Gunther Rautz. Midas elkarteko idazkari nagusia

«Europak ez die behar bezalako arreta jartzen gutxiengoei»

Hizkuntza gutxituetan aritzen diren Europako hedabideen Midas elkarteko burua da Gunther Rautz ikerlari, legelari eta irakaslea. Europan txikien ahotsa ozen entzun dadin ari da lanean.

Ion Orzaiz.
Brusela
2017ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Estaturik gabeko nazioen komunikazio agendari buruzko jardunaldiak egin zituzten Europako Parlamentuan joan den astean, Ezkerraberri eta Centre Maurits Coppieters fundazioek antolatuta. Horien barruan, hizkuntza gutxituetan aritzen diren hedabideei buruzko hitzaldia eman zuen Midas elkarteko idazkari nagusi Gunther Rautzek (Karintia, Austria, 1968). Ezinbestekotzat jo zuen hedabide hegemoniko nagusietatik aldendu eta esparru komunikatibo propioak eratzea, pluraltasuna bermatzeko.

Zein da, zehazki, Midas elkartearen egitekoa?

Edukiak tokian tokiko hizkuntza gutxituetan argitaratzen dituzten hedabideen Europako elkartea gara. Idatzizko hedabideak dira gure kide gehienak; egunkariak eta aldizkariak, batez ere. Hortaz, laguntza eta sostengua ematen diegu euren proiektu komunikatiboa garatzeko tenorean. Europako Batasunaren jardunean ere eragiten dugu, hizkuntza eta komunitate gutxituen aldeko presio talde gisa. Hala ere, politikoki independenteak gara, eta ez dugu irabazi asmorik. Gaur egun, hamabi hizkuntzatan argitaratzen diren 27 hedabide biltzen ditu Midasek [tartean, BERRIA].

Posible al da komunikazio agenda nazional bat ezartzea naziorik gabeko estatuetan?

Nik baietz uste dut. Europan pluraltasun kulturala sustatu nahi badugu, behar-beharrezkoa da estaturik gabeko nazioen ahotsa entzutea, eta, horretarako, komunikazio agenda propioa eratu behar dute herri horiek. Tamalez, oraindik ez da halakorik gertatzen. Gaur egun, Europak ez die behar bezalako arreta eskaintzen gutxiengoei. Gehiengoak ez du gutxiengoen berririk.

Nolakoa da nazio horien esparru komunikatiboa?

Europako Batzordeak 2006. urtean eginiko ikerketa baten arabera, Europan 50 milioi pertsonak hitz egiten dute euren estatuan ofiziala ez den hizkuntza bat. Komunitate horietatik, ordea, hogei inguruk soilik dute euren hizkuntzan maiztasun jakin batekin aritzen den hedabideren bat. Are urriagoak dira hizkuntza gutxitu batean multimedia eskaintza osoa duten kasuak —telebista, irratiak, egunkariak, aldizkariak eta on line hedabideak—. Azken horiek ez dira hamarrera iristen: euskaldunak, kataluniarrak, Italian alemaniera hitz egiten duten tiroldarrak, errusiarrak Estonian eta Letonian, suediarrak Finlandian eta hungariarrak Errumanian.

Zeintzuk dira komunitate horien erronka nagusiak?

Batetik, hedabideei erreparatuta, askotariko ereduak daude: adibidez, oso ezaugarri bereziak dituzte Esloveniako edota Errumaniako gutxiengo etnikoen aldizkariek, Kataluniako egunkari eta atari digital handiekin alderatuta. Hortaz, erronkak, helburuak eta beharrak ere askotarikoak dira. Edukiaz gainera, hedabide bakoitzak aintzat hartu behar du informazioa jendeari helarazteko modua eta hizkuntzari ematen dion trataera. Hainbat hedabidek euren lurraldeko hizkuntza gutxituan eskaintzen dute informazio osoa; beste batzuek, aldiz, elebitasunera jo dute, hizkuntza gutxituari tarte txikiagoa eskainita. Aukera horrek ondorio txarrak izan ditzake, ala kontrara, onuragarria izan daiteke, kasuan-kasuan. Herrialde bakoitzaren errealitate soziolinguistikoaren eta komunikatiboaren araberakoa da kontua. Bestalde, funtsezkoa da Europako erakundeek hizkuntza gutxituei eta hedabide txikiei eskaintzen dieten laguntza eta sostengua handitzea. Laguntza politikoa nahiz ekonomikoa.

Egungoa ez al da nahikoa?

Badira laguntza lerro pare bat, baina Midas elkartearen helburuetako bat da horiek indartzea, eta hizkuntza gutxituen inguruko kontzientzia pizten laguntzea. Finean, Europari galdetu behar dioguna honako hau da: zer da garrantzitsuagoa, merkatu librea ala gutxiengoen eskubideak bermatzea? Hizkuntza eta komunitate gutxituak ikusarazteko beharra azpimarratu behar diogu Europako Batasunari.

Kataluniako erreferendumaren auzian, berebiziko garrantzia izan dute hedabide katalanek, kontakizun ofiziala kolokan jarrita. Zein da Europara iritsi den irudia?

Nire ustez, Kataluniako mugimendu independentistak sostengu eta sinpatia handia piztu du Europa osoan; batetik, mugimendu baketsua delako, eta, bestetik, Madrilgo gobernuarekin negoziatzeko abiatu dituzten saio guztiek porrot egin dutelako. Autonomian sakontzeko eta eskumen gehiago lortzeko aldarria, finean, oso erraz ulertzen da Europa osoan, auzi hori gori-gori egon baita betidanik beste lurralde autonomo askotan.

Madrilen estrategia komunikatiboak huts egin al du?

Eskoziako erreferendumaren harira Londresek urratu zuen bidetik aldenduta, porrot izugarria pairatu du Espainiako Estatuak. Ez du asmatu krisia kudeatzen. Urte luzez, bizkarra eman die Kataluniak eginiko eskaerei, eta eredu autonomikoaren erreformari uko egin dio behin eta berriz. Espainiako agintariek modu autoritarioan jokatu dute azken egunetan, baina jokabide horrek irteerarik gabeko kale itsu batera eraman du Espainia. Kataluniako mugimendu independentistak, ordea, argi ditu bai estrategia, bai independentziarako bide orria.

Eredu izan al daiteke Katalunia Europako estaturik gabeko nazioentzat?

Izan daiteke, bai, baina zalantzak sortzen dizkit bultzatu nahi duten estatu ereduak. Paradoxikoa begitantzen zait estatu batetik banantzea, egitura bertsuak sustatzeko. Alegia, kontu handiz ibili behar dugu egungo estatu zaharkitu eta atzerakoien akatsak berriz ez egiteko. Bestelako botere egitura justuago batek mezu indartsua helaraziko lieke estaturik gabeko beste nazioei, eta urrats bat izan liteke Europako Batasuna erreformatzeko, herriek pisu eta indar handiagoa izan dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.