Kubako bandera eta Die Linke alderdi alemaniararraren protesta posterrak daude paretan itsatsirik: Blockupy Frankfurt dio posterrean. Europako Batasuneko bandera bat ere badago izkina batean. Donostiako Aralarren egoitzak itxuraldaketa jasango zuen Inaki Irazabalbeitia (Donostia, 1957) europarlamentari denetik. Hilean bi aste Bruselan ematen ditu; zazpi egun, Estrasburgon. Tolosako Udaleko zinegotzi ere bada, eta, bateragarriak ez ote diren iradokita, baietz dio: «Beste batzuek egiten dute, eta ni ez naiz horiek baino gutxiago».
Duela gutxi hartu duzu kargua , baina zer balorazio egingo zenuke, Herrien Europa-Berdeak koalizioan orain arte egon diren ordezkari Oriol Junqueras eta Ana Mirandaren lanari buruz buruz?
Balorazioa ona da. Elkarlanerako izpiritu oso ona egon da. Orain arte Aralarren ekinbideak bultzatu izan dituzte bi ordezkariek Bruselan, eta nik ere bideratuko ditut BNG, ERC, Chunta eta Berdeen Konfederazioarenak ere. Talde baten moduan egiten dugu lan.
Koalizioa plurala izanik, nola ezartzen dituzue lehentasunak? Eta zeintzuk dira?
Alderdi bakoitzak bere lehentasun propioak ditu. ERCren lehentasuna Kataluniako subiranotasun prozesuaren inguruan aritzea izan da. BNG, berriz, arrantza eta horrelako kontuetan ibili da, Galiziari asko eragiten diotelako. Guk hori errespetatu egiten dugu. Ni bizpahiru gai ari naiz jorratzen orain, Aralarrek ezarri dituenak. Nagusia da Euskal Herriko bakegintzaren aldeko lanarekin jarraitzea Europan, garbi ikusten dugulako momentu hauetan dugun geldialdia bi irtenbide daudela: batetik, aldebakartasunez, euskal eragileek aurrerapausoak ematen jarraitzea, eta, bestetik, Europak presio egitea Espainiako Gobernuaren gainean, pauso batzuk eman ditzan gatazka konpontzeko bidean.
Nola doa Basque Frienship taldea?
Aliatu inportanteak dauzkagu Europan gatazka bideratzeko, eta aliatu horiek kokatzen dira Basque Friendship taldearen inguruan. Talde parlamentario guztietako kideak daude hor, baina motorra gu gara: Berdeak-ALE taldean Flandria, Korsika, eta Eskoziako ordezkariak daude, besteak beste. Euskal parlamentariok ezin gara Basque Friendship horretan egon, eta horregatik ez dago Izaskun Bilbao [EAJ], eta ez nago ni. Elementu inportantea da Europan jarrera positiboak bideratzeko.
Europako Parlamentuan galderak egin eta erantzuna jasotzen duzue, baina ba al dago eraginkortasunik, konpontzen al dira arazoak?
Europako Parlamentua ez da lehen mailako parlamentu bat, ez baitu ahalmen legegilerik. Gipuzkoako parlamentuak, adibidez, badu ahalmen hori. Bruselako parlamentuak egiten dituen adierazpenak, adierazpen baino ez dira. Ez dira mozioak, ez daukate lege eraginik, baina eragina izan dezakete Batasunaren jardueren inguruan. Kontseiluak nekez justifika dezake Parlamentuak onartzen ez duen politika bat aplikatzea. Baina, noski, galdera horietatik informazioa lortzen da,eta informazio hori erabil liteke beste galdera batzuk egiteko.
Gizartean zabalduta dago Europako Parlamentuak eta antzeko organoek ezer gutxirako balio dutela, ez dutela eraginkortasunik. Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzea ez da erdira ere iristen...
Hor bi arazo ezberdin daude. Europar Batasuneko egiturak ez dira guztiz demokratikoak, ez guztiz gardenak, eta ez daude herritarrengandik gertu. Herritarrok parlamentuko kideak aukeratzeko aukera baino ez daukagu, eta parlamentu horrek ez du aukeratzen Europako Batzordea. Estatuek erabakitzen dute zein izango den Durao Barroso. Guretzat ezinbestekoa da Europako Parlamentua benetako parlamentu bat izatea. Botere legegilea duena, zentsura mozioak egin ditzakeena, eta abar. Herritarrek Batasuneko erabaki guneetan pisua izan beharko lukete. Hor dago arazoa, eta horretara joan behar dugu, bestela Batasuna desegin egingo da, lehenago edo beranduago, zeren ezin du bakarrik interes ekonomiko batzuen baitan jardun.
Herritarren erreakziorik espero al duzu?
Herritarrak ez dira kontziente izan Europan hartzen diren erabakiek zer pisu daukaten beraien eguneroko bizitzan. Momentu honetan, krisi ekonomikoa astintzen ari delarik, nik uste dut herritarrak konturatzen ari direla erabaki inportanteak Europan hartzen direla. Rajoyk letra txikia jartzen du, baina berak ez du erabakitzen. Politika nagusiak troikak ezartzen ditu, Europako Batzordetik datoz. BEZa igo behar dela, lan merkatua erreformatu etab. Espero dut, hori dela eta, datorren urteko hauteskundeetan erreakzio bat egotea eta jende gehiagok parte hartzea, botoa kontzienteki emanez.
Zenbateraino izan daitezke erabakigarriak Europako Parlamenturako hauteskundeak?
Guk, Europako herritarrok, orain Europan aplikatzen ari diren austeritate politiken aurka, daukagun esperantza bakarra Europako Parlamenturako datorren urteko hauteskundeak dira. Giltzarri dira guretzat horiek, zeren Europako estatu gehienetan eskuineko agintariak daude eta batzordeak aplikatuko dituen politikak eskuinak aplikatzen dituenak dira. Lortuko bagenu datorren urtean Europako Parlamentua ezkerrekoa izatea, izango genuke tresna bat Europako austeritate politiken kontra borrokatzeko.
Zer-nolako tokia dute hor estaturik gabeko herrietako ordezkariek?
Datozen hauteskundeak, era berean, oso garrantzitsuak izan daitezke Herrialde Katalanen, Flandriaren, Hego Tirolen, Eskoziaren eta Euskal Herriaren aspirazio subiranistentzat. Ezkerreko alderdiek gehiengoa lortuko balute, eta estatu gabeko herrien aspirazio subiranistak begi txarrez ikusiko ez balituzte, aurrerapauso handiak eman ahal izango dira.
Troika aipatu duzu, baina, azken finean, ez al ditu Europako Parlamentuak berak politika ekonomiko neoliberal horiek begi onez ikusten?
Bai, gehiengoa popularrena da, eta horrek laguntzen du, neurri batean austeritate politika horiek aurrera ateratzen. Popularren ordez, baina, gehiengo progresista bat lortzen bada, horrek buelta eman dezake.
Indar neoliberalei aurre egiteko, ezkerreko alderdi guztiak batzea erabaki zuten Grezian (Syriza) eta Alemanian (Die Linke). Horrelakorik pentsatu duzue zuek Europarako?
Ez, hemen IUk [Espainiako] Estatuaren ikuspegi propioa du, eta guk ez dugu hori konpartitzen. Katalunian ere CUPek ez du nahi ERCrekin batu inola ere. Ezberdina da.
Eta Euskal Herrian, ezker abertzalea osorik batuko da Herrien Europa koaliziora?
Aralarren apustua da subjektua EH Bildu izatea. Autodeterminazio eskubidea eta austeritate politiken aurka dauden alderdiak bildu nahiko genituzke: aurrekoan gurekin aliatu ziren sozio galiziarrak, aragoiarrak, valentziarrak, mallorkarrak, andaluziarrak, eta bi ideia horien baitan bil daitezkeen gainerako indarrak. Bai ikuspegi abertzaletik eta bai ezkerreko ikuspegitik. Eta hor aukera gehienak berdeekin egon daitezke.
Sortu batuko zaizue, orduan?
Guk subjektu politikoa EH Bildu ikusten dugu, eta uste dut Sortuk ere hala ikusten duela, baina hori beraiei galdetu beharko diezu.
Euskal Herriak izango al du Europaren laguntza konponbide bat lortzeko?
Izan beharko luke, baina nik nekez ikusten dut Europak pausorik ematea, datorren urteko hauteskundeak baino lehen.
Euskal Herria da, beraz, protagonista bakarra, gaur egun...
Orain, Euskal Herriak alde bakartasunez aurrera jarraitu behar du. Euskal gizarteak aurrera jarraitu behar du, ahalik eta indar politiko gehienen indarrarekin.
Europa alde batera utzita, nola ikusten duzu herri honen etorkizuna?
Iruditzen zait badagoela aurrera egiteko jarrera Aieteko Adierazpena balekotzat eta abiapuntutzat jotzen dugun indarren artean; alde bakartasun hori bultzatzeko jarrera, besteei begira egon beharrean. Ondoren, Aiete hain egoki ikusten ez dutenen jarrera dago, EAJrena litzateke hori, non beste bide batzuk jorratzen ari den. Nire iritziz, hobe lukete Aieteko bidea jorratzen jarraitzea, bainaEAJ libre da. Eta, gero, hor dago PSE-EE eta PPren jarrera eszeptikoa.
Gaiaz aldatuz, Rajoyk deklaratzen dituen 78.185 euroak baino gehiago kobratzen duzue eurodiputatuek: 84.000 euro gordin...
Mariano Rajoy jaunak ez dauka gasturik, eta guk bai. Berak palazioa dauka lo egiteko, eta ez du ezer ordaindu beharrik. Dena geure diruarekin ordaintzen diogu. Nire soldata zortzi mila euro gordin da hilean. Horretaz aparte, egia da, ordainduta ditugula Bruselarako joan-etorriak, dietak, hotela, eta abar.
Orduan, ez duzue esaten duzuen bezalako gasturik; dena ordaintzen badizuete...
Gastua handia da. Dietekin batzuetan ez zaizu iristen. Estrasburgoko hotelen prezioa beldurtzekoa da, eta gu hoteletan bizi gara. Jendeak pentsatzen du sekulako dirutza ibiltzen dela hor, eta bai, ibiltzen da, baina kontuan hartu behar da zeintzuk diren lan-baldintzak, non bizi garen eta zer kostu duen bizitzeak. Bruselan, hotelak eguneko 250 euro balio dezake, urteko egunaren arabera. Ez da broma.
Soldataz gain, izango duzue bestelako gastuetarako dirurik, ezta?
Dietez aparte, bulegoko gastuentzat ere dirua jasotzen dugu. Eta hortik jasotzen dugun dirua gehiegi izan liteke, nire ikuspegitik. Europarlamentario bakoitzak 21.000 euro ditu hilean, pertsonala kontratatzeko. Nik laguntzaile bat dut Europako Parlamenturako, Aralarrek izendatuta, eta gainontzeko dira ERCren eta BNGren artean banatzen da beraien gastuak ordaintzeko. Hori gehixeago kontrolatu beharko litzateke, agian.
Beste Europa bat posible da?
Posible da herritarrek nahi badute. Herritarrek aukeratzen dituzten ordezkarien arabera, beste moduko politika bat egingo da, ala ez. Herritarren borondatearen menpe dago.
Inaki Irazabalbeitia. Aralarreko europarlamentaria
«Europan aliatu inportanteak dauzkagu gatazka bideratzeko»
Uztailaren 11tik da europarlamentari Irazabalbeitia, (Herrien Europa). 2014ko maiatzeko bozekin batera utziko du kargua. Bitartean, euskal gatazka konpontzeko babes bila dabil.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu