«Oraingoz» batekin leundu nahi izan du Europako Batasunak AstraZeneca konpainiarekiko hartu duen erabakia. Koronabirusaren aurkako txertoa erosteko kontratua zeukan Bruselak konpainiarekin ekainaren erdialdera arte, baina ituna ez berritzea erabaki du. Hala erabaki dute botikagintza enpresak ez dituelako bete kontratuetako terminoak.
«Oraingoz ez dugu eskaera berritu ekainetik harago. Ikusiko dugu zer gertatzen den», esan zuen atzo Europako Barne Merkatuko komisario Thierry Bretonek.
Komisarioak azaldu zuenez, konpainiak kontratua bete ez izana da erabakia hartzeko arrazoien funtsa. Izan ere, txertaketa kanpaina beranduago hasi zen Europako Batasunean, besteak beste AstraZenecak ez zuelako entregatu agindutako dosi kopurua, Erresuma Batua eta Israel lehenetsi zituelako.
Edonola ere, Bretonek ziurtzat jo zuen horniketa arazo horiek amaitu egin direla, eta EBk urtean 3.000 milioi txerto baino gehiago ekoizteko ahalmenarekin amaituko duela 2021a. Horri esker, uztailaren erdialderako, batasunak populazioaren %70 txertatuta edukiko duela adierazi zuen.
Bruselak dioenez, kontratuaren arabera, 400 milioi dosi entregatu behar zituen laborategiak urteko lehen hiruhilekoan. Haatik, 29 milioi dosi pasatxo baino ez zituen eman.
Bretonek esan duenez, beste 1.800 dosi eskatu dizkio Bruselak Pfizer konpainiari, aurten eta 2023. urtearen artean emateko, eta baliteke uste baino gehiago kostatuko direla.