Libération egunkariak jakinarazi duenez, eurodiputatu zen garaian bere ilobarentzat enplegu faltsu bat sortu izana leporatzen diote Michele Alliot-Marieri. Frantziako egunkariaren arabera, 2016an abiatu zuen ikerketa OLAF Iruzurraren Aurka Borrokatzeko Europako Bulegoak, Batasun Nazionalean enplegu faltsuak sortzeko sistema bat aurkitu ostean.
2021ean bukatu zuen ikerketa OLAFek, eta aurtengo urtarrilean helarazi zion txostena Europako Parlamentuari. Libération-en arabera, Europako Parlamentuak 600.000 euro itzultzeko eskatu dio Alliot-Marieri, baina ez du oraindik horren jakinarazpen ofizialik jaso. Libération-en egindako adierazpenetan, enplegu faltsua izan zela ukatu du Alliot-Marieren ilobak.
Politikari ezaguna da Alliot-Marie Euskal Herrian, Lapurdiko hautetsi nagusietako bat izan baita urteetan. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) auzapez izateaz gain, ministro kargu bat baino gehiago bete izan ditu Frantziako gobernuetan, eta, gaur egun, pisuzko politikaria izan da Frantziako eskuin kontserbadoreko alderdi batean, Errepublikanoak izenekoan.