Iazko abenduan akordio bat egin ostean, Europako Batasunak gaur onartu du adimen artifiziala arautzeko legea. Herritarren segurtasuna bermatzea eta oinarrizko eskubideak errespetatzea du helburu, baita berrikuntza sustatzea ere. Adimen artifiziala erregulatzeko munduko lehen arauditzat du Europako Batasunak, baina Txinak iazko abuztuan onartu zuen berea.
Legeak arriskuen arabera sailkatuko ditu teknologia hori erabiltzen duten sistemak. Pertsonei arriskurik handiena eragiten dieten sistemak debekatuko dituzte. Beste sistema batzuei, berriz, baldintza batzuk ezarriko dizkiete. Azken onarpen baten zain dagoen arren, espero dute legegintzaldia amaitu aurretik behin betiko onartzea. Aldizkari ofizialean argitaratu eta hogei egunera sartuko da indarrean; 24 hilabetera erabat aplikatuta egongo da.
Helburu nagusia herritarren oinarrizko eskubideak bermatzen direla ziurtatzea bada ere, legeak berrikuntza sustatu nahi du, eta enpresa txikiak, ertainak eta sortzen ari direnak bultzatu. Izan ere, horretarako, haien eskura jarriko dituzte entseguak egiteko gune kontrolatuak. Sortutako sistemak merkaturatu aurretik, bertan frogatzeko aukera izango dute.
1
Debekatutako praktikak
Herritarren eskubideak bermatzen ez dituzten praktikak debekatuko ditu legeak. Besteak beste, pertsonen aurpegien datu baseak Internetez edo ikus-entzunezko grabazioetan bereizkuntzarik gabe zabaltzeko sistemak debekatuko ditu, eta lantokietan eta ikastetxeetan emozioak antzeman ditzaketen adimen artifizialaren sistemak ere bai. Ezaugarri sentikorretan oinarritutako kategorizazio biometrikoko sistemak ezingo dituzte erabili, eta polizia jarduera prediktiboa ere ez, hau da, ezingo dute oinarritzat hartu pertsona baten soslaia edo haren ezaugarrien azterketa. «Giza portaera manipulatzen» duen sistema oro ere debekatuta egongo da.
Nahiz eta sistema gehienak bi urte barru hasi beharko diren ezarritako baldintzak betetzen, debekuak legea indarrean sartu eta sei hilabetera aplikatuko dira.
2
Segurtasun indarren salbuespenak
Debekatuta egongo da pertsonak identifikatzeko kamera biometrikoak erabiltzea. Hala ere, salbuespen batzuk egongo dira. Izan ere, hori arautzea izan da legea adosteko punturik gatazkatsuenetako bat. Adostu dutenez, segurtasun indarrek debekatua izango dute sistema horiek erabiltzea, oso egoera jakinetan izan ezik. Identifikazio biometrikoko sistemak «denbora errealean» erabiltzeko, Poliziak baimen judiziala edo administratiboa beharko du. Besteak beste, erabili ahal izango dituzte desagertutako pertsona bat bilatzeko, zenbait delituren egileak aurkitzeko edota «eraso terroristak» eragozteko.
3
Arrisku handiko sistemak
Legeak arrisku handiko sistema batzuk aurreikusi ditu, osasunarentzat, segurtasunarentzat, oinarrizko eskubideentzat, ingurunearentzat edota demokraziarentzat kaltegarriak izan daitezkeenak. Halere, sistemok ez dituzte debekatuko; baldintza zorrotz batzuk bete beharko dituzte, legea indarrean sartu eta 36 hilabetera.
Hainbat eremutan erabiltzen dituzte arrisku handiko sistemak: hezkuntzan, enpleguan, oinarrizko zerbitzu publiko eta pribatuetan (hala nola osasunean eta bankuetan), migrazioan, segurtasunean edo justizian. Sistema horiek «gardenak» eta «zehatzak» izan beharko dute, eta pertsona batek gainbegiratu beharko ditu. Gainera, herritarrek eskubidea izango dute adimen artifizialari buruzko erreklamazioak aurkezteko eta sistema horietan oinarritutako erabakiei buruzko azalpenak jasotzeko.
4
Gardentasun irizpidea
Erabilera orokorreko adimen artifizialaren sistemek gardentasun irizpide bat bete beharko dute, eta adierazi beharko dute testua, abestia edo argazkia adimen artifizialaren bidez sortua dela. Horrez gain, egile eskubideei buruzko EBko legeria errespetatu beharko dute, eta euren ereduak prestatzeko erabili duten edukiaren laburpen zehatza egin beharko dute. Legea indarrean sartu eta hamabi hilabetera bete beharko dituzte baldintzok.
Erabilera orokorreko sistemak dira, adibidez, ChatGPT eta Bard. Izan ere, 2021eko apirilean araudiari buruz eztabaidatzen hasi zirenean, ez zegoen sistema horiek arautzeko asmorik. Baina ChatGPTek izandako arrakastaren ostean, horiek ere sartzea erabaki dute. «Arrisku sistemikoak» sor ditzaketen sistemek beste baldintza batzuk ere bete beharko dituzte: arrisku horiek neurtu eta arindu beharko dituzte, eta sistemek sortutako gorabeheren berri eman beharko dute.
5
Adimen Artifizialaren Bulegoa
Batasuneko kide diren estatuekin adimen artifizialaren erabilera koordinatzeko, Adimen Artifizialaren Bulegoa sortzea aginduko du legeak. Eta hainbat zientzialariren eta gizarte zibileko ordezkariren aholkularitza izango du. Akordioak jaso duenez, bulegoaren helburuak honako hauek izango dira: «Merkatu bakarraren funtzionamendu egokia bermatzea; legearen aplikazio eraginkorra bermatzea; EB osoan osasuna, segurtasuna, oinarrizko eskubideak, ingurumena, demokrazia eta zuzenbide estatua babestea; eta legearekin zerikusia duten gaietan erakundeak eta gainerako organoak laguntzea».
6
Hainbat iritzi
Gaur egindako osoko bilkuran, Brando Benifei S&D Sozialistak eta Demokratak taldeko eta Barne Merkatuko batzordeko kideak nabarmendu du adimen artifizialari buruzko «munduko lehen lege loteslea» onartu dutela, eta horren helburua dela gizakiak eta Europako balioak «adimen artifizialaren erdigunean» jartzea. Gainera, esan du legearekin aukera izango dutela arriskuak murrizteko, aukerak sortzeko, diskriminazioari aurre egiteko eta gardentasuna sustatzeko.
Bide beretik, Dragos Tudorach Renew taldeko eta Askatasun Zibilen batzordeko kideak esan du adimen artifiziala «gizartearen oinarri diren funtsezko balioekin» lotzea lortu dutela. Halere, gogorarazi du oraindik lan handia dagoela egiteko: «Legea abiapuntu bat da teknologiaren inguruan eraikitako gobernantza eredu berri batera bidean».
Hala ere, iritzi guztiak ez dira legearen aldekoak izan. Ursula Pachl Europako Kontsumitzaileen Antolakundeko (BEUC) zuzendariorde nagusiak ohar bidez esan zuenez, jarduera «iraingarri» batzuen aurrean kontsumitzaileak babestu egingo diren arren, legea ez da nahikoa. «Urrunago» joan behar zutela nabarmendu du, eta exijitu du erregulatzaileek beharrezko baliabide guztiak izan beharko dituztela.
Ezkerreko taldeak gogor egin du legearen aurka. Salatu duenez, herritarren babesari lehentasuna eman beharrean, hobetsi dute «segurtasun nazionaleko arrazoiengatik salbuespenak egitea eta enpresa teknologiko handiei alfonbra gorria jartzea».
Europako kultur sortzaileen elkarteen koalizio batek, berriz, lehen pausotzat jo du legea. Araudia «modu eraginkorrean» aplikatzeko eskatu du, adimen artifizial «arduratsua eta iraunkorra» garatu ahal izateko.