Muturreko indarrei aurre egiteko botoa galdegin dute alderdi nagusiek

EH Bilduk uste du posible dela «herrien eta langileen Europa» eraikitzea. EAJk dio proposamenak dituen alderdi bakarra dela, eta «eskuin nahiz ezker muturraren» aurkako botoa eskatu du.

Arnaldo Otegi, Iñigo Hernando eta Iurre Bideguren, gaur, Galdakaon (Bizkaia). EH BILDU
Arnaldo Otegi, Iñigo Hernando eta Iurre Bideguren, gaur, Galdakaon (Bizkaia). EH BILDU
aitor biain
2024ko maiatzaren 27a
16:30
Entzun

Ekainaren 9ko Europako hauteskundeetarako kanpainak laugarren eguna izan du gaur, eta alderdi nagusiek eskuin —«nahiz ezker»—muturreko indar politikoak gerarazteko botoa eskatu dute, iritzita bestelako Europa bat posible dela. Goizean egindako ekitaldietan, aldiz, hizkuntza eta kultur politikei, buruko osasunari edo lehen sektoreari buruzko proposamenak izan dituzte hautagaiek ahotan.

EAJ: muturreko indarren aukera bakarra

EAJ
Ortuzar, Agirregoitia eta Bilbao, gaur, Zornotzan (Bizkaia). EAJ

EAJk Gasteizen, Donostian eta Zornotzan (Bizkaia) egin ditu ekitaldiak gaur, eta muturreko indarren aurkako arbuio «argia» egin du. Zornotzako ekitaldian izan dira Oihane Agirregoitia EAJren zerrendaburua, Izaskun Bilbao eurodiputatua eta Andoni Ortuzar EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea. Ortuzarrek adierazi du ekainaren 9ko bozak «funtsezkoak» direla Europako Batasunarentzat, baina salatu du alderdiek beste gai batzuei buruz hitz egiteko ari direla baliatzen hauteskunde kanpaina. Buruzagi jeltzaleak PPri eta PSOEri egotzi die Espainiari eta nazioarteari begira jardutea, eta proposamenik ez egitea.

EH Bilduri ere leporatu dio duela gutxira arte EB kritikatu egiten zuela orain europazalea dela esaten badu ere: «Errusiazaleak ziren, beste ezer baino gehiago». Horregatik, «eskuin eta ezker muturraren aurkako jarrera irmoa» aldarrikatu du Ortuzarrek. «Guk argi utzi dugu ez diogula utziko ezein ultrari ardurarik hartzen Europan, eta ez diogula eskuin muturrarekin akordioak dituen inori babesik emango. Ultrek aurrean izango gaituzte».

 Agirregoitiak, berriz, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun politikak izan zituen hizpide. Ohartarazi zuen arrakala agerikoa dela hala soldatetan, nola pentsioetan, eta «desoreka» horri aurre egiteko politikak eskatu zituen. Bada, adierazi zuen EBko kide guztiek Erromako Ituna bete dezatela eskatuko duela. Goizean, gizarte politiken aldeko aldarria egin zuen. Bereziki, azpimarra egin zuen buruko osasunari lotutako estrategian, eta adierazi zuen alor horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa «aitzindariak» direla Europan, eta erreferente direla batasuneko gainerako herrialdeentzat.

Agirregoitiak Donostiako Zubi Etxe zentroa bisitatu zuen goizean, eta esan zuen hura bezalako egoitzei bide ematen dieten politikak «eredu» direla Europako Batasuneko gainerako herrialdeentzat: «Esperientzien emaitzak arrakastatsuak izan dira. Eta hori dela eta, Europar Batasunak Zaintza HerriLab gomendatzen du estatu kideen politika publikoen diseinuetarako».

EH Bildu: faxismoaren aurkako botoa 

Arnaldo Otegi, Iñigo Hernando eta Iurre Bideguren, gaur, Galdakaon (Bizkaia). EH BILDU
Arnaldo Otegi, Iñigo Hernando eta Iurre Bideguren, gaur, Galdakaon (Bizkaia). EH BILDU

EH Bilduk ere boto antifaxista eskatu du Donostian, Iruñean eta Galdakaon (Bizkaia) egindako ekitaldietan. Azken horretan izan da Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Iurre Bideguren zerrendakidearekin batera, eta adierazi du ziur dela euskal herritarrek «abertzale, subiranista eta antifaxista» bozkatuko dutela ekainaren 9an: «Euskal nazio zaharrak berriz ere garaituko ditu eskuin muturrak». Izan ere, Otegik ohartarazi du EB eskuin muturrari lerratu dela, eta ez duela «ez proiektu estrategikorik, ez politikorik, ez eta ekonomikorik ere». Buruzagi subiranistaren ustetan, ordea, posible da ezker subiranistatik «bestelako Europa bat» eraikitzea: bakea, burujabetza eta antifaxismoa aldarrikatuko dituen «herrien eta langileen Europa», hain justu ere. Gainera, ziurtatu du EH Bilduren botoak «balio erantsia» duela, Euskal Herri osoa ordezkatzen duelako.

Bidegurenek nabarmendu du Euskal Herriko bake prozesua Europako erakundeen «konpromisoarekin eta lankidetzarekin indartzen» jarraitu behar dela. «Hala ere, bakea ere bada, esaterako, Irungo edo Behobiako mugetako kontrol arrazistak geraraztea, eta bakea ere bada Euskal Herria harrera herria izatea», ohartarazi du. Goizean, berriz, euskara Europako hizkuntza ofiziala izan dadila eskatu du. Izan ere, Alex Aginagalde EH Bilduren hautagaiak adierazi duenez, hizkuntza gutxituek babes egitura handiagoak behar dituzte iraun dezaten bermatu ahal izateko: «Hori horrela izateko bermea izango da EH Bildu».

Europako Batasuneko erakundeetan euskara hizkuntza ofiziala izan dadin lan egingo dutela hitzeman du Aginagaldek, Donostian egindako ekitaldian; izan ere, iritzi dio horri esker beste hizkuntza guztiek dituzten aukerak izango lituzketela euskarak eta euskal kulturak, dela diru laguntzetan, dela kultur sustapenean. «Euskara europar hizkuntza bat baita, eta euskaldunok ez baitugu beste hizkuntza batzuk hitz egiten dituzten herritarrek baino eskubide gutxiago merezi».

PSOE: lehen sektoreari laguntzeko prest

Idoia Mendia Errenteriako azokan. Europako kanpaina

Lehen sektorearen alde lan egiten jarraitzeko prest azaldu da Alderdi Sozialista. Errenterian (Gipuzkoa) eta Erandion (Bizkaia) egindako ekitaldietan, Idoia Mendia zerrendako bosgarrenak gogorarazi du sozialistei esker Hego Euskal Herriko nekazariek «inoiz baino diru gehiago» jaso zutela aurreko legealdian Europako laguntzetan. Bada, eredu hori indartzen jarraituko duela hitzeman du: «Datorren legegintzaldian, PSOEk Nekazaritza Politika Bateratu indartsu bat defendatzen jarraituko du». Horrez gain, erantsi du gazteak lehen sektorera hurbiltzeko eta burokrazia arintzeko neurriak hartuko dituztela. Edonola ere, horretarako berme bakarra Alderdi Sozialista dela hitzeman du, baita eskuin muturrari aurre egiteko ere. 

Elena Sancho hautagaia ere elikagaien sektoreko Erriberako enpresariekin bildu da goizean, eta sozialistek lehen sektorearekin duten konpromisoa berretsi die. Sanchok adierazi du Nafarroarentzat estrategikoak direla nekazaritza eta basogintza, eta gogorarazi du sozialisten babesik gabe sektoreak ez lituzkeela jasoko 16 milioi euro ESEPE bidezko diru laguntzetan.

PP: bertako produktuak babesteko eskea

Alderdi Popularrak ere lehen sektorea izan du ahotan, Kuartangon egin duten ekitaldian (Araba). Eta, hain justu ere, alor horretan lan egiten dutenei «aurreiritziak alde batera uzteko» eta datorren ekainaren 9ko hauteskundeetan Alderdi Popularrari botoa emateko eskatu die Javier de Andres EAEko PPko presidenteak. Adierazi du hura dela nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza «benetan babesten dituena». «Beti izan da, eta hala izaten jarraituko du», azpimarratu du. Halaber, Europako Batasunean ekoizten diren produktuak babesteko eskea ere egin du De Andresek; horretarako, EBz kanpoko produktuei bertakoei exijitzen zaizkien baldintza berberak eskatzea galdegin du, «lehia desleialik» ez sortzeko.

SUMAR: Espainiako Gobernuaren «bihotz aurrerakoia»

Sumarren ekitaldia, Bilbon. Europako bozak. kanpaina

Sumarrek uste du Europaren etorkizuna eta Espainiako Gobernuarena arriskuan daudela, posible ikusten baitu PPk eta PSOEk Europan duten koalizio ituna Espainian ere egitea. Andeka Larrea zerrendakideak «kontraesanak» ikusten baititu sozialistengan: «Elkarrekin bozkatu dituzte asilo ituna eta murrizketa garaira itzultzen gaituzten arau fiskalak». Larreak adierazi du Sumarri botoa ematea dela horri aurre egiteko modurik onena, hura baita Espainiako Gobernuaren «bihotz aurrerakoia».

Alba Garciak, berriz, beharrezkotzat jo du abortu publikoa eta doakoa bermatzea. Horretarako, Oinarrizko Eskubideen Europako Batasuneko Gutunean sartu eta Espainiako Konstituzioan blindatzea eskatu du, «sexu eta ugalketa eskubideak babesteko, indar politiko erreakzionarioen eta eskuin muturrekoen mehatxuaren aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.