«Euskal komunikabide batzuetan ezaguna den mutil gazte bat erasotzailea da». Salaketa hori zabaldu dute gaur iluntzean toki ezberdinetako zenbait neska gaztek, X sare sozialean zabaldu duten @bukatu_da_showa kontutik. Eta, horren harira, EITBk bertan behera utzi behar izan du Barraka saioa, haren aurkezle den Iker Plazaolaren kontrako salaketak medio.
Adierazi dute ez dela eraso bakarra izan, eta asko direla gizon horren «eraso fisiko, sexual, psikologiko eta ahozkoak» jasan dituztenak. «Ez behin, ez bitan... erasoek denboran iraun dute, eta, gainera, ugaritu egin dira». «Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere», zehaztu dute, eta azaldu umore arloko bakarrizketa eta show batzuk gidatu dituela, «programa propio bat aurkezteraino».
«Egoera honek ezin du isilpean jarraitu, eta neurriak edota erantzukizunak hartu behar dira», galdegin dute. «Ezin da erasorik berriro gertatu. Aski da. Ez dugu nahi emakume gehiago arriskuan egon dadin. Gure artean antolatu gara, elkar babestu eta zaindu dugu; zuri ere eraso egin badizute, jakin babestuko zaituen sare bat badagoela».
Saio bat bertan behera
Aurkezlearen aurkako salaketa argitara atera berritan, EITBk, «kautelaz», bertan behera utzi du bere edukietako baten ekoizpena eta emisioa. «Ikus-entzunezko edukiak egiten dituen ekoiztetxe batek jakin du taldeko kide baten aurka eraso sexistak salatu direla», idatzi dute oharrean. Gertakariak argitu eta protokoloak aplikatu arte, ekoiztetxearekin koordinatuta hartu du neurria hedabide publikoak.
Ekoiztetxe hori Hiru Damatxo da. Haiek ere argitaratu dute idatzi bat. «Zilegitasun osoa» aitortu diete salaketa egin dutenei, babesa helarazi diete, eta min gehiago ez egiteko konpromisoa hartu dute. Argi utzi dute ez dutela erasotzailerik babestuko. Barraka da Hiru Damatxok ekoiztutako saioa, eta Iker Plazaola aurkezlea.
Ekoiztetxekoek duela egun batzuk izan zuten gertakarien berri, eta kontatu dute orain arte ez dutela neurririk jakinarazi «oharra kaleratu duen taldearen borondatea eta denborak errespetatzeko». Behin publiko eginda, ordea, ardurak hartzea dagokiela esan dute, eta bi neurri iragarri dituzte: batetik, salaketa jaso duenak aurkezten duen saioaren sustapena eta emisioa bertan behera uztea, eta, bestetik, EITBrekin bilerak hastea «egoeraren larritasunari dagozkion neurri gehiago hartzeko».
«Jarrera horrekin helduko diegu datozen egunetan izango ditugun bilera eta erabakigune guztiei», amaitu dute.