Europako Batasunean oposizioetan aurkezten diren hautagaien merituak baloratzeko kontuan hartzen al da hizkuntzen zailtasuna? Galdera hori egin dio Izaskun Bilbao Europako Parlamentuko EAJko diputatuak Johannes Hahn Batasuneko funtzio publikoaren eta aurrekontuen komisario arduradunari. «Europako erkidegoetako hizkuntza araubidearen arabera, hizkuntza ofizial guztiak dira baliozkoak, eta ez zaie inolako sailkapenik edo neurketarik aplikatzen» erantzun dio Hahnek. Horrez gain, Bilbaok jakin nahi izan du ea Europan sailkapenik ote dagoen hizkuntzak ikasteko zailtasunari dagokionez; erantzuna, kasu horretan ere, argia izan da: ezezkoa eman dio arduradunak.
Erantzun horrekin, balioa galtzen du duela hilabete batzuk Gasteizko epaitegi batek emandako argudioak: euskara «zaila» dela; munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarrena, hain zuzen. Epaile horrek, argumentu horiek erabilita arrazoia eman zion hizkuntza eskakizuna ez betetzeagatik Laudioko Udalean lanpostua galdu zuen langile ohi bati, eta udal horri agindu zion langilea berriro har dezala, lehen zuen lanpostuan edo antzeko batean.
Geroago sare sozialetan zabaltzen hasi zen epaileak emandako arrazoien oinarria: Interneteko orri batean ageri zen testua kopiatu eta epaian itsatsi zuen epaileak —testu horretan ranking bat ageri zen, eta, haren arabera, euskara munduko hizkuntzarik zailenen artean bosgarren postuan dago—.
Gainera, Bilbaok nabarmendu du oposizioen oinarriak «ezagunak eta onartuak» zirela, eta, beraz, Gasteizko epaitegiko epai horrek «hizkuntza hori ikasi eta dagozkion probak gainditu dituzten pertsonen eskubideak» urratzen dituela. Hori horrela, adierazi du «uste osoa» zuela epaia bertan behera geratuko zela.