«Guretzat, toki hau idilikoa da», esan du Jose Manuel Bellido koronelak, Bardeako Tiro Eremuko begiralekutik ortzimugari so (Arguedas, Nafarroa). Kamuflajerako uniforme marroia darama, alboan dituen gainerako militarrek bezala, Espainiako banderatxoa besoan josita. Tiro eremuaren kokapen «pribilegiatuaz» ari zaie bisitariei, irribarre zabal batekin: «Gertu dugu base bat, ez dago herririk inguruan, eta ez diogu ingurumenari kalterik egiten». Koronela hizketan den bitartean, bisitarietako batzuk paisaiari begira ari dira. Arguedas herria ikus daiteke, 11 kilometrora. Gertu dago Tutera ere, eta hango bizilagunak kexu azaldu dira behin baino gehiagotan, maniobrak egiten dituzten gerra hegazkinek eta jaurtitzen dituzten lehergailuek sortzen duten zarata eta burrunbarengatik. Eremuan lan egiten duten militarrentzat, ordea, ez dago larritzeko motiborik. «Nire asmoa da zuek lasaitzea, gauzak ongi egiten ari gara eta».
Nafarroako Parlamentuko ordezkariei mintzo zaie. Bisitan joan dira, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa taldeek eskatuta, bertatik bertara ezagutzeko Europako tiro eremurik handiena —eta Unescok biosferaren erreserba izendatutako naturagune batean dagoen bakarra—. EH Bilduk uko egin dio bisitan parte hartzeari, Espainiako armadaren eginkizuna «legitimatzeko» ariketa hutsa zelakoan. Geroa Baiko Isabel Aranburuk eta Zurekin Nafarroako Carlos Guzman eledunek, berriz, bisita baliatu dute Espainiako Defentsa Ministerioari eskatzeko tiro eremua desegin dezala. PSN, UPN eta PP taldeek, azkenik, egungo egoera geopolitikoa aipatu dute, gune militarraren presentzia justifikatzeko: «Ez dugu gerrarik nahi, baina egungo egoera nahasia ikusita, ezinbestekoa da prest egotea, gure demokrazia defendatzeko», esan du PSNko Carlos Menak.
Bellido koronela «pozarren» azaldu da parlamentariei harrera egitean: «Gustuko dugu jendea bisitan etortzea, aukera ematen baitigu egiten dugun lana erakusteko». Egiazki, iazko urrian egitekoa zen bisita parlamentarioa, baina tiro eremuko arduradunek bertan behera utzi zuten, «arrazoi operatiboak» argudiatuta. Hiru lerroko mezu elektroniko batean eman zuten erabaki haren berri. Orain bai, egin dute bisita, baina ez dute armarik eta hegazkinik erakutsi: soilik ibilgailuak konpontzeko tailer bat, uren tratamendurako planta bat eta hondakinak sailkatzeko eta kudeatzeko gunea. Kazetarien galderei ere ez diete erantzun, argudiatuta militarrek ez zutela horretarako baimenik: «Parlamentarien galderei erantzunen diete soilik». Espainiako armadaren «gardentasuna» txalotu dute parlamentari batzuek.

«Haurren petardoen antzekoak dira»
Aurretik, propagandako bideo bat ere jarri dute ordezkari militarrek, zeinean nabarmentzen baitzen «harro egoteko» motibo handia dela «Espainiako armadako hegazkinlari izatea», eta soldaduek beren «ausardiaren» truke jasotzen duten sari onena «irribarre bat» dela. Horren ostean, Bardeako Tiro Eremuaren 74 urteko historia laburbildu du Bellidok, eta haren inguruan sortu diren «uste okerrak» ere argitu nahi izan ditu: adibidez, bonben erabilera. Koronelaren esanetan, Bardean botatzen dituzten jaurtigaien %96 inguru «lehergailurik gabeak» dira. Esplikatu duenez, 60 zentimetroko BE11C kargak erabiltzen dituzte. Jaurtigai horiek «fumigeno» bat daramate barruan, kea sortzeko. «Haurren petardoen gisakoak dira», esan du. Ez du azaldu, hala ere, zer lehergailu mota diren gainerako %4 horiek. Ukatu egin du, hala ere, inoiz uranioa erabili dutenik: «Toxikotasun proba ugari egin ditugu lurrean, eta ez dago halakoen zantzurik».
Bellidok garrantzia kendu die, halaber, urte osoan egiten dituzten maniobra eta tiro ariketei: «Saiatzen gara maniobra horiek guztiak batera egiten, inguruko herritarrentzako eragozpenak gutxitze aldera. Egun gutxi dira urtean: sei aste, gutxi gorabehera».
2.244 hektareako tiro eremua naturagune babestu baten erdian egoteak ere kezka eragin du urteetan, eta horretan egin du azpimarra koronelak. Esan du ingurumena zaintzea Espainiako armadaren «kezka nagusia» dela 1998. urteaz geroztik, eta ISO 14001 ziurtagiria dutela Bardeako instalazioek. Gainera, eskualdean habia egiten duten hegaztiez galdetuta, esplikatu du zona horiek «saihestu» egiten dituztela, animaliei kalterik ez egiteko, baina aitortu du hegaztien kontrola «Bardeako Batzordearen ardura» dela. Militarrek faunari dioten begirunearen adibidetzat jo du tiro eremuaren perimetroan bizi zen basurde saldoa: «230 basurde detektatu genituen eremuan, eta uxaldi bat antolatu genuen, horiek ehizatzeko».
Taldeen iritziak
Bisita amaituta, hitza hartu dute talde parlamentarioek. Geroa Bairen izenean, Isabel Aranburuk berretsi du bere taldea «tiro eremua desegitearen aldekoa» dela oraindik, «bateraezina» delako natur eremu babestu bat zaintzearekin. Antzera mintzatu da Zurekin Nafarroako Carlos Guzman ere, eta iragarri du Tiro Eremuaren Aurkako Asanbladaren agerraldia eskatuko dutela parlamentuan.
Kontrara, azpiegituraren garrantzia eta izaera estrategikoa nabarmendu dituzte UPNk, PSNk eta PPk. 2028an amaituko da tiro eremuko lurrak alokatzeko kontratua, baina epea are gehiago luzatzearen alde azaldu dira hiru alderdi horiek.