Jose Luis Martinez Peña. ESS BIlbaoko zuzendari exekutiboa

«Europako egitasmoaren parte izanik, aukera dugu gauza gehiago egiteko»

Suediako Lund hirian egingo duten espalazio bidezko neutroi iturrirako osagaiak eta sistemak egingo ditu ESS Bilbaok; euskal enpresek parte hartzea ahalbidetu nahi dutela azaldu du Martinez Peña zuzendariak.

gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Jose Luis Martinez Peña (Madril, 1958) ESS Bilbao partzuergoko zuzendari exekutiboa da joan den martxotik. Europako neutroi iturriaren adarra da ESS Bilbao, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak osatua, eta funtzio nagusia du Suediako Lund hirian eraikiko den espalazio bidezko neutroi iturria sistemez eta azpisistemez hornitzea.

Zeresan handia eman zuen neutroi iturriaren bigarren egoitza Euskal Herrian eraikitzeko proiektua baztertu eta, horren ordez, Lundekoa hornituko duen ikerketa zentroa egiteko erabakiak. Orain, hasierako egitasmoa birdimentsionatu ostean, Martinez Peñak ez du arazorik aitortzeko egungo egitasmoa «apalagoa» dela, baina, aldi berean, «garrantzitsua» eta «interesgarria». Ezarritako helburuak erdiesteko lana beltz egin beharko dela uste du.

Erronka gisa hartu duzu ESS Bilbaon duzun ardura berria?

Erronka konplikatua da, egitasmoak baduelako bere historia eta birdefinitu egin delako. Baina egitasmoa handia da, seguru asko Europan hurrengo hamar urtean egingo den proiekturik handiena, Txilen eraikiko den E-ELT teleskopio erraldoiarekin batera. Parte hartu ahal izatea erronka handia da. Gainera, badu ezaugarri garrantzitsu bat: herrialde bakoitzaren ekarpena ez da dirutan egingo, ekipamenduan baizik.

Erabakita dago ESS Bilbaok zein ekarpen egingo duen?

Orain ari gara herrialde bakoitzak egingo duen ekarpena definitzeko prozesuan, nahiko prozesu konplikatu eta delikatua dena. Guk irizpide nagusi bat erabiltzen dugu: gure gain hartuko ditugun lan paketeek gure inguruko enpresen inplikazioa ahalbidetzea.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Orain arte egindako lanari esker, badugu ESS Bilbaon profesionalen multzo bat, zenbait teknologiatan oso prestatua dagoena, eta lan pakete sofistikatuagoei aurre egiteko moduan gaude. Gure asmoa da sistema horiek hemen diseinatzea, hemen probatzea, gero desmuntatu eta Lundera bidaltzeko. Baina beste balio erantsi bat ere bilatzen dugu: sistema horien produkzio lanetan, hemengo enpresek parte hartzeko aukera izatea. Horiek dira interesatzen zaizkigun lan paketeak.

Proiektua doitu ostean, balioa galdu duela uste al duzu?

Norbaitek hala pentsa dezake, eta zilegi da. Auzi honetan, bi aukera egon zitezkeen: alde batetik, norbere jakintza eta I+G arloa [ikerketa eta garapena] indartzeko, tokiko instalazio bat eraikitzea; eta, beste aldetik, Europako egitasmo batekin bat egitea, egiten dakiguna eginez. Aukera biak dira defendagarriak, eta badituzte alde positiboak eta negatiboak. Geure instalazioa egiteak, esaterako, asko irakatsiko liguke, baina neurri bereko inbertsioa eskatuko liguke. Gu orain beste parametro batzuetan gaude, eta horrekin egin behar dugu aurrera.

Eta bigarren aukera horrek, Europako egitasmo handiago batean parte hartzeak, zelako onurak eta desabantailak ditu?

Nik uste dut maila zientifiko-tekniko altuagoa erdiets dezakegula, eta azkarrago gainera. Beste gauza batzuk galduko ditugu, baina hurrengo berrogei urtean nagusi izango den neutroi iturrian parte hartzeko aukera emango digu, nire ustez AEBetakoa eta Japoniakoa baino hobea izango dena. Gure parte hartzea apala izango da, %5ekoa baino ez, baina instalazioa eraiki ondoren iturri osoa erabili ahal izango dugu. Geurea eraikiko bagenu, ezinbestez instalazio txikia izango zen, eta oso gauza gutxi egiteko aukera emango liguke. Europako egitasmoan parte hartuta, askoz gauza gehiago egin ahal izango ditugu.

«Arrazoi ekonomikoak» aipatu ziren hasierako egitasmoa bertan behera uzteko. Hori ez dator bat I+G arloaren garrantzia nabarmentzen duten diskurtsoekin, ez duzu uste?

Begien bistakoa da krisi egoera batean gaudela, eta I+G izan dela murrizketak egiteko erabilitako arloetako bat. Niri bereziki mingarri egiten zait hori, baina hor daude datuak: Espainian, I+G arloko aurrekontuetan murrizketa nabariak egin dira Espainian 2010etik 2012ra. Espalazio zentroaren auzira bueltatuta, suposatzen dut erabakia hartu zutenek kontuan hartuko zutela aldagai ekonomikoa, garrantzitsua baita, batez ere dirua ez daukazunean. Baina aukera baldin bazen tokiko iturria egitea eta Europako egitasmoan parte ez hartzea, uste dut Europako egitasmoan parte hartzeak baduela balio erantsia.

Bideak ezarriko dira ESS Bilbaon eskuratzen den jakintza eta teknologia inguruko enpresen esku ere jartzeko?

Elkarlana alde bikoa izan daiteke; hemengo enpresa batzuek, zenbait arlotan, gurea baino maila teknologiko altuagoa dute. Izan ere, Europako neutroi proiektua ez da amaitzen azeleragailuarekin. Horrekin sortzen diren protoiak 22 tresnatan jasoko dira, eta horietako bakoitzak espezializazio zehatz bat izango du. Batean proteina berrien egitura aztertuko da, beste batean tenperatura altuak jasan ditzakeen aleazio metaliko bat ikertuko da, beste batean USB gailuetan informazio gehiago gordetzeko moduak bilatuko dituzte, eta abar. Teknologia horietan guztietan, badaude oso aurreratuta dauden euskal enpresak. Baina, esan bezala, gure asmoa da proiektu honetarako osagaiak hemengo enpresek egitea, eta gu prest gaude laguntzeko, horretarako beharrezkoa den prestakuntza teknologikoa jaso dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.