Euskal Herrian atzeman dute Europako marihuana plantaziorik handiena. Hala jakinarazi du gaur Foruzaingoak: Nafarroan zegoen, Erriberri eta Artaxoa artean, eta 415.000 landare eta 87.500 kilo kukulu topatu dituzte han. Poliziaren arabera, droga trafikora bideratzen zuten han ekoiztutako kalamua.
Operación conjunta con @guardiacivil: desmantelamos la mayor plantación de cáñamo industrial de Europa destinada al tráfico de drogas. 415.000 plantas, 87.500kg cogollos. Compañero fuera de servicio descubrió uno de los cultivos y comenzó la investigación #BuenTrabajo#cannabispic.twitter.com/BW2U1hcqF8
— Policía Foral - Foruzaingoa (@policiaforal_na) April 13, 2022
Oraingoz, hiru lagun atxilotu dituzte Nafarroan, eta beste bi ikertzen ari dira Bizkaian.
Operazioa Guardia Zibilarekin batera egin du Foruzaingoak. Azaldu dutenez, plantazioa lanean ez zegoen agente batek aurkitu zuen iaz, eta orduan hasi zuten ikerketa. Xehetasun gehiago ere eman ditu Poliziak: marihuana 30 milioi euroren trukean saldu nahi zuten ekoizleek, eta Suitzan eta Italian prozesatu. Han kanabidiola (CBDa) eta beste produktu batzuk ekoizteko erabiliko zuten, eta hala 100 milioi euroren balioa zuten produktuak eskuratu. Foruzaingoak suntsitu egin du kalamua.
415.000 landare
Lursailak 67 hektarea zituen. Ekoizleek legezko plantazio baten itxura eman zioten, esanez erabilera industrialerako marihuana zela, baina ikerketak aurkakoa erakutsi du. Artaxoan industria nabe bat zuten prestatuta, landareak lehortzeko beharrezkoak ziren aireztapen eta tenperatura sistemekin.
Ikertzen ari zela, Foruzaingoak jakin zuen ekoizleek bidalketa bat egingo zutela Italiara, eta bideari ekin bezain pronto atzeman zuen kamioia. Barruan 23.000 landare aurkitu zituzten, jada lehortuak. Industria pabiloian, berriz, lehortzen ari ziren beste 13.000 landare topatu zituzten; 50.740 kilo denera. Eta, azkenik, oraindik jaso gabe zeuden kalamu landareak moztu eta suntsitu zituen Poliziak, beste 375.000 landare inguru.
Zer da CBDa?
Marihuanaren erabilera klasikoa erretzekoa da, aski ezaguna Euskal Herrian. Azken urteetan, ordea, nabarmen handitu da kanabidiolaren edo CBDaren eskaera. Kanabidiola kalamuaren deribatuetako bat da, eta tetrahidrokanabinola (THC) ez bezala, ez da psikoaktiboa eta aplikazio medikoetarako irismen zabalagoa duela uste da. Nekea, mina eta estresa arintzeko balio du; lasaigarria da gehienetan, eta minarekin lotutako nerbio seinaleen transmisioa inhibitzen du.
Euskal Herrian ere baditu zaleak produktu horrek. Izan ere, 2018an WADAk legezkotzat jo zuenetik, gero eta gehiago erabiltzen da kirolean. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), ez du eraginik, ez da osasunarentzat kaltegarria, eta ez du menpekotasunik sortzen. Espainiako legediak, ordea, debekatu egiten du CBDa ekoiztea.