Alaben kontrako sexu erasoak salatu dituzten gurasoek uste dute Getxoko Europa ikastetxea (Bizkaia) «berandu» aritu dela eta gertatutakoa «estaltzen» saiatu dela. Atzo EITBri egindako adierazpen batzuetan, ametako batek esan zuen eskolak irailaren 15etik zeukala gertatutakoaren berri, orduantxe esan baitzion ikaslearen tutoreari neskatoa «atal intimoak gorriturik» itzultzen zela etxera. Guraso horren arabera, ikastetxearen erantzuna izan zen neskatoa «ongi artaturik» zegoela, dena «ongi» zegoela eta ez zeukala kezkatzeko arrazoirik. Auzia salatzeko, Algortako Mugimendu Feministak elkarretaratzea egin du arratsaldean, Malakate parkean.
Protesta jendetsua izan da. Lehenik eta behin, babesa adierazi diete haurrei eta haien familiei. Ohartarazi dute Getxokoak ez direla «kasu bakanak», sistema oso baten ondorioa baizik: «Eraso hauek sistema patriarkalaren beste erakusgarri bat dira, haurren aurkako erasoak ere indarkeria matxista dira eta; horrenbestez, haurren aurkako indarkeria sistema bortxatzaile eta hiltzaile honen adierazgarri ere bada, zisheteropatriarkatua da».
Ikusi gehiago
Eskolako zuzendaritzak bilera izan zuen atzo Haur Hezkuntzako ikasleen gurasoekin, eta han ere azaleratu ziren gurasoen kexak. Vocento taldeak plazaratu duenez, bilera horretan zenbait gurasok ikastetxeko zuzendaritzari aurpegiratu zioten «berandu» erreakzionatu izana, lehenengo susmoak duela zenbait aste agertu baitziren; eta adierazi zuten lehenengo salaketa iritsi zenean «auzia estaltzen» ahalegindu zirela. Halaber, gurasoek salatu dute lehenengo salaketa jarri zuen amari «pozik» ez bazegoen «eskolatik joateko gonbita» egin ziotela.
Ingeleseko irakaslea
Salatutako irakaslea 30 urte inguruko gizonezko ingeles bat da, eta murgiltze programetan aritzen zen, ingelesa irakasten. Hiru urte zeramatzan ikastetxean beharrean: lehenengo bi urteetan tarteka aritu zen, eta azken urtean, berriz, modu erregularragoan jardun du. Oraindik ez dute jakinarazi irakasleak jaioterrian aurrekaririk edo salaketarik ba ote zuen. Haren kontrako lehen salaketa asteazkenean jarri zuten: umea Gurutzetako erietxera eraman zuten (Barakaldo, Bizkaia), eta han zerbitzu medikoek baieztatu zuten sexu abusuak pairatu zituen zantzuak zituela.
Astelehen honetan beste hiru ikasleren gurasoek ere salaketa jarri zuten: neskatoen sintomak eta kontakizunak antzekoak ziren kasu guztietan. Gurasoek azaldu dutenez, badaude beste bi kasu gutxienez, baina bi ume horien gurasoek ez dute salaketarik jarri oraindik.