Euri jasak bota ditu gauean

Nafarroan, Iruñerrian, Lizarraldean, Pirinioetan eta Zangoza inguruan bota du ur gehien. Ekaitz indartsuak izan dira Bizkaiko eskualde batzuetan eta Gipuzkoa ekialdean ere.

Atzoko euriteek eragindako uholde bat, Iratxen. BERRIA
Atzoko euriteek eragindako uholde bat, Iratxen. BERRIA
2024ko abuztuaren 14a
08:00
Entzun

Iragarria zegoen atzo iluntzerako, eta iritsi da ekaitza. Nafarroan euri zaparrada mardulak bota zituen bart, eta metro koadroko 30 litro baino gehiago bildu dituzte eskualde batzuetan. Lizarraldean, Iruñerrian eta Zangozako inguruan bota zuen gehien.

Euriak uholdeak eragin ditu zenbait gunetan. Esaterako, Iratxen, hurrengo bideoan ikus daitekeen bezala.

Errepide batzuk urak hartu ditu Lizarran, eta Iruñean ere bai. Trafiko arazoak ere sortu dira.

Nafarroako Pirinioetan, berriz, kazkabarra bota du. Abodiko eta Nagoreko irudiak dira hauek:

Bizkaiko mendebaldean ere ekaitzak izan dira arratsalde amaieran. Kolpetik bota du. Sondikan, esaterako, 27,5 litro bildu dituzte ordu erdian, eta Bilbon, Zorrotza auzoan, hemezortzi litro denbora tarte berean. Ondorioz, ur putzuak sortu dira zenbait eremutan. Esaterako, Bilboko Deustu auzoan.

Gipuzkoa ekialdean, berriz, 21:00etatik aurrera hasi ziren ekaitz handiak. Lasarte-Oria, Andoain, Hernani eta Donostia artean bota du gehien. Miramongo estazioan, ordubetean, 41 litro neurtu dituzte metro koadroko; Andoainen, 35,6; Lasarte-Orian, 35; Ereñotzun, 24.

Euskal Herriko zazpi lurraldeak alertan ziren atzo, ekaitz handiengatik. Gaurko, prezipitazio gutxiago espero da, eta tenperaturek pixka bat behera egitea. Egunak aurrera egin ahala atertzera eta argitzera egingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.