Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa Euroeskualdeko ordezkariek gaur adostu dute elkarlanean jardutea industriaren, elikaduraren eta energiaren sektoreetan. Bordelen bildu dira, eta Ukrainako gerrak eragindako krisiaren testuinguruan heldu dira akordiora. Helburua, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, hornidura bermatzea da.
Urkullu izan da azken bi urteetan Euroeskualdeko presidentea, eta, besteak beste, bi urte horien balantzea egin eta presidentzia aldaketa egiteko bildu dira gaur: Alain Rousset Akitania Berriko presidentea Euroeskualdekoa ere izango da datozen bi urteetan. Urkullu eta Roussetez gain, han izan da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Maria Txibiteren ordez. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Bordelen izan dira Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua ere.
Urkulluk azaldu duenez, argi ikusi dute Euroeskualdean lan egin dezaketela industriaren, elikaduraren eta energiaren arloetan. Zehazki, hiru gobernuetako sektore horien arduradunei esleitu diete lan hori: «Aurretiko analisi bat egingo dute, aztertzeko zer egin dezakegun elkarlanean, batez ere hiru arlo horietan».
Hortaz gain, azken bi urteen balantzea «onuragarria» izan dela esan du lehendakariak. Gogorarazi du 2020-2021 aldian guztira 54 proiektu onartu direla, eta hamar lankidetza estrategiko garatu direla; guztira, 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da.