Europako 10,8 milioi euroren banaketa kudeatuko du Euskal Hirigune Elkargoak lehen aldiz

Ipar Euskal Herriko eragile publiko eta pribatuentzat izanen da diru hori, 2023tik 2027ra bitartean gauzatuko diren proiektuak finantzatzeko. 40 pertsonako lantalde bat sortu dute, egitasmoak aztertu eta dirua zertan erabili erabakitzeko.

Euskal Hirigune Elkargoaren prentsaurrekoa, atzo, Baionan. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko azaroaren 8a
14:53
Entzun

Euskal Hirigune Elkargoak zuzenean kudeatuko ditu Europako funtsetatik eratorritako 10,8 milioi euro. Orain arte Akitania Berria eskualdeak banatzen zituen, eta lehen aldia da elkargoak bere gain hartuko duena diru horren banaketa. 2023tik 2027ra bitartean gauzatuko diren proiektuak finantzatzea da helburua. 40 pertsonako lantalde bat osatu dute, izanen diren egitasmoak aztertu eta dirua zertarako baliatu erabakitzeko.

Gaur egun, hiru funts nagusi daude Europatik eratorririkoen artean. Batetik, Europako Batzordeak ematen dituenak. Euskal Elkargoan lantalde bat badute horien eskuratzeko lan egiten duena, eta, horren bidez, elkargoko eraikinetan proiektu energetikoak egiteko obrak finantzatu dituzte azken urteetan. Horrez gain, egiturazko diru laguntzak daude: Frantziako Estatuan eskualdeek kudeatzen dituzte, eta Ipar Euskal Herriari dagozkion eskaerak Akitania Berriari egin behar zaizkio.

«Kudeaketa administratiboa aski dorpea da. Eskaera egiten duten erakundeek gai izan behar dute administrazio lan hori kudeatzeko. Behar da gaitasuna ukan dirua aitzinatzeko ere, ondotik eskuratzen baitira laguntzak, biziki zorrotz eta zehatz justifikatuz zertarako erabili den dirua», esplikatu du Joseba Erremundegi elkargoko hautetsiak Euskal Irratietako Goizberri saioan.

Elkargoak kudeatuko duen diru zaman, hiru funtsetako izanen dute: EGEF Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsa, Leader Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsa eta Itsasorako, Arrantzarako eta Akuikulturako Europako Funtsa. Denera 10, 8 milioi izanen dira, Ipar Euskal Herriko eragile publiko eta pribatuen artean banatzekoak.

2022. urtean, Euskal Elkargoak estrategia bat prestatu du tokiko eragileekin, kontzertazioa baliatuz, eta hainbat gai hautatu ditu diru laguntza horiek banatzeko, hala nola lurralde antolaketa eta kohesioa, gizarte kohesioa, kultura eta ondarea, garapen ekonomikoa, ekonomia urdina eta jasangarria, laborantza eta elikadura, eta Euskal Mendialdea.

Aurkezpen publikoa

Azken hilabeteetan, informazioa zabaldu diete Ipar Euskal Herriko herriei, elkarte handiei eta enpresei. «Proiektuak onduak izan behar dira, 2027 arteko epean obratzeko gisan. Gaitasuna erakutsi behar da, diru funts hori guzia erabiltzeko. Ondoko epeetan funtsa emendatu ahal izateko», zehaztu du Erremundegik. Egitasmoen sortzen laguntzeko eta eragileentzako urratsak errazteko, Euskal Elkargoak «hautaketa prozesu estu bat» ezarri du, eta proiektu eramaileei laguntza eskainiko die prozesu osoan.

Programa xehekiago aurkezteko, jendaurreko aurkezpen bat ere antolatu dute. Azaroaren 17an izanen da, Baionako Arteen Hirian. Gaia landu duten hainbat hautetsik azalpenak emanen dituzte, zehazteko zer proiektu aurkezten ahalko den, eta nola egin diru hori eskuratzeko. Euskal Hirigune Elkargoko webgunean eman daiteke izena aurkezpenean parte hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.