Egun grisa, hotza kalean, euria bota ahala... Arratsaldeko seietan jarria zuen ordua atzoko, Arriaga aurrean, EuskalHerriko mugimendu feministak. Indarkeria sexistaren kontrako manifestazio nazionala Bilboko Mamiki konpartsako batukadak hasi zuen. Tartean Ermuko, Ondarroako, Basauriko (Bizkaia) eta Gasteizko emakume perkusionistak batu zitzaizkien. Brasilen tradizioz gizonezkoek jotzen dute batukada. Euskal emakumeek, oraingoan ere moldeak hautsi nahian, eguraldiaren kontra ere borrokatu behar izan zuten atzo, termometroak markatutako zazpi graduek gorputzean eragindako hotza eta euriaren sentsazio umela uxatu guran.
Zaparrada ederra bota zuen manifestazioak iraun zuen bitartean, baina horrek ez zuen isilarazi emakumeen ahotsa. More koloreko zirak eta danborrak aldean perkusioa indartsu joz zebiltzala, beltzez jantzitako dozena erdi gizaki beldurgarri hurbildu zitzaizkien, makulu bat lagun, astiro-astiro.Ahoa muturrekoarekin estalita, otso itxurako haiek manifestariak beldurtzen saiatu ziren. Performance horretan, Orquesta Mondragon taldearen Caperucita Feroz abestia eta Iciar Bollainen Te doy mis ojos filmeko zenbait esaldi entzungai izan ziren. Azkenean, emakume perkusionistek, danborra indartsu astinduz, munstro itxurako izakiok Arriaga plazatik botatzea lortu zuten.
Antzerkia eta aldarrikapenak
Ordu erdiz, batukadak Arriaga aurrean batuta zeuden milatik gora lagun jai giroan jarri zituen, udaletxeko atean amaitu behar zuten manifestazioa hasteko prest. Indarkeria sexistak mila aurpegi: erantzun! leloa idatzita zeraman pankarta jarri zen manifestazio buruan. Arratsaldeko bigarren performancea Plaza Biribilean aurkitu zuten manifestariek: erdi biluzik, gerriko bat eta takoizko zapatak jantzita, euripean zeuden emakumezkoek behin eta berriro oihukatzen zuten «ezin dut gehiago jasan, ekarri zapatila batzuk, arren!». Pailazoen modura sudur gorria sudurrean zutela, emakumeentzako arropa dendetan ohikoa den 38 izariaren kontra aritu ziren performancean.
Manifestazioak Kale Nagusian aurrera egin ahala, kantuan hasi ziren emakumeak: «Kalera, kalera, emakumea, kalera! Hire indarraren beharra dinagu, gure indarrarekin batera...». Aldarrikapen kantuari umorez jarraitu zion beste honek: «Eusko klitoriak gara, gorputza askatzeko; gerturik daukagu alua, bere aldez emateko. Orgasmo bat entzun da, mendi tontorrean; goazen klitori danok, beste gorputzen bila». Manifestazioak, «emakumeok ez gaude salgai» oihu artean, Plaza Eliptikora iritsi zenean, zenbait kiderekin topo egin zuen Gobernu Zibilaren aurrean. Txartelak eskuetan zeuden, aldarri eginez:«Osasun eskubidea: medikuntzako ikasketak eta jarduera mendebaldeko zuri eta gizonezkoen ikuspuntutik egiten dira», «lanerako eskubidea», «hizkuntza sexistaren kontra»...
Bilbon aurtengo jaietan eraso asko gertatzeak eta emakume bat hil izanak zerbait egin beharra piztu du Euskal Herriko mugimendu feministaren barruan. Hortik etorri da atzoko manifestazioaren zergatia. Bukaerako ekitaldian mugimendu feministako ordezkariek hala azaldu zuten: «Komunikabideetatik eta erakundeetatik jasotzen dugu bikote barruko tratu txarren aurkako neurriak jartzen ari direla, baina ez gainerako indarkerien aurka: tortura sexista, sexu erasoak... Legeak indarkeria sexistatzat hartzen ez dituen hainbat kasu daude. Indarkeria sexista patriarkatuaren ondorio da, egunero era desberdinetan islatzen dena; ez da salbuespeneko zer edo zer. Lan desberdintasuna, laneko jazarpena, publizitate sexista, emakumeen gutxiespena, Justiziaren aurreko zigorgabetasuna, bikotekidearen eta familiaren kontrola... Beste jendarte eredu bat eraiki nahi badugu, lehentasunezko eta ezinbesteko aldaketa da hau. Erakundeek zeregin handia dute indarkeriaren aurkako borrokan».
Euriak ez du isilarazi emakumeen ahotsa
Mugimendu feministak milatik gora lagun batu ditu Bilboko kaleetan indarkeria sexistaren aurka protesta egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu