«Hementxe gaude, kargua estreinatzen: batera eta bestera». Bartzelonara bisita eginez abiatu du PuntuEus proiektuaren zuzendaritza Josu Waliño Pizarrok (1972, Zumaia, Gipuzkoa). Izan ere, eredu dute, hein handi batean, .cat domeinua: katalanen Interneteko jardunaren erakusgarri. Iragan urteotan Iratxe Esnaolak .eus domeinua onarrarazteko zinez lan aparta egin duela gogoratu du: «Izugarria izan da». Orain, behin nazioarteko ICANN erakundearen onespena lortuta, lehengo egitekoetara itzuli nahi du, eta, lantaldea berrituta, beste aldi batean murgildu nahi dute PuntuEus fundazioan domeinuaren aldeko lana.
Abian da uda hasieratik .eus domeinua. Zein da orain urratsa?
Lortu behar dugu euskal gizarteak .eus bere domeinutzat hartzea. Ez hartzea, soilik, euskararen inguruko domeinu baten gisara: euskal gizartearen domeinu izanbehar du, euskal kulturarena, eta gure etxe azpian dagoen ile apaindegikoak duen webgunearena... Hori lortu behar dugu: .eus zabaltzea euskal gizarte osora. Epe motzera dugun erronka nagusia da.
Eta nola egin asmo duzue hori?
Lehenbizi, euskararen eta euskal kulturaren inguruko eragile nagusiek hartu zuten aitzindaritza. Hori eginda dago. Orain, hilaren erdian, abiatze fasea zabalduko dugu, eta aldi horretan, datozen bi hilabeteetan, edozein enpresak, erakundek edo norbanakok webgunea badauka euskaraz edo euskal kulturaren inguruan, domeinua eskatzeko aukera dauka. Fase honetan, bermatu nahi dugu domeinuak dagokienei ematea, erabiliko dituzten horiei, hain justu; eta arbitraje lan bat egingo dugu horretarako, benetan hori ziurtatzeko. Gero, abenduaren 3an, Euskararen Eguna izango dela baliatuz, domeinua eskatu ahal izango du edonork.
Aurkezten duen gunea euskarazkoa edo euskal kulturaren ingurukoa bada betiere...
Bai, baina horrek ez du esan nahi webgune horiek euskarari buruzkoak izan behar dutenik. Izan daiteke, esan dudan gisara, ile apaindegi bati buruzkoa; baina, hori bai, edukiaren zati bat, behintzat, eduki behar du euskaraz. Edo erdaraz bada, euskal kulturari buruz jardun. Eta horren zaintza guk egingo dugu.
Eta nolakoa uste duzue izango dela .eus unibertsoa hainbat hilabeteren bueltan?
Uste dugu .eus domeinua euskal gizartearen irudi birtuala izango dela: guztiona. Euskal Herriak Interneten duen presentzia .eus-en txapelean babestea nahi dugu, eta euskal gizarteak hor bere burua ikustea. Guztiok ikusi behar dugu geure burua: euskaldun sentitzen den edonork. Eta, euskal gizarteaz ari garenean, guztioz ari gara, euskararekin zerikusia duen edonori buruz; diaspora dela, euskarazko ikastaroak egiten dituzten atzerriko unibertsitateak direla... Dena delakoa.
Bartzelonan zabiltzate egunotan, .cat-en esperientziari so. Zer ikas daiteke handik? Eta beste herrialdeetatik?
Zazpi urteko esperientzia dauka ja .cat-ek, eta ezagutu eta ikasi beharreko esperientzia bat da, eta hori da gure helburua, haiekin egon eta ikastea. Harremanetan gaude .gal-ekin ere, .scot-ekin ere bai, eta beste hainbat ere ari dira zabaltzen. Gure asmoa sare horretan lan egitea da, eta elkarlana zabaltzea; baina oraindik abiatze prozesuan gaude gu, eta .eus martxan jartzea da orain helburua. Behin motorra erabat martxan jarrita dugunean hasiko gara beste urratsak egiten.
Helburuetan zehazteko moduko kopururik bai?
Helburu bat daukagu: datozen hilabeteetan 4.000-5.000 domeinu erregistratzea, 2015erako kopuru hori izatea. Gehienak abendura bitartean egitea espero dugu: hori lortzea da erronka, ikustea gizarteak benetan erantzuten diola eginiko proposamenari.
5.000 nahi dituzue. Nolakoak?
Batez ere, pluralak. Ez dugu nahi euskara eta euskal kulturaren inguruan ari diren enpresa, erakunde edo norbanakoenak soilik izatea; iritsi nahi dugu euskal gizartea ordezkatzen duen guztira. Batez ere, komunikazio lana egingo dugu orain.
Josu Waliño. PuntuEus-eko zuzendaria
«'.eus' domeinuak euskal gizartearen irudi birtuala izan behar du: guztiona»
Ekainean jakin zen '.eus' domeinua onartu zutela; zabaltzea dute orain xede. Hautatu berri, egitasmoaren zuzendariak hor jarri nahi du indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu