Europako bozetan izan ez arren, Euskal Herria «nazioa» dela aldarrikatuko du EH Baik kanpainan

EH Baik berretsi du ez dela aurkeztuko ekainaren 9ko hauteskundeetara, eta boto emaileei galdegin die «Euskal Herria aitortzen duten ezkerreko hautagaitzak» babestea.

Mathilde Hary, Pernando Barrena, Oihana Etxebarrieta eta Oier Imaz, gaur, Baionan eginiko prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU
Mathilde Hary, Pernando Barrena, Oihana Etxebarrieta eta Oier Imaz, gaur, Baionan eginiko prentsaurrekoan. GUILLAUME FAUVEAU
Maite Asensio Lozano.
2024ko maiatzaren 18a
16:50
Entzun

«EH Baik parte hartuko duen boz paperik ez da izanen ekainaren 9ko hauteslekuetan». Hala berretsi du gaur EH Baik, EH Bildurekin batera Baionan eginiko agerraldi batean, ez dela aurkeztuko Europako Parlamentuko bozetara. Erabaki horrek Ipar Euskal Herrian eragingo duen «hutsunearen» jakitun —EH Bilduri ere ezingo diote botorik eman Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean—, «Euskal Herria aitortzen duten ezkerreko hautagaitzen alde egitera» deitu du. Edonola ere, EH Baik adierazi du hauteskunde kanpaina «aktiboa» egingo dutela datorren astetik aurrera, EH Bildurekin batera: «Nazio bat garela eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula zabalduko dugu Europaren aitzinean».

Otsailean iragarri zuen EH Baik ez zuela zerrendarik aurkeztuko hauteskundeotara. Ez da erabaki erraza izan, Mathilde Haryk eta Oier Imazek gogora ekarri dutenez. Izan ere, euskal herritarrek Espainiako eta Frantziako estatuetako barrutietan eman behar dute botoa, eta ikusita Ipar Euskal Herriaren eragina «arrunt ttipia» dela Frantziako Estatuan, EH Baik «zerrenda propio bat aurkezteak ez du inolako aukerarik Europako Parlamentuan ordezkaririk ukaiteko».

Hala ere, beste indar politikoren batekin aurkeztea aztertu dute, baina ez da modurik izan. Batetik, estaturik gabeko nazioek osatutako proiekturik ez delako sortu; eta bestetik, ezkerreko alderdiekin eginiko prozesuek ez dutelako fruiturik eman: Europa Ekologia-Berdeak alderdiarekin akordiorik ez dute erdietsi, eta militanteek uko egin diote PRG Ezkerreko Alderdi Erradikalarekiko aliantzan parte hartzeari. Hortaz, EH Bai ordezkatuko duen boto paperik ez da izango Ipar Euskal Herrian.

EH Bilduren zerrendaburu Pernando Barrenak adierazi du «onartu eta errespetatu» egiten duela EH Bairen erabakia, eta konpromisoa hartu du Iparraldeko herritarren arazoak Europako Parlamentura eramateko: «Euskal Herriari bere osotasunean erantzungo diogu, eta zazpi herrialdeak buruan izanda lan egingo dugu Europan». Horren seinale, Oier Imaz bera hautagai izango da EH Bilduren zerrendan. «Nazio bat gara. Aldarrikapen hori izango da gure jardunaren ardatza Europan».

Eskuin muturrarekin kezkatuta

Hortaz, Haryk eta Imazek adierazi dute hauteskunde kanpainan parte hartuko dutela, EH Bildurekin batera, Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzeko. Alde horretatik, kezkatuta mintzatu dira, eskuin muturrak ordezkaritza handiagoa lor dezakeelakoan Europako Parlamentuan: «Eskuin muturrak ideia xenofoboak eta atzerakoiak defendatzen ditu. Kapitalismoa muturreraino, autoritarismo gehiago eta demokrazia gutxiago, sistema publikoa suntsitu, pribatizatu eta berdintasuna hautsi. Euskal Herriak eskuin muturraren harresi izan behar du». Antzera hitz egin du Barrenak: «Euskal Herri antifaxistaren ahotsa izango gara Europan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.