Zuzen bete du Espainiak Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrinari buruz hartutako erabakia, Europako Kontseiluko Ministroen Batzordearen ustez.Azken asteotan Estrasburgoko Auzitegiak agindutakoa egoki bete den aztertzen aritu da batzorde hori —Europako Batasuneko 47 estatuetako Atzerri ministroek eta enbaxadoreek osatzen dute—, eta konforme geratu da Espainiako auzitegiek hartutako erabakiekin. Epaia eman eta hurrengo egunean utzi zuten libre Ines del Rio, epaian zehaztu zutenez, 1.917 egunez «legez kanpo» preso eduki ondoren.
«Kalte moralengatik» eta prozedurako kostuengatik 31.500 euroko kalte-ordaina ematea ere ebatzi zuen Estrasburgoko Auzitegiak, baina Espainiako Estatuaren abokatuak iragarri zuen ez dutelaDel Riori diru hori emateko asmorik, berak gehiago zor diolako estatuari. Jarrera hori ere ontzat jo du orain Europako Kontseiluak. «Ez geneukan dudarik justiziak eta arrazoiak babesten gintuztela», esan zuen Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak.
Aurrerantzean, Espainiako Gobernua arduratuko da jarraipenaz. Azken txostena egin beharko du, ondoren Europako Kontseiluari bidaltzeko, eta han egingo dute behin betiko balorazioa.
Europak ontzat jo ditu Espainiak Del Rioren epaia betetzeko hartu dituen erabakiak
Preso ohiari prozedura kostuak eta «kalte moralak» ez ordaintzea epaiaren ondorioekin bat datorrela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu