Michel Tubiana. Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidente ohia

«Euroaginduen bidea berriz aztertzea eta eztabaidatzea nahi dugu»

Frantziako Giza Eskubideen Ligako presidentea izan zen Tubiana 2000tik 2005era, eta giza eskubideen arloko militante sutsu eta ezaguna da Frantzian zein nazioartean.

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ekainaren 18an Miarritzen eginen den euroaginduaren aurkako ekitaldiko bultzatzaileetariko bat da Michel Tubiana, eta sostengu irmoa adierazi dio Aurore Martin Batasuneko kideari, Frantziako justiziak haren kontrako euroagindua onartu ondoren. Euroaginduaren prozedura berriz aztertzeko eskatzen die Frantziari eta Europari. Espainiari eta ezker abertzaleari gatazka gainditzeko urratsak egin eta bide hori babesteko eta indartzeko eskatzen die.

Euroaginduaren aurkako eguna eginen da ekainaren 18an, eta Giza Eskubideen Ligak sostengua helarazi dio Aurore Martini. Nola azaltzen duzue sostengu hori?

Euroaginduak ez ditu bermatzen pertsona bakoitzari dagozkion eskubideak; alderantziz, urratzen ditu, pertsona horri ez diotelako ematen defentsa egokia burutzeko baliabiderik. Martinen kasua adierazgarria da. Batasuneko kidea da, eta alderdi hori legezkoa izan arren Frantzian, legez kanpo dago Espainian. Espainiak haren kontrako euroagindua eskatzen du, eta Frantziak onartzen dio. Argi dago sistema hori ez dabilela ongi. Nola onar lezake Frantziak Martin kanporatzea, leporatzen zaizkion karguak legezkoak badira Frantzian? Euroaginduaren prozedurak berak saihesten du defentsa eskubidea. Epailea ez da sartzen arazoaren muinean, eta prozedurari buruzko iritzia ematen du. Ez du kontuan hartzen leporatzen zaiona. Euroaginduak oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Martini ez diote deliturik leporatzen, baina Espainiaratzeko arriskua dauka.

Prozedurak saihesten du salaketaren mamia aztertzea. Alta, atxilotuak ez du bere defentsa bermatzeko eskubiderik, epaileak prozedura baino ez badu aztertzen. Zer eskatzen diozue Frantziari eskubideak bermatzeko?

Frantziari eta Europari. Biei eskatzen diegu euroaginduaren prozedura osoa aztertzeko eta eztabaidatzeko berriz. Bai Europako Batzordeak, bai eurodiputatu anitzek ikusten dute zerbait gaizki dabilela prozedura horretan. Gehiegikeriak burutzen dira prozedura hori baliatuz. Eta ez bakarrik politikoak. Prozedura arinegia da, horren bukaeran dauden espetxe zigorrak kontuan hartzen badira. Atxilotuaren eskubideak defenditzeko prozedura indartu behar da. Martinen kasuan, Espainiak legezko prozedura bat baliatzen du haren helburu politikoak lortzeko, eta hori ez da bidezkoa. Espainiak konpondu behar du Euskal Herrian daukan arazo politikoa.

Martinen kasuari sostengua ekarri diozue, baina gehiago izan dira. Frantziak Segiko zortzi kide atxilotu zituen martxoan, eta Espainiaratu. Haien kontrako salaketak torturaren bidez lortu zirela salatu zuten. Frantziak onar dezake euroagindua tortura salaketari so egin gabe?

Ez da kasu bera. Segiko zortzi militante horiek jatorri espainiarra daukate, eta Martinek frantsesa. Frantzian legezkoak diren jardun politikoak leporatzen zaizkio Martini, eta horregatik espetxe zigorra ukan dezake Espainian. Ez diote neholako deliturik leporatzen, iritzia ematea ez bada. Pertsona bat iritzi politikoengatik espetxeratzea onartezina da, Frantzian eta munduan. Segikoen kasuan, Espainiak hainbat delitu leporatzen dizkie, eta haien kontrako prozedura estradizio arauek finkatu bideetatik doa. Horregatik diot kasu horiek ezberdinak direla oinarrian. Horrekin ez diot Espainian indarrean dagoen salbuespen prozedura ikusten ez dugunik. Salbuespen legeak dituzte, eta badakigu horien izenean Espainiak ez dituela kontuan hartzen tortura salaketak. Gure kezka adierazten dugu horren aitzinean.

Ezker abertzaleak azken aldi honetan egin dituen urratsak ikusita, bidezkoa da Espainiako Gobernuaren jokabidea?

Gatazka gainditu eta ziklo politiko berri bati ekiteko borondatea adierazi du ezker abertzaleak. Legezko prozedurak ez dira onak, politikoki baliatzen direlarik. Gatazka politikoa gainditzeko borondatea badago, Espainiako Gobernuak eta ezker abertzaleak urratsak egin behar dituzte bake bidea babestu eta indartzeko. Salbuespen egoerek eta egiturek ez dute balio gatazka gainditzeko. Horretarako urrats politikoak eta demokraziaren errespetua dira oinarri eta abiapuntu. Legezko testu bat indargabetzea edo aldatzea baino askoz ere gehiago behar da horretarako.

Bizi normalera itzultzeko erabakia jakinarazi du Martinek. Haren kontrako ebazpena indarrean dagoelarik, Martin atxilotzeko eta Espainiaratzeko arriskua berehalakoa da. Zer egin dezakete giza eskubideen aldeko taldeek horren kontra?

Guk ezin dugu eragin Aurore Martinen erabakietan, baina horrek ez du aldatuko gure jarrera. Gure sostengu osoa adierazi diogu, eta engoitik ere horrela segituko dugu. Pertsonaren eskubideak defendatzeaz gain, eskubideak urratzen dituen prozedura salatzen dugu. Atxilotuko balute ere, hartutako erabakia ez gauzatzea eskatzen diogu Frantziari. Gure eskaria kontuan hartuko ez balu eta preso sartuko balute, gure sostengu osoa ukanen du Martinek, orain artean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.