Ontzat jo dute Estrasburgok esandakoa. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aintzat hartu dituzte Europako Kontseiluak euskararen alorrean eman dizkien gomendioak, eta prest azaldu dira «urrats gehiago egiteko», nazioarteko aditu independenteek ahulgune gisa identifikatutako puntuetan. Iragan asteartean argitaratu zuen Europako Kontseiluak hizkuntza gutxituen egoerari buruzko seigarren txostena eta, bertan, kritika egin zien erakunde publikoek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan aplikatutako hizkuntza politikei: besteak beste, prozedura judizial guztiak euskaraz egin ahal izateko neurriak eskatu zizkion Espainiako Estatuari, beharrezkotzat jo zuen Nafarroako zonifikazioa bukatzea, eta aurrerapausoak galdegin zituen osasungintza eta hezkuntza bezalako alorretan.
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, oro har, ez diete kritikei izkin egin, baina begirada pausatu nahi izan dute Estrasburgok txalotu dituen neurrietan ere. Espainiako Gobernuak Nafarroan eta EAEn dituen ordezkaritzen atean ere jo du BERRIAk, baina ez du erantzunik jaso.
«Zonifikazioaz hitz egin genuen Nafarroako Gobernua osatzeko bileretan, baina zoritxarrez ez dago gehiengorik parlamentuan Euskararen Legea aldatzeko»
JABI ARAKAMAEuskarabideko zuzendaria
Nafarroako Gobernuko hizkuntza politika kudeatzeaz arduratzen den Euskarabidea institutuak begi onez hartu ditu Europako adituen aholkuak. «Txostenaren balorazio positiboa egiten dugu, hein handi batean, bat egiten dugulako bertan esaten den guztiarekin», esan du Jabi Arakamak, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak: «Bat gatoz bai txaloekin, bai txistuekin». Arakamak uste du Estrasburgokoa «zorrotz» eginiko ikerlana dela, eta gogorarazi du PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak sinatutako gobernu itunean propio jasota dagoela Europako adituen gomendioei «arreta ematea eta, ahal den neurrian, horiek aplikatzea».
Europak ontzat jo dituen neurrien artean, helduen euskalduntzea, sustapen kanpainak eta euskarazko hedabideei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei emaniko tratua nabarmendu ditu Euskarabideko buruak, eta egungo egoera alderatu du UPNren gobernuek esparru horietan ezarritako murrizketekin: «Aurreko txostenean ere, Europako Kontseiluak adierazi zuen 2015. urtea inflexio puntua izan zela Nafarroan: ordura arteko hizkuntza politikak aldarazi genituen, besteak beste, helduen euskalduntzearen alorrean. Oraingo txostenak berretsi egin du norabide aldaketa hori».
Zonifikazioa kendu ezinik
Europako Kontseiluak bi oztopo nabarmen identifikatu ditu Nafarroako hizkuntza politikan: 1986ko Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa eta administrazio publikoko lanpostuetan euskarak duen presentzia urria. Egoerari buelta eman nahi dio Euskarabideko zuzendariak, baina horretarako zailtasun ugari daudela aitortu du: «Zonifikazioaren auzia mahai gainean izan zen Nafarroako Gobernua osatzeko bileretan, baina, zoritxarrez, ez da lortu hori bukatzeko behar den konpromiso politikoa. Nafarroako Parlamentuan ez dago gehiengorik Euskararen Legea aldatzeko, eta horren alde gaudenoi dagokigu gehiengo hori eraikitzen saiatzea, oraindik ezezkoan direnak konbentzituz».
Luzea eta konplikatua izanagatik ere, Euskarabideko buruak zertxobait garbiago ikusten du administrazioa euskalduntzen hasteko bidea. Horretan ere «aurrera urratsak» izan direla uste du: «2015ean, administrazioko lanpostuen %0,9tan ezarria zegoen euskara eskakizuna, eta une honetan %3,25 dira. Datozen hilabeteetan, Nafarroako Gobernuko departamentuen hizkuntza planak onartzen ditugunean, %5 ingurura iritsiko dira».
«Gu ere elkarlanean ari gara hainbat mahaitan estatuarekin, eta honek lagundu egingo du»
AITOR ALDASOROEusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea
Hauspoa
Europako Kontseiluaren txostenaren balorazio «positiboa» egin du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Aitor Aldasorok ere. Hizkuntzaren normalizazioa sustatzearen aldeko neurriak «beti betikoek» egiten dituzten irudipena sarri egoten dela iruditzen zaio eta, alde horretatik, nazioarteko erakunde batek gaiaren gaineko gabeziak mahai gainean jarri eta horietan aurrerabideak egiteko eskea egiteak berebiziko garrantzia duela. «Kanpotik egindako balorazioa egokia iruditzen zaigu, eta etxeko lanak jartzen ditu», nabarmendu du. Horrek indarra ematen dio Aldasororen iritziz euskalgintzatik eta instituzio askotatik zabaltzen den mezuari: «Orain arte egindako bidea ez da nahikoa, eta jarraitu behar da pausoak ematen».
Txostenaren edukia aski baliagarria izan daitekeen irudipena du. «Gu ere elkarlanean ari gara hainbat mahaitan estatuarekin, eta honek lagundu egingo du». Hain justu ere, euskara biziberritzeko urratsak «indarrak batuz» egin behar direla adierazi du, eta bide horretan lagungarria izan daitezkeen baliabide guztiak direla aintzakotzat hartzekoak.
Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarretan ere oihartzuna izan du Europako adituen txostenak. Hizkuntza politikan «jauzi bat egiteko» eskatu zuen atzo EH Bilduko legebiltzarkide Josu Aztiriak, euskararen aurkako oldarraldi judizialari aurre egite aldera: «Europako Kontseiluak hizkuntza eskubideak betetzeko eskatu berri die Espainiako Gobernuari, Nafarroako Gobernuari eta Jaurlaritzari, baina hemen, aldiz, agenda erregresibo eta olatu oldarkor juridiko, politiko eta mediatiko bat jasaten ari gara».
«Agerian gelditu da gobernuaren hizkuntza politika eskasa dela, plan estrategiko bat falta dela eta Euskararen Legeari buelta eman behar zaiola»
ENEKA MAIZEH Bilduko parlamentaria
Nafarroako Parlamentuan ere, EH Bildu azaldu da kritikoen gobernuaren hizkuntza politikarekin: «Europako Kontseiluaren txostenak agerian utzi du Nafarroan egiten den hizkuntza politika eskasa dela, plan estrategiko bat falta dela eta Euskararen Legeari buelta eman behar zaiola», adierazi zuen Eneka Maiz legebiltzarkideak.
Espainiako Gobernuak, azkenik, ez du txostenaren inguruan adierazpen ofizialik egin, baina Espainiako Estatuko Hizkuntza Ofizialen Kontseiluaren azken bileran esan zuen hasia dela urratsak egiten, besteak beste, justizia administrazioan euskara, katalana eta galiziera sustatzeko.