Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna. Frantzia

Euroitunean ez da itxaropenik

François Hollande Frantziako presidenteak Euroituna berresteko beste prozesu bat zabaldu du, Estatu Kontseiluaren oposizioarekin.Joko politikoaren parte ikusten da Euroituna berrestea

2014ko uztailean, Uztaritzeko Udalak (Lapurdi) ofizial izendatu zuen euskara, baina Baionako suprefetak auzitara joko zuela iragarri zuen. Uztariztarrek udalaren erabakia txalotu zuten. BOB EDME.
2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Uztailaren 31n, François Hollande Frantziako presidenteak Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko lege proiektu bat aurkeztu zuen. Puntu bakarra du legeak, baina aldaketa handia dakar: Euroituna berresteko modua ematen dio Frantziari, konstituzioan 53-3 artikulua txertatuta. Orain arte ezin zuen halakorik egin, ituna konstituzioaren aurkakoa zelako. Eta, hain justu, gobernuak lege proiektua aurkeztu eta berehala, Estatu Kontseiluak hori ere konstituzioaren aurkakoa dela adierazi zuen. Konstituzioaren bigarren artikulua da traba: Frantziako hizkuntza bakarra frantsesa dela dioena.

Estatu kontseiluaren iritzia ez da bete beharrekoa, dena den. Beraz, Hollanderen asmoak aurrera jarrai dezake. Halere, Frantziari dagokio Euroituneko 98 artikuluetatik 35 gutxienez hautatzea. 39 aukeratu ditu, eta ez ditu zertan irmoenak hautatu behar izan. Lege proiektua Kongresuko hiru bostenek onartu behar dute.

Gobernuaren asmoak zer pentsatua eman die askori, eta ez dute zalantzarik hauteskundeei begira egindako mugimendua besterik ez dela. «Euskal Herriko eta Bretainiako sozialistek Euroituna berretsi nahi dute euren lurraldeetan bozak irabazteko. Horregatik, estu hartu dute Hollande», adierazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Gainera, egungo presidenteak ituna berretsiko zuela iragarri zuen hauteskunde programan. Indok gehitu duenez, arazoren bat baldin badago ituna berrestean, arazoa «ideologikoa» da. «Iraultzatik datorren tradizioa da».

Parisi aitorpena eskatzen

«Bere asmoa hauteskundeetan bozak lortzea bada, euskaldunen partetik huts egin du», azaldu du If Matxikote Uztaritzeko Udaleko (Lapurdi) euskara zinegotziak. Baina ez du itxaropenik berrestean. «Ikusi dugu nola urteak pasatu eta urteak pasatu eta gauzek berdin jarraitzen duten». Jakes Bortairu Iparraldeko AEK-ko koordinatzaileak «joko politikoa» ikusten du. «Hizkuntza legeen eta konstituzio aldaketen proposamenak beti hauteskunde garaian egiten dituzte». Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak esan du Euroituna «idatzi juridiko ederra» dela jatorriz, baina Frantziako Konstituzioa dela «arazo nagusia». «Berdintasun juridikoaren izenean, hizkuntza eskubide kolektiboak ukatzen dizkigute. Ondorioz, eskubide pertsonalak ezin ditugu zaindu auzitegietan; zerbitzu publikoetako hizkuntza frantsesa da, eta herri hizkuntzek ez dute botere juridikorik».

Euskal eragileak urte luzez ari dira eskatzen hizkuntza gutxituentzako lege bat, baina, frantsesa Frantziako nazio eraikuntzaren oinarria izanik, Parisen ez dute aldatzeko asmorik. «Guk euskaraz bizi nahi dugu», aldarrikatu du Matxikotek. «Itunak hizkuntzen eskubideak bermatzen ditu, idatziz ematen ditu, eta legezko esparru bat ekartzen dio hizkuntzaren erabilerari. Gainera, hizkuntzaren bultzatzea eta garatzea botere publikoen gain ezartzen du», azaldu du Marie Andree Ouret Biga Bai elkarteko lehendakariak. Bortairuk argi du «maila sinboliko handia duen aitorpena» litzatekeela Euroituna berrestea. Halere, euskararentzat garrantzitsutzat hartzen du, baina «Euskal Herriarentzat ez luke deus ekarriko», salatu duenez.

Frantziako hizkuntza gutxituei aipamen juridiko bat ematea aurrerapauso nabarmena izango litzatekeela pentsatzen dute eragile guztiek. Indok ez ditu ahantzi Frantzian mintzatzen diren gainerako hizkuntzak ere, eta gogoratu du euskara ez dela Frantziako lurraldeko hizkuntza bakarra. «Hizkuntza pila bat daude, bai hemen eta bai uharteetan ere, eta Guyanan eta Kaledonia Berrian. Horiek ere merezi dute aitorpen minimo bat». Halere, azpimarratu du «militantziaz» lortu dutela euskaldunek euskara dagoen tokian egotea.

Euroituna berresteko, nahitaezkoa da konstituzioa aldatzea, eta horretarako aurkeztu du gobernuak 53-3 artikulua txertatzeko lege proiektua. Tartean Estatu Kontseilua sartu da orain, ordea. Matxikotek politikariei egotzi die errua: «Ez du arazoa Auzitegi Konstituzionalak; arazoa politikariek hizkuntz eskubideak onartzeko duten borondaterik ezean dago». Ouretek «ikuspuntu propio» baten gisa ikusten du Estatu Kontseiluak konstituzioaren aurkakotzat hartu izana Euroituna berrestea, eta Frantzian dagoen itunaren eta herri hizkuntzen aurkako joeraren adierazletzat jo du. «Ikusten dute Frantziaren batasunaren eta frantsesaren aurkako eraso bat. Iraultzatik dator, eta biziki indartsu dago. Bada beldur bat komunitarismoaren inguruan». Castetek uste du gutuna berresteak euskara lagun dezakeela; adibidez, ofizialtasunaren bidez. Baina gutuna berretsiz gero, eta kontuan izanik konstituzioa aldatuko litzatekeela, ahal den heinean lehen bi artikuluak orain bezala uzten saiatuko direla ohartarazi du; hain zuzen, errepublika ezin zatituarena eta hizkuntza ofizial bakarrarena. «Militantzia indartsua erabili beharko dugu arduradun fantximantei frogatzeko gutunak herriaren nortasuna eta hizkuntza zaintzen dituela».

Baina euskalgintzako sektoreek beldurrak ere badituzte atzetik. «Bada mehatxu bat Euroituna berretsiz gero emanda ditugun aurrerapausoak atzerapauso bihurtzeko», ohartarazi du Matxikotek. Bortairuk ere arrisku txiki bat ikusten du itunaren berrespenaren atzean: «Ez dakigu berrespena zein baldintzatan egingo den, ez eta konstituzioa nola aldatuko duten ere. Izenpetzearekin batera, baliteke oztopo berriak sortzea». Indok ez dio berritasunik ikusten berrespenari: «Gaur egun, Euroituna berresteak ez dio deus ekarriko euskarari. Babesik gabe lortu duguna jadanik Euroituna baino aitzinatuagoa da. Martxan eman dugun hizkuntza politika Euroituna baino harago doa». Era berean mintzo da Ouret: «Euroitunak dakartzan xedeak aitzinatuak ditugu». Baina Indok beharra ikusten du Euroituna berrestean: «Euskararentzat ez du deus ekarriko, baina gaur horren ez ukaiteak zalantzan jartzen du duguna. Juridikoki dugun guztia ahula da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.