Euneiz unibertsitate pribatua sortzeko lege tramitazioa, aurrera

EP-IUk lege egitasmoa bueltatzeko eskatu dio Jaurlaritzari. EAJk, PSEk, PPk eta Voxek proiektua babestu dute, eta EH Bildu abstenitu egin da

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, legebiltzarreko saioan. R.B. / FOKUA.
edurne begiristain
Gasteiz
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Gasteizen eraiki nahi den Euneiz unibertsitate pribatu berria eraikitzeko lege proiektuak beste koska bat gainditu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean: EAJk, PSEk, PPk eta Voxek atzera bota zuten Elkarrekin Podemos-IUren osoko zuzenketa, eta EH Bilduk abstentziora jo zuen; horrenbestez, lege egitasmoa tramitatzen jarraituko dute legebiltzarrean. Uda aurretik, hezkuntza eragileen ekarpenak jaso zituzten, eta hemendik aurrera taldeen zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte. Azken fasean da tramitazioa, legea behin betiko onartu aurretik.

Unibertsitate pribatuaren proiektuak mesfidantza eragin du hasieratik, batez ere unibertsitate komunitatearen barruan. EHUk eta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak ere txosten bana egin dute Euneizen aurka. Proiektuak finantzaketa publikoa jasotzeak eragin du zalapartarik handiena, eta hori bera arrazoitu du Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketan. Iñigo Martinez Zatonek salatu zuen unibertsitate horrek finantzaketa publikoa jasoko duela, eta hezkuntza ikuspuntu «merkantilista» batetik sustatuko duela, «irabazi asmoa» izango duelako.

Lege oinarria

EP-IUko legebiltzarkideak bestelako kritikak ere egin zizkion unibertsitate pribatuaren proiektuari: salatu zuen ez dituela betetzen euskal sistema unibertsitarioak ezarritako helburuak, eta ez dela bateragarria Espainiako Gobernuak onartu berri duen lege dekretuarekin. Hain justu, uztailean Espainiako Gobernuak gogortu egin zituen goi mailako hezkuntza zentroak unibertsitatetzat hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak, dekretu bidez, eta Euneiz ez da lege berrira egokitzen.

Espainiako Gobernuaren dekretu berriak zentroek eskaini behar duten gutxieneko eskaintza akademikoa zehazten du: graduko hamar titulu, sei master eta bi doktoretza programa. Euneizek, ordea, graduko bederatzi titulu eskainiko ditu. Gainera, dekretuak dio bost ezagutza adarretako gutxienez hiruk egon behar dutela hezkuntza curriculumean jasota, baina Euneizek bi adar baino ez ditu hartuko. IU-EPko legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu zion atzera botatzeko lege proiektua, eta baldintza berrietara egokituko den beste bat aurkezteko.

EH Bildu abstenitu egin zen bozketan, baina Ikoitz Arrese legebiltzarkideak argitu zuen koalizioak ez duela bat egiten unibertsitate pribatuaren egitasmoarekin. Lau zuzenketa partzial aurkeztu dizkio lege egitasmoari, bermatzeko Euneizek ez duela diru publikorik jasoko. Halaber, txosten juridiko berri bana egiteko eskatu die Unibasq agentziari eta Eusko Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei, Euneizek Espainiako Gobernuaren lege berria betetzen duen argitu dezaten. Arresek ohartarazi zuen proiektu horrek «alde ilun» asko dituela, eta salatu «alfonbra gorria» jartzen ari zaiola unibertsitate pribatuari, EHUn espezialitate berberak eskaintzea sustatu beharrean.

Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berriz, ziurtatu zuen gobernuaren lege proiektuak indarrean den araudia errespetatuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.