Europako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera

«Europan haztea» izango da EAJren xedea

Euskal Herria «nazio gisa» aitortua izatea eta Europan erabakitzeko gaitasuna izatea defendatu du Bilbaok

Erredakzioa
Donostia
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kanpainaurrean ekitaldi ugari egin eta gero, dena prest dauka EAJk Izaskun Bilbaok berriz lor dezan Europako Parlamentuan egun duen eserlekua. Azken asteetan hainbat herritan izan da hautagai jeltzalea, alderdiko buruzagiekin batera. Eta atzo, kanpainari hasiera emateko, Jean Telletxea Ipar Euskal Herriko zerrendaburuarekin izan zen Hondarribian (Gipuzkoa). Haiekin batera ekitaldian parte hartu zuten Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Estaturik gabeko nazioak aintzat hartuko dituen eta haien hitza entzun eta erabakitzeko gaitasuna aitortuko dien Europa «berri» bat aldarrikatu zuten jeltzaleek. Iluntzean, Hondarribiko kai zaharrean eginiko ekitaldi batekin eman zioten hasiera kanpainari, eta, gauerdiarekin batera, jarri zituzten lehen kartelak.

Aurretik, baina, ekitaldi sinboliko baten bidez irudikatu nahi izan zuten mugaren bi aldeetara hedatzen dela «euskal nazioa» eta batean eta bestean egingo dutela kanpaina. Hala, Bilbaok eta Ortuzarrek itsasontzi batean Hondarribitik Hendaiara arteko bidea egin zuten, Telletxea hautagaia hartzeko. Edonola ere, soilik Hegoaldeko hautagaiak dauka aukera Bruselan eserlekua lortzeko. Espainiako CIS zentroak atzo kaleratutako inkesta batek ziurtzat ematen du hori. CIUrekin, Compromiso por Galicia eta Coalicion Canariarekin osatutako koalizioak hiru eserleku lortuko lituzke maiatzaren 25ean.

Ekonomia eta kultura

Kanpainako lehen ekitaldian, hautagai eta buruzagi jeltzaleek azpimarratu zuten EAJ dela euskal herritarren interesak Europan defendatuko dituen alderdi «bakarra». Bereziki, euren eredu sozial eta ekonomikoa defendatu zuten etaEuskal Herriko instituzioetan eginiko lana nabarmendu. «Horregatik gara ezagunak Europan», adierazi zuen Bilbaok. «Euskal ereduaren oinarriak giza garapena eta hazkunde iraunkorra dira. Euskadi hori nahi dugu eta ari gara eraikitzen. Gure etorkizuna Europan haztea da», gaineratu zuen Urkulluk.

Ortuzarrek ere alderatu zituen EAJren eredua eta besteenak,PSOE eta PPrenak bereziki. Hala,hauteskunde hauetan «bi botopaper» baino ez daudela adierazi zuen: «Euskadiren alde begiratzen duena: EAJrena. Eta Ebrotik behera begiratzen duena: PP eta PSOErena». Eta adierazi zuen jeltzaleen alde egiteak «Europa gehiago» ekarriko duela. «Euskadi beti izan da Europa. Eta Rajoy edo Rubalcabari gustatu ala ez gustatu, beti izango gara Europa», azpimarratu zuen.

Hondarribikoa ez zen izan, baina, EAJk atzo eginiko ekitaldi bakarra. Goizean, Urduñan (Bizkaia) izan zen Izaskun Bilbao, eta han euskal kulturaren eta euskararen alde Europako Parlamentuan eginiko lana azpimarratu zuen. Adierazi zuen hark egindako hainbat proposamen direla eta, parlamentuak aintzat hartu duela Europako «kultur eta hizkuntza aniztasuna». Bilbaok gogoratu duenez, amaitu den legegintzaldian EAJk lortu egin du «gehiengo handi batez» txosten bat onartzea alor horretan Espainiako gobernu ezberdinen jarrera salatzen duena. «Euskararen irakaskuntzaren inguruan PPk eta PSOEkdefendatzen duten jarrera lotsagarri uztea lortu dugu», esan zuen Bilbaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.