Euroeskualdeak erabaki du lantalde bat sortzea hornidura bermatzeko

Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeak bilkura egin du Bordelen. Roussetek hartu du euroeskualdeko presidentetza, Urkulluren ordez

Erredakzioa
2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Akitania Berria-EAE-Nafarroa euroeskualdeko ordezkariekbilera egin dute Bordelen (Okzitania), eta han adostu dute elkarlanean jardutea industriaren,elikaduraren eta energiaren sektoreetan. Ukrainako gerrak eragindako krisiaren testuinguruan erdietsi dute akordioa. Helburua, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, hornidura bermatzea da.

Urkullu izan da azken bi urteetan euroeskualdeko presidentea, eta, besteak beste, bi urte horien balantzea egin eta presidentetza aldaketa egiteko baliatu dute bilera. Alain Rousset Akitania Berriko presidentea euroeskualdekoa ere izango da datozen bi urteetan. Urkullu eta Roussetez gain, han izan da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Maria Txibiteren ordez. Txibitek modu telematikoan parte hartu du bileran. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Bordelen izan dira Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua eta Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua ere.

Urkulluk azaldu duenez, argi ikusi dute euroeskualdean lan egin dezaketela industriaren, elikaduraren eta energiaren arloetan. Zehazki, hiru gobernuetako sektore horien arduradunei eman diete lan hori: «Aurretiko analisi bat egingo dute, aztertzeko zer egin dezakegun elkarlanean, batez ere hiru arlo horietan».

Horretaz gain, azken bi urteen balantzea «onuragarria» izan dela esan du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Gogorarazi du 2020-2021eko aldian guztira 54 proiektu onartu direla, eta hamar lankidetza estrategiko garatu direla; guztira, 2,6 milioi euroko inbertsioa egin da.

Zailtasunei buru egitea

Ukrainako gatazkak eragindako egoera izan da bileraren hizpide nagusietako bat. Urkulluk azaldu duenez, euroeskualdea prest dago «nazioarteko krisi ekonomiko, sozial eta politikoak ekarriko dituen zailtasunei buru egiteko».

Urkulluren ustez, gatazkak erakutsi du «euroeskualdearen eta Europaren esparruan garatutako mugarik gabeko harremana» baliagarria dela horrelako krisiei aurre egiteko, pertsonen arteko konexioa, haien joan-etorriak, garraioa, merkataritza harremanak eta energia konexioa errazten dituelako. Orain, «mugaz gaindiko pasabide» hori ukrainarren mesedetan erabiltzeko prest agertu dira. Bilkura baliatu dute Ukrainari elkartasuna adierazteko.

Nafarroako lehendakari Maria Txibitek ere ontzat jo du egindako lana, eta erantsi du mugak ez direla «banatzeko lerro gisa» hartu behar, «aukera gisa» baizik.

Pandemia ere hizpide izan dute bilkuran. Urkulluk nabarmendu du euroeskualdeak «erantzuteko eta egokitzeko gaitasuna» erakutsi duela horren aurrean, eta egoeraren zailtasunak gorabehera, gauza izan direla hainbat egitasmo abian jartzeko.

2021ean egindakoaren bilana aztertzeaz gain, 2022. urterako aurrekontuaren ardatz nagusiak ere zehaztu dituzte bileran. Halaber, aurten garatuko diren egitasmoen deialdiaren esparrua ere onartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.