Dergiren kontrako euroagindu eskaera. Auzi saioa

Euroaginduari uko egiteko lege oinarria badela dio prokuradoreak

Espainiaratzekotan «zerraldo» eraman beharko dutela erran du Dergik. Epaileak abuztuaren 17an jakinaraziko du ebazpenaDergik libre segituko du Cahorsen, Agengo epailearen ebazpenaren zain

Daniel Dergi, atzo, senide eta lagunekin, auzitegiaren kanpoko aldean. Inguruan dituzte poliziak. BERRIA.
Aitor Renteria.
Agen
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ageneko prokuradoreak ez du ausardia osoz jokatu eta onartu arren Danien Dergi euskal preso ohiaren aurkako euroaginduariuko egiteko lege oinarria dagoela ez du bertan behera utzi haren kontrako prozedura. Euroaginduari uko egiteko arrazoietan luze sakondu zuen, aldeko bakar bat aipatu gabe. Dergiren aurkako euroagindu eskaera bertan behera uztea eskatu du Yolanda Molina defentsako abokatuak. Epaileak abuztuaren 17an emanen du ebazpena eta bitartean Dergi libre egonen da.

Prokuradorearen iritziz, euroaginduari «derrigorrez» uko egiteko arrazoiak egon daitezke baina epaileak ebatzi beharko du. Gehitu du, Ministerioaren izeneanepailearen ebazpenak oinarri eta azalpen sendoak beharko dituela. «Hautuan» euroaginduari uko egiteko aukerak daudela onartu du. Prokuradoreak gogoratu du Dergiri leporatzen zaizkion gertakariak 1994ko martxokoak direla gehienik. Hain zuzen ere, enpresari bati igorritako lehergailu-gutun batean zegoen bisita karta batek Dergiren hatz markak zituela. Baina azpimarratu zuen gutun hori 1994ko otsailaren 21ean bidali zutela Parisetik. Orduko legearen arabera epea agortu da, eta auzia preskribituta dago.

Horretan oinarritzen du euroaginduari «derrigorrez» uko egitearen eskaria prokuradoreak, baina irakurketarik egin gabe. Epaileari eskatzen dio argitzeko zalantza, gertakariak zaharkituak ote dauden ala 2004ko legearen eremuan kokatzen diren. Molinak nabarmendu zuen ahozko aipamenean zalantzarako bidea utzi zuela prokuradoreak baina idatzizkoan ez. Epaileari helarazi zion paperean euroaginduari uko egin behar diola idatzi du.

Bertze alde batetik euroaginduari hautuz uko egiteko aukera egon daitekeela azaldu zuen prokuradoreak. Izan ere, aipatutako gertakarietan azaltzen den gutuna Parisetik igorri zuten, eta prokuradorearen iritziz euroagindua bi estatuen arteko konfiantzan oinarritzen bada ere, atal batean argiki aipatzen da Estatu baten lurraldean gertatzen diren delituak epaitzeko eskumena Estatuek atxikitzen dutela. Prokuradorearen arabera Espainiak ez du argitu zergatik ez den horrela egin. Ez zuen Dergiren aurkako salaketarik ezarri eta ondorioz ez da auzibiderik abiatu. Horretan oinarrituz, euroagindu eskaria baztertzeko aukerak egon daitezkeela azaldu zuen.

Biak oinarrituak

Defentsaren iritziz euroaginduari uko egiteko oinarri sendoak daude, batetik Dergiri leporatzen zaizkion delituak zaharkiturik daudelako eta bertzetik Frantziak Dergi epaitzeko eskumen guztiak dituelako, hori beharrezkoa dela pentsatuko balu. «Zuek, epaileek, erran dezakezue bertan behera gelditzen dela euroagindu eskaria, lege oinari sendoak dituzuelako eta zuen eskumena delako» erran zuen Molinak.

Gogoratu zuen Dergik hamabi urteko espetxe zigorra bete duela ETAko militante gisa egindako jardunarengatik. Azpimarratu zuen Dergik egindako guztia onartu zuela orain arteko auzietan baina orain uko egin behar ziola, ezin duelako leporatzen zaionari buruzko xehetasunik eman. Garaian ETAko militantea izanik, neke litzateke gogoratzea norekin egon zen eta non 1994ko egun haietan. Alta, Espainiak dio Dergiren hatz markak agertzen direla, neholako frogarik eman gabe. Orain artean Espainiak prozedura abian ezartzeko denbora izan duela nabarmendu zuen Molinak, eta ez du horrelakorik egin.

Euroagindu eskaria probokazio hutsa zela erran zion Dergik epaileari. «Gizon librea naiz eta zure erabakia aldekoa edo aurkakoa izan, ez da fitsik aldatuko. Libre segituko dut eta euroagindua gauzatzen baduzu nire zerraldoa eramanen diozue Espainiako torturatzaileei, baina ez nauzue bizirik eramanen». Frantziari dei egin zion gatazkaren estrategia baztertu eta konponbidearen aldeko urratsak egitera. Bortizkeriarik gabeko konponbide politiko eta demokratikoaren aldeko estrategian urratsak egitea eskatu zion, egiazko bake egoera ekartzeko Euskal Herrira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.