EAJko Izaskun Bilbao Barandikak (Bermeo, Bizkaia, 1961) hamar urte eman dituEuropako Parlamentuan, eta oraingoan ere Ceus koalizioko zerrendaburua da. Koalizio horretan PDeCAT ez egotea CiU EAJren ohiko bazkidea izan da Europako hauteskundeetan— oztopo izango da Europarako bidean, baina Bilbaok ez du itxaropena galdu: «Bost urtean egindako lana da hauteskunde kanpainarik onena».
Europako hauteskundeak ez al dira apur bat oharkabean igarotzen ari?
Egia da beste hauteskunde batzuk ere badaudela, eta Europakoa estalita geratzeko arriskua dagoela, baina hori aukera bat ere bada: ekitaldi guztietan lotu ahal izan ditugu herrietako eta herrialdeetako gaiak Europarekin. Europak afera guztietan du eragina: arrantzan, berrikuntzan, automozioan, giza eskubideetan, memoria historikoan...
Oraingoan PDeCATeko zuen ohiko bazkideekin koaliziorik egin ez izanak zaildu egingo dizue diputatua lortzea?
Katalanekin koalizioan joan garenean, boto gehiago lortu ditugu, Kataluniako biztanleak ere gehiago direlako, baina guretzat politikoki oso garrantzitsua da, adibidez, Geroa Bairekin joatea, horrek irudikatzen baitu Euskal Herria batera doala Europara. Horrez gain, Valentziako, Balearretako, Galiziako eta Kanarietako bazkideak ere badaude koalizioan, eta ados daude bi gauzatan: Espainiako Estatuan aniztasuna badagoela eta eredua aldatu behar dela.
Koaliziorik egin ez baduzue ere, elkarlanerako hitzarmena sinatu duzue PdeCATekin, hauteskundeen ostean batera aritzeko. Horrek esan nahi du Kataluniaren auziaz PDeCATek aurkeztuko dituen ekinbideak babestuko dituzuela?
Ezaguna da PDeCATekin eta lehenago CiUrekin harreman estua izan dugula, eta, elkarlana ez ezik, maitasuna ere badago urte askotako harremanaren ondorioz. Orain arte ere elkarlana estua izan da, eta, sinatu dugun hitzarmenaren arabera, aurrerantzean ere lankidetza egongo da hainbat arlotan.
Eskuin muturraren gorakadarekin, arriskuan al dago Europa?
Bai. Espainiako hauteskundeetan, jendeak oso argi ikusi zuen arrisku hori, eta erreakzioa izan zuen; orain, Europan ere badago arriskua. Eskuin muturra lehenago ere egon da Europako Parlamentuan, baina badirudi hauteskunde hauen ostean askoz indartsuago egongo dela. Donald Trumpen aholkulari izandako Steve Bannon hor dago lanean, Bruselan, duela sei hilabetetik, eskuin muturreko indarrak koordinatu nahian. Marine Le Pen Frantzian lehen indarra izan litekeela diote; [Matteo] Salvini, Vox...
Eta zer egin daiteke horri aurre egiteko?
Zenbat diputatu lortzen dituzten bezain inportantea izango da gainerakoek zer egiten dugun. Eta hor argi ezarri behar dira marra gorriak. Eztabaida politiko sakona egongo da. Legealdi garrantzitsua eta interesgarria izango da, lehenengo aldia delako Europako egitasmoa zalantzan jartze hori barrutik datorrela.
Europan ulertzen dute kontzertu ekonomikoa?
Primeran ulertzen dute, eta horren froga da badagoela epai bat kontzertua gure sistema propiotzat aitortzen duena, eta hainbat txostenek sistema eraginkor eta justuagotzat hartu dutela. Gure ustez, Euskadik ordezkaritza eduki beharko luke Ecofinen [Finantza eta Ekonomia Auzietako Kontseilua; estatuetako Ekonomia eta Ogasun ministroek osatzen dute], gure sistema parekatu daitekeelako estatu baten sistemarekin.
Zer iruditzen zaizu Europak Kataluniaren gatazkan izan duen jarrera?
Europako Batzordeari hainbat galdera egin dizkiogu auziaz, eta bitartekari lana egin dezala ere eskatu diogu. Iñigo Urkullu lehendakaria ere aritu zen horretan. Erantzuna beti izan da estatu baten barne arazoa dela eta estatu bakoitzak konpondu behar dituela bere barne aferak. Baina nik nabarmenduko nuke Parlamentuan egon zen eztabaida urriaren 1eko irudiak ikusi ondoren. Eztabaida hori oso sakona izan zen, eta ondorio nagusia izan zen ezinezkoa dela halakoak gertatzea XXI. mendeko Europan, legea errespetatu behar dela, baina legea ez dela nahikoa, eta arazo politiko bati aurre egiteko elkarrizketa eta negoziazioa erabili behar direla.
Helburu horrekin sartu duzue zuen programan Europan Argitasun Legea egiteko proposamena?
Bi legealdi daramatzagu esaten Europak sistema bat behar duela estaturik gabeko nazioei soluzio demokratikoa emateko. Europako herritar gisa, uste dugu horrelako arazoei Europa mailako soluziobidea eman behar zaiela, eta eskema bera izan behar duela Katalunian, Euskadin edo Korsikan. Arazo politikoak daudenean, guk ez dugu ikusten beste biderik akordio zabalak egin eta herritarrek ados dauden ala ez esateko aukera izatea baino.
Ciudadanosen talde berean egoteak kontraesanik ekartzen dizue?
ALDE Liberalen eta Demokraten Aliantza talde parlamentarioa guk sortu genuen, 2004an, Josu Ortuondo diputatu zenean. Hasieratik egon gara, eta, aurreko legealdian, Ciudadanos ere talde horretara etorri zen. Azalpenak eurek eman beharko lituzkete. Dena dela, kontuan hartu behar da Europako Parlamentuan logikak desberdinak direla.
Eskozia, Irlanda, Katalunia... Hurrengo legegintzaldia estaturik gabeko nazioena izango da?
Nazio bakoitza bere bidea egiten ari da. Eskoziaren kasuan, ikusi genuen Erresuma Batuaren gobernuak normaltasun osoz hartzen zuela erreferendumaren ideia, eta, orain, brexit-aren auziarekin, mahai gainean dago beste erreferendum bat egiteko aukera. Irlandari dagokionez, orain, kezka nagusia da bake prozesuari eustea, arrisku batzuk sortu direlako, baina nik uste dut brexit-a gauzatzen bada Ipar Irlanda eta Irlandako Errepublika batzeko aukera errealak egongo direla. Prozesu bakoitzak bere bidea du, baina Europak irizpide eta parametro batzuk finkatu behar ditu: negoziazioa, akordioa eta jendeak erabakitzea.
Europako Parlamenturako hauteskundeak. Izaskun Bilbao Barandika. EAJko hautagaia
«Europak irizpide batzuk finkatu behar ditu nazio auzian»
Argitasun Legea da EAJk datozen Europako hauteskundeetarako egindako proposamenetako bat estaturik gabeko nazioei «soluzio demokratikoak» emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu