Euskara «zainetan» duen erakunde bat da Puntueus fundazioa. Hona hemen webgunean nola aurkezten duten: «Herri, pertsona eta kultura baten isla gara, eta gure hizkuntzak esparru digitalean merezi duen lekua izan dezan pasioz lan egiten dugu». Informatikari gisara, EHUko Informatika Fakultatean irakasle eta ikertzaile lanetan, eta UEU Udako Euskal Unibertsitatean izan dituen jardunbideetan, euskararen aldeko jarrera taupaka ibili du beti Olatz Arbelaitzek ere (Errenteria, Gipuzkoa, 1970). Puntueuseko lehendakari gisara hauspotu ahal izango du orain ametsa. Izan ere, lehengo hilean jakin zen berak ordezkatuko duela Iñaki Goirizelaia ardura postu horretan. Aurrera egite aldera, ezinbestekoa da kontzientziak pizten jarraitzea euskarak esparru digitalean behar duen tokiaren gainean, haren ustez: erdara hutsean dauden esparruen gainean ohartarazteko, eta aldaketak eskatzeko. «Leihatiletan edo tabernetan errazago konturatzen gara, nahiz eta pantailen aurrean denbora gehiago pasatzen dugun gaur egun».
Puntueus fundazioko lehendakaria zara. Nola dago egun erakundea?
Puntueus fundazioa sendo dago, bai egituran, bai estrategian. Hamar urte hauetan hazkunde jarraitua izan dugu .eus domeinuaren erabileran, eta gero eta presentzia handiagoa dugu sektore guztietan. Baditu 15.500 domeinu, eta askotarikoa da; horietako %41 enpresak dira. Domeinuaren sustapenean ez ezik, lan handia egiten da euskal transformazio digitala euskaratik, segurtasuna bermatuz eta inklusioa sustatuz gauzatu dadin. Horrela, alde batetik, tresna aurreratuak eskaintzen dizkiegu erakundeei, enpresei eta norbanakoei. Bestetik, emakumeek mundu digitalean egiten duten ekarpena ikusarazten da Gladys sariaren gisako ekinbideekin. Gazteengana iristeko bideak ere badira, Kaixomundua lehiaketaren tankerakoak; hor gazteek webguneak diseinatzen dituzte.
Zein dira hor hazten jarraitzeko estrategiak? Zer arlotan eragiten ari da fundazioa?
Batetik, balioa eta zerbitzu ona ematea, enpresa munduan-eta aukerarik onenak izateko. Hor, zibesegurtasuna, arreta zerbitzua eta nazioarteko posizionamendua dira baliorik onenak. Komunitatea eraberritze aldera, gazteengana iristeko bideak ere badira. Batzuentzat Puntueus euskara izan liteke, beste batzuentzat teknologia... Guztiak elkarrekin egoteko da Puntueus.
Sinergia badago beste hainbat egitasmorekin?
Ahaleginak badira euskarak Interneten presentzia izateko: Elhuyar, Ixa taldea, Hitz zentroa, eta antzeko ikerketa eta garapen zentroak. Lan handia egiten dute. Azkenean, gu garen txikiak izateko, Interneten dugun presentzia oso handia da.
Hizkuntza politikak zuzentzen dituztenen partetik esperantza handia jartzen da usu teknologia berrietan. Hor dago hizkuntzaren biziberritzearen gakoa?
Hizkuntza batek iraungo badu, Interneten ere egon behar du. Zorionez edo zoritxarrez, gaur egun komunikatzeko bidea askotan teknologiaren bidez dator, eta, orduan, teknologiatik desagertzea izugarrizko galera litzateke hizkuntzarentzat, eta etorkizun txarra.
«Euskararen erabilera sei aldiz handiagoa da '.eus' domeinudun webguneetan besteetan baino»
Aipatu duzu enpresak direla .eus domeinuak dituzten gehienak. Justu eremu horretan urria izaten da euskararen presentzia. Horregatik ere bada garrantzitsua Puntueus, ezta? Eremu horretan aurrerabideak egiten jarraitzeko.
Bai, oso garrantzitsua da, eta .eus domeinuak balio erantsia ematen die enpresei, konfiantza sortzeko tresna baita. Eta euskararen erabilera sei aldiz handiagoa da .eus domeinudun webguneetan besteetan baino. Gainera, euskarazko digitalizazioan eragiteko egitasmo bat daukagu Elgoibarren [Gipuzkoa]: herriko gazteak ari dira merkatarien webguneak garatzen. Asmoa, laster, beste zenbait herritara zabaltzea da.
Webgune ahalik eta gehienetan euskararen presentzia bermatzea lortu nahi duzue halako egitasmoekin. Non hazi behar den ikusten joateko aski da .eus domeinuaren banaketaren gaineko datuei erreparatzea, ezta? Ahulezia batzuk agerikoak dira banaketa horretan.
Bai, egungo banaketa oso bat dator gure egoera soziolinguistikoarekin; Gipuzkoan Bizkaian baino domeinu gehiago daude, eta pentsa zer aldea dagoen bi herrialdeen artean: Gipuzkoan %40 daude; Bizkaian, %34. Badago non lan egin, eta erronketako bat bada hazten jarraitzea. Euskal Herritik kanpo ere oso kontuan hartzen da, ia %10 kanpoko bezeroak dira.
Elkarrizketaren hasieran aipatu duzun askotarikotasuna da hazten jarraitzeko gakoetako bat?
Bai, aniztasuna eta zerbitzu ona izan daitezke aurkezpen txartel onak.