Euroaginduaren arrangura Europako Parlamentuan entzunarazi dute

Euroagindua aldatzeko eskatu dute Berdeetako hiru eurodiputatuk, parlamentuan egindako ahozko galderen bidez

Euroaginduen aurka eta Aurore Martini sosteguna adierazteko abenduan Baionan egindako manifestazio bat. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Euroaginduak eragiten dituen arrangurak oinarri gisa harturik, prozedura hori aztertzeko eta aldatzeko eskatu zuten atzo Europako Parlamentuan Berdeak taldeko hiru eurodiputatuk. Ahozko galderen txanda baliatu zuten Jan Philipp Albertcht, Judith Sargentini eta Heidi Hautala eurodiputatuek, Berdeak taldearen izenean.

Justizia alorrean zein praktikan euroagindua neurriz kanpo erabiltzeari uzteko eskatu zuten eurodiputatuek. Hori lortzeko prozedurarik aurreikusten duen galdetu zioten parlamentuari. Euroaginduaren bidez atxilotu dituzten pertsonentzako bermeak eskatu zituzten, eta nabarmendu zuten atxilotuari euroaginduaren aurkako helegitea jartzeko eskubidea bermatu behar zaiola, bai atxilotu duten herrialdean bai haren kontrako agindua eman duen herrialdean. Kontrako erabakia delarik pertsona horren kontrako prozedura bertan behera geldi dadila ere eskatu dute.

Azkenik, Europako Batasunean dauden arauak kontuan hartueta atxilotze baldintzak hobetzeko metodologiarik ote duen galdetu zioten parlamentuari. Gisa horretan, pertsonaren oinarrizko eskubideak urratzeko arriskua dagoen kasuetan, arrisku hori euroagindua ez onartzeko arrazoi gisa onestea eskatu zuten. Auzitegiek hori egin bitartean atxilotuaren eskubideak nola bermatuko diren azaltzeko eskatu zioten parlamentuari.

Prozedurari jarraikiz

Atzo parlamentuan egindako ahozko galderak eztabaida zabalagoa irekitzeko prozeduran kokatzen direla azaldu zuen Catherine Greze eurodiputatu ber-dearen bulegoak. Grezek sostengua adierazi dio ekainaren 18an euroagindua salatzeko Miarritzen antolatu den ekitaldiari. Hain zuzen ere, Aurore Martin Batasuneko kidearen aurka- ko euroagindua gaitzetsi du Grezek.

Sostengu zehatzak garrantzitsuak badira ere euroaginduaren aurkako jarrera zabaldu eta Europako Parlamentuan urratsak egin behar direla nabarmendu dute aipatu diputatuek. Euroaginduaren ibilmoldea eta prozedura berriz aztertzeko eskaria egin diote parlamentuari. Oraingoan ahoz izan da, baina hurrengoan Europako Parlamentuko egitarauan sartzeko eskatu dute. Euroagindua hastapeneko eginkizunetik desbideratu dela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.