Europako Batzordeak prozedura ireki dio Tiktok plataformari, zerbitzu digitalen araudia urratzen duelakoan; gisa horretako bigarren prozedura da. Europak uste du nerabeengan adikzioa sortu dezakeela Frantziako eta Espainiako estatuetan abiatu duen Tiktok Lite programaren bitartez, eta ikerketa abiatu du plataformaren kontra.
«Zeregin eta sari programa» batean oinarritzen da Tiktok Lite: erabiltzaileek puntuak irabazten dituzte plataformak eskaintzen dituen hainbat eginkizun betetzen badituzte, hala nola bideoak begiratzea, edukiak atsegintzat jotzea, sortzaileei jarraitzea, lagunak Tiktok erabiltzera gomitatzea, eta abar.
Europako Batzordeak adierazi duenez, zerbitzu digitalen araudiaren arabera, plataforma handiek arriskuen ebaluazio txosten bat aurkeztu behar izaten dute programa berriak abiatu aitzin, arriskuak arintzeko neurriekin batera. Hori ez egitea leporatu diote Tiktoki. «Hori bereziki kezkagarria da haurrentzat, Tiktoken adina egiaztatzeko mekanismo eraginkorrik ez dagoela baitirudi», adierazi du Europako Batzordeak. Adina egiaztatzeko mekanismo eraginkorrik ez izatea eta plataformen diseinu «susmagarria» ikertzen hasi da Europako Batzordea, Tiktoken aurka abiatu zuen lehen prozedura formalean.