antzeko esperientzia bizi izan du Basaurik ere. Lantzen dituzten edukiak «oso bertakoak eta eguneratuak» direla iruditzen zaio, eta ikasleei «egiten uzteak» dakartzan abantailak azpimarratu ditu: «Bizipen bihurtzen dira gelan lantzen ditugun unitateak, eta uste dut ez dituztela memorizatzen dituzten edukiak bezain azkar ahaztuko».

Etorkizunean zer?

Dagoeneko eman beharreko hurrengo pausoei begira jarrita dago Ikastolen Elkartea, eta zehaztuta dituzte euskal curriculumaren erronkak ere. Izan ere, azken urteetan «urrats handiak» egin dituztela uste izan arren, «non sakondua» badagoela esan du Ibarzabalek. Gizartearen alorrean, beharrezko ikusten du euskalgintzako herri eragileen «estrategia partekatu bat»: «Euskal curriculumaren zabalkunderako eta euskal hezkuntza sistema propio bat garatzen jarraitzeko erakundeen arteko sinergiak gakoak izango dira». Eskola eremuan kokatuta, lantzeko beste bi ardatz ikusten ditu Ibarzabalek. Alde batetik, «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela uste du irakasleek elkarrekin gogoetak egiteko foroak egitea. Beste alde batetik, irakasleek soslaia fintzeko beharra ere badagoela uste du, kontuan hartu behar dutela etengabeko elkarrekintzan eta komunikatzen ari direla ikasleekin eta irakasleek «kontzienteki» landu behar dutela «curriculum ezkutua» ere. Tellituk «pedagogiaren alorrean, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredu baten alde egindako apustuarekin» jarraitzeko beharra dagoela uste du, eta «administrazio desberdinek azken urteetan hartutako hainbat erabakik» argi erakusten dutela euren bidea egiteko duten beharra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.