Hego Euskal Herrian epaiketak eta prozedura judizial guziak euskaraz egin ahal izateko neurriak eskatu dizkio Europako Kontseiluak Espainiako Estatuari. Horrez gain, beharrezkotzat jo du Nafarroako zonifikazioa bukatzea ere. Estatuko administrazioek autonomia erkidegoetan dituzten zerbitzuak euskaraz ematea, eta osasungintzan eta hezkuntza aurrerapausoak ematea ere gomendatu du. Bost urte guztiz balorazioa egiten du Europako Kontseiluak, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzeko.
Euskalgintzaren Kontseilua eta Hizkuntza Eskubideen Behatokia «pozik» agertu dira Europatik egin diren ohartarazpenak eta gomendioak aurrekoetan baino «irmoagoak» izan direla ikusita. «Horiek bete eta aplikatzeko neurriak egunerokoan praktikan jarri behar dituzte administrazioek: euskararen ofizialtasuna lurralde osoan aldarrikatzea, hizkuntza eskubideak bermatzeko araudiak garatzea, zein administrazio guztietan behingoz euskararen normalizazio eta berdintasuna ezartzea», adierazi dute ohar batean. Izan ere, Europako Kontseiluak eman dituen Eurogutunaren aplikazioari buruzko gomendioez harago ere asko dago egiteke, bi erakundeen hitzetan.
2023an bidali zuen txostena Espainiako Gobernuak 2017-2021 epealdian hartu zituen neurrien berri emateko, eta urte bereko irailean helarazi zuten kontra egiteko txostena Kontseiluak eta Behatokiak, Espainiak aipatzen zituen elementu batzuk gezurtatu, eta beste arlo batzuetan estatuko administrazioek egiten dituzten ez-betetzeak ere agerian uzteko. Horren ondotik, hainbat gomendio helarazi dizkio Europak Espainiako Estatuari. Ekainean onartu bazuten ere, gaur argitaratu dute txostena. Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak erran du «pozgarria» dela ikustea bat egiten dutela euskalgintzaren balorazio bat baino gehiagotan.
Arlo judizialean egindako eskaerak nabarmendu ditu Gaubekak bereziki, Espainiako Estatuak botere judizialaren lege organikoan aldaketak egin beharko lituzkeelako epaiketak interpretazio zerbitzurik gabe zuzenean euskaraz egin ahal izateko. «Horretarako, epaileei, magistratuei eta fiskalei euskaraz jakitea eskatzea nahitaezkoa litzateke; momentu honetan hori ere ez dago. Gomendio garrantzitsua iruditzen zaigu». Horrez gain, prozesu judizial batean sor daitezkeen dokumentu oro euskaraz egin ahal izatea ere bermatu beharko lukete.
Ikusi gehiago
Gaur egun, EAEko justizia administrazioan %45 dira dagokien hizkuntza egiaztatua duten langileak; helburua da %70 izatea 2033an. Nafarroari dagokionez, ez dago daturik. Batean zein bestean, epaile, fiskal eta letradunek ez dute inolako hizkuntza eskakizunik, eta horien artean oso apala da ezagutza.
Zonifikazioa eta osasungintza
Aurtengo txostenean Europako Kontseiluak Nafarroari begira egin duen azterketa ere nabarmendu du Behatokiko zuzendariak, Nafarroako Foru Erkidegoari gomendatu baitiote zonifikazioa bukatzea, euskara erabiltzeko sortzen dituen oztopoak ezabatzeko. «Adituak etorri zirenean Iruñera, hori komentatu genuen: 18/96 Euskararen Legeak ezarritako mugek nola kalte egiten dioten herritarren berdintasun printzipioari, baina euskara ofiziala den eremuetako herritarren eskubideei ere kalte egiten diela; besteak beste, zerbitzu zentralak euskara ofizial ez den eremu mistoan egoteagatik».
Horrez gain, Hego Euskal Herriko zerbitzu publikoetan euskararen ezagutza apalegia dela ebatzi dute, eta estatuko administrazioek autonomia erkidegoetan eskaintzen dituzten zerbitzuak ere euskaraz jaso ahal izateko neurriak eskatu dituzte. «Izan daiteke NANaren bulegoetan, baina bestelako egoitza sozialak ere baditu gure lurraldean, eta horietan ere nekez jaso ahal izaten dugu euskarazko arreta edo dokumentazioa», zehaztu du Gaubekak.
Europak berariaz aipatu du ere neurriak hartzea osasun eta gizarte zerbitzuetan euskararen erabilera errazteko. «Adituek beraiek aitortzen dute euskararen ezagutza administrazio publikoan oso apala dela. Gomendio garrantzitsu bat Osakidetzan edo Osasunbidean neurriak eskatzean, baina baita bestelako zerbitzuetan ere, hala nola zahar etxeetan euskarazko arreta emateari begira. Jendearen osasunaz eta ongizateaz ari gara, eta garrantzitsua da horietan guzietan pertsonen hizkuntza ere kontuan hartzea».
Bestelakoak ere aipatu dituzte, hala nola estatuko aldizkari ofiziala euskaraz izatea, ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izateko neurriak bultzatzea eta EAEn Lanbide Heziketako eskaintza handiagoa izatea.
Gaztela eta Leongo gobernuari plan bat eskatu diote euskarazko irakaskuntza bultzatzeko
Espainiako Estatuari egindako gomendio zerrendan Gaztela eta Leongo autonomia erkidegoari ere dei egin dio Europako Kontseiluak: euskarazko irakaskuntza bultzatzeko plan bat eskatu dio. Izan ere, administratiboki autonomia erkidego horren parte da Trebiñu (Araba). Kontseiluak eta Behatokiak Europari helarazten dioten txostenean aldi oro egiten diete aipamena Trebiñu eta
Villaverde Turtzioz
(Bizkaia) herriei —administratiboki Kantabria da—. Aldi honetan, EAE eta Nafarroaz gain, Gaztela eta Leon ere sartu du euskararen eremuan Europak.