Kutxa fundazioaren Eureka zientzia museoak hogei urte bete zituen joan den urtarrilean. Aurreikuspenen arabera, ailegatuko da datorren urteurrena ospatzera, baina hori izan liteke haren jarduneko azkena. Fundazioak iragarri du Donostiako Eureka zientzia museoa itxi eginen dutela. Zehaztu dute ixteko data, gainera: zentroak 2023an hetsiko ditu ateak. Emandako informazioaren arabera, ordea, museoan abiatutako proiektuak ez dira hutsean geldituko: Eurekan sortutako dibulgazio eta hezkuntza jarduerak «berritzea eta birformulatzea» da helburua, ondotik Tabakaleran leku hartzeko. 2001. urtean ireki zuten Eureka museoa, Donostiako Miramon auzoan eta erreferentzia ezinbestekoa izan da urteotan zientziaren dibulgaziorako egitasmoetan.
Esan dutenez, orain gune berri bat sortuko dute Tabakaleran. Emandako datuen arabera, «diziplinarteko ezagutzarako gune bat» izatea nahi dute, eta helburua da kulturarekin, zientziarekin eta hezkuntzarekin loturiko eskaintza bat handik abiatuta egitea herritarrentzat. Kutxa fundazioaren esanetan, gunea Tabakaleran egoteak nabarmen lagunduko du «Gipuzkoako gizartearen premiekin hobeto konektatzen».
Hain zuzen, bide berri bati lotu zaio Kutxa fundazioa. «Kudeaketa eredua birdefinitu» egin nahi dutela adierazi dute fundazioko arduradunek prentsa ohar batean. Iritzi diote premiazkoa dela hainbat aldaketa egitea; 2030 Plan Estrategikoan jaso dituzte, hain zuzen ere, horretarako helburuak eta erronkak. Gipuzkoan «erreferente» izaten jarraitu nahi dutela esan dute, baina «izateko beste era batekin». Fundazioaren «iraunkortasunari» ere erreparatu diote eman dituzten argibideetan. Eman dituzten datuen arabera, hogei milioi euroko aurrekontua dute «Gipuzkoako gizarte osoari zuzendutako egitasmo eta proiektuetarako».
Itzaltze gehiago
Eureka zientzia museoa ez da izanen ateak itxiko dituen bakarra. Kutxa fundazioak iragarri du Etxarriko (Nafarroa) Arotz Enea udalekuetako etxearen jarduna ere bertan behera geldituko dela. Zehaztu dutenez, itxia egon da COVID-19aren izurritea zabaldu zenetik, eta, azkenik, behin betiko ixtea erabaki du fundazioak. , Hernanin, Ekogunea ere itxi egingo dute. Hala ere, ingurumenarekin lotutako «hezkuntza proiektuekin» jarraituko duela esan dute, eta eragile batzuekin kontaktuan direla Ekogunea dagoen tokian «proiektu» bat egiteko.
Eureka zientzia museoa itxiko du Kutxa fundazioak
2023ra arte jardungo du; itxi egingo du Ekogunea ere. Hango jarduerak Tabakalerara eramango ditu, «berrituta eta birformulatuta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu