Gorka Artola. Bergarako alkatea

«Europako bidea jorra daiteke, eta jorratu beharrekoa da»

BERGARAKO UDALA.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Frankismoko krimenen inpunitatea deuseztatzeko bideak irekitzea garrantzitsua dela uste du Gorka Artola (Bergara, Gipuzkoa, 1989) Bergarako alkateak. Prozesuan udalak lidergoa hartu duen arren, nabarmendu du protagonistak kereilan parte hartu duten senitartekoak direla.

Frankismoko krimenak iker daitezen, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegian kereila aurkeztea erabaki duzue. Zergatik egin duzue urrats hori?

Auzitegietan emandako pausoen ondoren, aurrera jarraitzeko aukera Europara joatea zela ikusi dugu. Espainiako Estatuan ikertu beharreko gaitzat hartzen ez denean, uste dugu Europak zeresana badaukala.

Zer espero duzue?

Bi aukera garbi daude. Bat, zilegitzat ematea Auzitegi Konstituzionalak emandako epaia eta ikerketa ez bideratzea, eta beste bat da ikertu beharreko gaiak direla ondorioztatzea.

Zer ekarriko luke horrek?

Prozesua berriz abiatzea, Bergarako epaitegitik hasita. Kausa hori zabaltzea ekarriko luke, eta ikertzea kereilan aipatzen ditugun giza eskubideen urraketa horiek zer terminotan egin ziren eta zein ondorio izan dituzten.

Esperantzarako tarterik ikusten duzue?

Onartuko dutela uste dugu; horregatik aurkeztu dugu. Bada gai bat ikusgarritasuna behar duena, eta badago ikusgarritasuna eman nahi hori. Baina uste dugu ibilbide judiziala ere izan dezakeela.

Zein da oinarria?

Amnistiaren legeak nolabait aurretik gertatutako krimen horiek edo eskubideen urraketa horiek horretan uzten ditu; erantzukizunik ez dutela dio. Hori berrikusi beharra dagoela uste dugu.

Eta onartzen ez bada, zer?

Estrasburgok ukatuko balu, Nazio Batuen Erakundera aurkezteko aukera izango genuke. Aukera hori mahai gainean dago, eta familiekin ere hitz eginda dago. Udalbatzaren onarpena beharko luke, baina prestutasuna badugu.

Aitzinetik, Euskal Herrian zein Espainian aurkeztu zenuten kereila. Nolakoa izan da prozesua ?

Egindako prozesua, emaitzari dagokionez, esperotakoa izan da. Ikusten genuen emaitza hau izango zela eta Estrasburgora joateko bidea zabaldu beharko zela. Hasieratik hori adierazi zitzaien kereilarekin bat egin duten senitartekoei, bide horri jarraitu beharko zitzaiola eta prozesu oso luzea izango zela.

Europara jo duen lehen udala da Bergarakoa. Uste duzue zuen erabakiak bidea egin dezakeela bertze udal batzuek ere bide bera egin dezaten?

Uste dugu izan daitekeela, eta horretara animatu nahiko genituzke. Uste dugu bide hori jorra daitekeela eta jorratu behar dela. Egia da hango lehen emaitzak baldintza dezakeela hurrengoen bidea.

2017an onartu zenuten kereila aurkezteko mozioa, eta bertan zehaztu zenuten udalak laguntza eskainiko ziola salaketa aurkeztu nahi zuen orori. Zer erantzun jaso zenuten?

Jendeak interes handia erakutsi zuen. Gurean, hamabost kereilari prest egon ziren udalarekin batera prozesuan sartzeko. Hamalau lekukotza jaso ziren, baina beste hainbat biktima ere gerturatu ziren prozesura. Sortu zuen pasatutako guztiarekiko aitortza bat eta horrek izandako inpunitatearekiko kontrakotasun bat.

Argentinako kereilarekin ere bat egin duzue. Nola ikusten duzue hango bidea?

Kereila prozesuan dago, baina egia da azken urteetan erritmoa moteldu egin dela. Argentinakoa bada modu bat nazioartean plazaratzeko hemen egondako giza eskubideen urraketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.