HENDAIA. 2021-2027ko aldirako plan estrategikoa osatzen ari da Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdea, eta, horretarako, «mugaz haraindiko» herritarrei iritzia galdetzeko inkesta bat abiatu du sarean—Euroeskualdearen webgunetik sar daiteke galdetegira—. Erakundeak azaldu duenez, inkestaren helburua herritarrek «Akitania Berriak, EAEk eta Nafarroak osatzen duten lurraldearen egungo egoerari buruz eta etorkizunean lurralde horrek izango dituen erronkei buruz duten ikuspegia» jasotzea da, baita «mugaz haraindiko lankidetzari buruz duten iritzia» ezagutzea ere, «lan arlo berriak» identifikatzeko.
Euroeskualdeak uste du herritarren parte hartzeak «berebiziko garrantzia» duela, «egungo beharrizanei buruz herritarrek zer iritzi duten eta euren ustez datozen urteetako lehentasunak zeintzuk izan beharko liratekeen zuzenean ezagutzeko». Alde horretatik, adierazi dute «partekatutako hausnarketa baten emaitza» izanen dela plan estrategikoa. Nolanahi ere, dagoeneko zehaztuak dituzte lan lerro nagusiak: iraunkortasuna, digitalizazioa, gizarte kohesioa eta enplegua izanen dituzte langai. Plana 2021eko udaberrian aurkeztuko dutela jakinarazi dute.
Euroeskualdeak inkesta bat abiatu du iritziak biltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu