Euroeskualdearen agintea hartuko du bi urtez Nafarroako Gobernuak

Nafarroa 2016n sartu zen, eta Barkosek «harrera ona» eskertu du Iruñean egindako batzarrean

Alain Roussetek Artxibo Nagusiko klaustroan eman zion aginte makila Uxue Barkosi; alboan, Iñigo Urkullu, txaloka. IDOIA ZABALETA/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
«Ilusioz» hartu du aginte makila Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Duela bi urte, martxoaren 18an, Akitaniak eta Euskal Autonomia Erkidegoak osatutako euroeskualdean sartu zen Nafarroa —aurretik, UPNren gobernuak ateratzea erabaki zuen—. Atzo, emandako «harrera ona» eskertu zien aurrez aurre Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteari. Hain zuzen, Barkosek euroeskualdearen lehendakaritza sinbolizatzen duen aginte makila jaso zuen Rousseten eskutik. 2020ra arte izango du Nafarroako Gobernuak ardura hori, eta, orain arteko lana indartzeaz gain, proiektu berriak bultzatzea izango du erronka.

Botere aldaketa irudikatzeko batzarra Iruñean egin zen eguerdian. Nafarroako erregeen jauregian egin zen, egungo Artxibo Nagusian, eta hainbat pertsona ezagun izan ziren bertan: Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua, Manu Aierdi eta Miguel Laparra Nafarroako lehendakariordeak, Ana Ollo eta Isabel Elizalde Nafarroako Gobernuko kontseilariak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, EH Bilduko Adolfo Araiz, Bakartxo Ruiz, Maddalen Iriarte eta Maiorga Ramirez, UPNko Luis Zarraluki, Geroa Baiko Unai Hualde eta Koldo Martinez, PSNko Maria Txibite...

Azken bi urteetan, euroeskualdeak eremua zabaldu du, ez bakarrik Nafarroa sartu zelako 2016an. Gainera, 2014ko Frantziako lurralde erreforma eta gero, Limousin eta Poitou-Charentes eskualdeek bat egin zuten Akitaniarekin, eta eskualde berria 2016ko urtarrilean eratu zuten indarrean. Gaur egun, euroeskualdeak 101.678 kilometroko koadroko azalera du, eta 8,7 milioi herritar bizi dira. Duela bi urteko datuen arabera, 3,5 milioi enplegu eta ia milioi erdi enpresa ditu. Gainera, hedapenaren ondorioz, Ikerketa eta Garapenean jarduten duten ikerlarien kopurua 30.500etik 43.300era handitu da.

Euroeskualdeak lau ardatz nagusi bultzatu nahi ditu; batetik, euroeskualdearen kultur konexioa hobetzea, hizkuntzen ezagutza eta erabilera hobetuz eta kultur lankidetza bultzatuz. Bigarrenik, berrikuntzaren esparruan, sektore estrategiko guztietan ikerketa eta garapen proiektuak indartzea. Hirugarren, unibertsitateen, Lanbide Heziketa zentroen eta berrikuntzan eragiten duten beste eragileen artean «euroeskualde campus bat» sustatu nahi dute.

Abiadura handia

Garraioa da beste ardatz bat. Alain Roussetek aldaketa klimatikoa nabarmendu du etorkizuneko erronken artean, eta horri begira «kamioiak trenetan sartzeko» helburua aipatu du. Hala, abiadura handiko korridorea Hendaiaraino (Lapurdi) heltzeak zer garrantzia duen azaldu du. Alde horretatik, Iñigo Urkulluk gaineratu du helburuetako bat zera dela, abiadura handiko sarea Atlantikoko korridorearekin lotzea. Horri buruz, Barkosek zehaztu du bere gobernuak ez duela jarrera aldatu, eta Nafarroak korridore horretan egon behar duela.

Iruñeko batzarrean plan estrategikoa eguneratu dute, eta hamalau jarduera ildo eta 36 ekintza identifikatu. «Lan emankorra» egin dute, Barkosen ustez. Urkulluren arabera, euroeskualdeak aukera ematen du etorkizuneko erronkei hobeto erantzuteko, eta Europaren eraikuntzan kokatu du proiektua. «Europarrak gara, europarzaleak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.