«Europak ez du nahi, ez immigraziorik, ezta erreskateontzirik ere»

Palermon 49 egunez blokeatuta egon da 'Aita Mari' ontzia, eta horrek 55.000 euroko kostua eragin dio. Berriro erreskate lanekin hasteko, «egoera oso zailean» daude, Italiaren eskakizunengatik. «Gure asmoa itzultzea da».

GORKA RUBIO / @FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun

Aita Mari ekainaren 26an atera zen Palermotik (Italia), eta, ondo bidean, hilaren 10ean porturatuko da Pasaian (Gipuzkoa). Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) Mediterraneo itsasoan etorkinak erreskatatzeko erabiltzen duen itsasontziak 49 egun igaro ditu blokeatuta, Italiako itsas armadak, horretarako bide administratiboa baliatuta, hala aginduta. «Helegitea jar daiteke, baina prozesuak bost-hamar urte iraun dezake», azaldu du Iñigo Gutierrezek (Donostia, 1964), GKEaren presidenteordeak. Mediterraneotik Europara iritsi nahi duten migratzaileek nozitzen duten egoera salatu du. «Europak oso ondo daki zer gertatzen ari den».

Aita Mari-k 44 migratzaile erreskatatu zituen, Mediterraneoan, joan den apirilean, eta Italiako Gobernuak horiek Palermon porturatzeko baimena eman zion. Ondoren, ordea, itsasontzia 49 egunez blokeatzea erabaki zuen. Zergatik?

Hasieran, agintariek jarritako ferry italiar batera eraman genituen erreskatatutakoak, berrogeialdia egin zezaten. Guri ere berrogeialdia eginarazi ziguten, Palermoko [Italia] portutik hiru bat itsas miliatara. Hamabost egun horiek igarota, eta eskifaiari kontrol bat egiteko asmoz, porturatzeko agindua jaso genuen; adierazi ziguten, gainera, ontzia desinfektatu behar zela. Portura iritsi ginen, kontrolak egin ziren, baina, ontzia desinfektatu beharrean, ikusi genuen Italiako itsas armadako inspektore batzuk genituela zain. Ikuskaritza bat egin zuten.

Ontzien artean mailak daude, eta 500 GT-tik [tona kopuru gordina] gorako ontziek ekipamendu jakin bat eduki behar dute, era jakin batean eginda egon behar dute, eta beste.

Aita Mari ez da 500 GT-tik gorako ontzi bat.

Hori da. Halere, 500GT-tik gorako ontzi bati egiten dioten ikuskaritza egin zioten. Beraz, agiri luze bat kaleratu zuten, ontziaren gabeziekin. Noski, inondik inora ezin genituen bete! Esan ziguten horiek zuzendu arte ontziak ezin zuela nabigatu.

Zer zuzendu duzue Italian?

Han zuzendu ditugu ekipamenduak, seinaleztatze sisteman hobekuntzak egin ditugu, eta antzeko gauzak. Baina, esaterako, eskatu digute ur zikinak tratatzeko planta bat. Obra hori... Batetik, ekipamendu hori beharko genuke; eta, bestetik, ezinezkoa da jartzea, hain handia denez, ontzian, fisikoki, ez dago jartzeko tokirik.

Zer erantzun dizuete Italiako agintariek esan diezuenean ontzia ez dela 500 GT-tik gorakoa?

Erantzuteko lanik ere ez dute hartu. Esaten dute beren irizpideak aplikatzen dituztela. Harremanetan egon gara Pasaiako Itsas Kapitaintzarekin eta Itsas Armadako Zuzendaritza Nagusiarekin [Espainiakoa]. Ontziari, hemen, nabigazio agiriak eman zizkioten inspektoreek ahalik eta gehiena lagundu digute, baina Itsas Armadako Zuzendaritza Nagusiak kexa bat ere ez du aurkeztu. Italiako itsas armada joan da ontzi espainiar batera [Espainiako bandera du], eta eskatu dizkio Espainiako jurisdikziotik kanpo dauden gauzak. Inongo logikarik ez dauka.

Zuzenketak eta bestelakoak kontuan hartuta, blokeoa 55.000 euro kostatu da.

Bai. Porturatuta egon garen bitartean, behartu gaituzte, besteak beste, egunero zabor bilketa ordaintzera. Ontziak ez zuen-eta zaborrik eragiten... Berdin du.

Horrek zein egoeratan utzi du proiektua?

Egoera oso zailean jarri gaitu. Bi proiektu ditugu: Chioskoa [Greziako uharte bat], eta ontziarena. Lortu ahal dugun diru guztia ontzira bideratzen dugu. 55.000 euroko desbideraketa honek erdi bi egin gaitu. Iaz defizitarekin bukatu genuen. Pentsatzen genuen, dena den, gastuak asko zainduz, aurten orekatu ahal izatea. Baina harrikada hau dator, dardarka uzten zaituena, eta pentsatzen duzu: «Zer egingo dugu?».

Nola estali zulo hori?

Ontziak Pasaiara heldu behar du, eta hitz egingo dugu Aita Mari-ren erreforma egin zuen ontzigintza ingeniariarekin eta hori egiten lagundu ziguten enpresekin, ikusteko ea nola saiatzen garen irtenbide bat topatzen, eskatzen digutena egiteko. Ez da soilik 55.000 euroen arazoa; izan ere, itzultzen bagara haiek eskatzen digutena bete gabe, atxilotu egingo gaituzte. Ontziak aurrera egiteko, nola egin ez dakigun erreforma bat egin behar dugu; eta ez dakigu, gainera, zenbat kostatuko den.

Gobernu aldaketa gertatu zen iazko irailean Italian. Matteo Salvinini ez egonda zuen lana beste modu batean egin ahal izango zenutela uste zenuten?

Salvini gobernutik ateratzea albiste bikaina izan zen, astakirten bat baitzen. Erreskaterako GKEak kriminalizatu besterik ez zituen egiten, baina estrategia gaizki atera zitzaion, bide penaletik jo zuen bakoitzean Italiako justiziak GKEei arrazoia eman baitzien. Beraz, gobernu berria iritsi zenean, aurrerakoia, ezkerrekoa, bada... Baina tira, argi hitz egin dezagun: hau Europa da. Europak ez du immigraziorik nahi, ez ditu erreskate ontziak nahi, ez migrazio bideak, ez ezer. Europak nahi duena da jenderik ez etortzea. Eta bagenekien gobernuek eskuak lotuta dituztela... Gauza bat da jakitea ez dutela kolaboratuko, oztopoak jarriko dizkizutela... Oztopo txikiak jarri izan dizkigute porturatu garen besteetan ere; adibidez, ikuskaritzekin. Baina horiek, oso zorrotzak izan arren, gure ontziaren mailari zegozkionak ziren, eta oso ondo gainditzen genituen. Noski, beste irizpide batzuk ezartzen dizkizutenean ikuskaritza egiteko, bada, ezin duzu ezer egin.

Mediterranoean erreskate lanetan dabiltzan beste ontziekin hitz egin al duzue?

Erakunde independenteak izan arren, denon arteko lankidetza etengabea da; bestela, ezinezkoa litzateke erreskate bakar bat ere egitea. Sea-Eye ontzia gure egoera berean dago. Sea Watch-ekoak berrogeialdia egiten ari dira Siziliako portu batean. Berrogeialdia bukatzen dutenean, ikusi beharko da zer gertatzen den. Ocean Viking-ek erreskate bat egin du, eta berrogeialdian jarriko dute. Soilik Italiako ontzi bati ematen diote nolabaiteko askatasuna erreskateak egiteko.

Pentsatu duzue denon artean ekinbideren bat proposatzea? Zein beste ate jo dezakezue?

Europakoa da jotzeko geratzen den ate bakarra. Tira, joan izan gara denok hara, eta, bai, talde parlamentario batzuek hitz oso onak esaten dizkizute, baina gero iristen da Europako Batzordea, eta esaten dizu bost inporta zaiola. Gainera, migrazio hitzarmen beldurgarri bat lantzen ari da Europako Batasuna oraintxe. Europa ari da COVID-19arena alfonbra baten moduan erabiltzen, gai hau estaltzeko eta desagerrarazteko.

Erreskate lanak egitera itzuliko zaretela uste duzu?

Gure asmoa itzultzea da, eta gure esku dagoena egingo dugu horretarako. Hori bai, David eta Goliaten arteko borrokak muga batzuk ditu... Inportanteena da jendea itotzen ari dela. Ekainean hainbat hondoratze egon ziren, eta ehunka lagun hil ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.