Euroeskualdeak herritartasun bateratu bat sustatu nahi du

2021-2027 Plan Estrategikoa aurkeztu dute, lankidetza sustatzeko asmoz. Europako Batasunarentzat eredu izatea dute xede

JON URBE / @FOKU.
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen 2021-2027 Plan Estrategikoak «euroeskualdeko hiritartasuna» sustatzea izango du ardatz nagusien artean, «hartu eman kultural, ekonomiko eta sozialaren pean batuta agertuko den mugaz gaindiko gizarte bat sustatzeko». Finean, hiru lurraldeen lankidetzarako «konpromisoa» sendotzea du helburu planak, EB Europako Batasunak trantsizio ekologikorako, digitalerako eta sozialerako ezarritako helburuak betetzeko asmoz. «Eredu izan nahi dugu», azaldu du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, euroeskualdeko txandakako presidentetza duenak.

«Euroeskualdea proiektu sendo bat da, bederatzi milioi pertsonari eragiten diena», azaldu du Urkulluk. Hala, hainbat helburu ezarri dituzte euroeskualdeko herritarren «kohesioa» sustatzeko bidean. Horietako batzuk dira euskararen ikaskuntza indartzea, eta lurralde bakoitzeko kultura sorkuntza elkarbanatzeko eta haren kontsumoa sustatzeko neurriak hartzea.

Kohesio hori sustatzeko bidean, baina, beste bi erronka nabarmendu dituzte Akitania Berriko eta Nafarroako presidenteek. Alain Roussetek gazteengan eta haien egungo egoeran jarri du arreta. Maria Txibitek, berriz, eskualdeko hainbat eremu jasaten ari diren despopulazioa aipatu du. Hala, helburu nagusien artean aipatu dute eremuko «bizi kalitatea eta berdintasuna hobetzeko erronka sozial eta demografikoa».

Arlo ekonomikoari dagokionez, berriz, «garapen adimendun, lehiakor, inklusibo eta jasangarrian» sakondu nahi dute. Eskualdeko enpresa eta erakundeen «digitalizazioa» garatzea jarri dute helburu, eta iragarri hainbat proiektu babestuko dituztela. Horrez gain, hiru lurraldeak batuko dituen lan merkatu bat ere eratu nahi dute, merkataritza trukeak erraztearekin batera. Turismoari dagokionez, berriz, Akitania Berria, EAE eta Nafarroa batuko dituzten sareak eratzeko beharra adierazi dute, besteak beste, hurbileko turismoa sustatzeko. Plan horiek garatzean «berritzaileak» izateko premia adierazi du Akitania Berriko presidenteak.

Horrek guztiak, baina, trantsizio ekologikoaren bidetik egin behar du aurrera, Urkulluren hitzetan. Hala egin beharko du garraio eskaintzaren egokitzapenak ere. Bide horretan, Korridore Atlantikoaren trenbide sarearen sustapena nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Urrats berriekin, euroeskualdeak «Europako erreferentziazko lurralde» bihurtu nahi du lankidetza arloan. Izan ere, Urkulluren ustez, euroeskualdeak «gaitasun handiagoa» du EBko funtsak erakartzeko; nagusiki, Espainia-Frantzia-Andorra lurralde lankidetzarako programara bideratutako funtsak. Hala, azaldu du batasunak ingurumen eta osasun arloetan, eta garapen teknologiko-digitalean ezarri dituen helburuei begira jarrita daudela plan estrategikoak.

Izan ere, EBren etorkizunean jarri dute begirada hiru agintariek. Txibiteren arabera, «mugaz gaindiko harremanak dira europar eraikuntzaren motorra». Rousseten hitzetan, berriz, euroeskualdearen lankidetza ereduak «argi» erakusten du zein den hiru presidenteek nahi duten Europa: «Ezinbestekoak izan behar gara Europarentzat; adibide gisa balio behar dugu».

Helburuak beteta

Euroeskualdearen ezohiko batzarra 2014-2020 Plan Estrategikoaren balantzea egiteko ere baliatu dute ordezkari politikoek. Azken urteetan, 140 proiektu baino gehiago sustatu dituzte, ia lau milioi euroko aurrekontuarekin. Besteak beste, hezkuntza, eleaniztasuna, kultura eta garapen iraunkorra izan dira proiektu horien ardatzetako batzuk. Horiez gain, hamahiru lankidetza estrategiko ere berretsi dituzte; esaterako, Euskarabentura. Hala, Urkulluk uste du plan estrategikoa «bete» dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.