Abiadura itzelean zabaldu da eukaliptoa azken urteotan Euskal Herrian. Bereziki, Bizkaian. Azken sei urteotan ia erdia handitu da espezie horren azalera. 17.265 hektarea ziren 2016an, eta 25.315 hektarea 2022an; hau da, %46 gehiago, Eusko Jaurlaritzaren Hazi fundazioak egiten duen baso maparen datuen arabera. Eukalipto gehienak Bizkaian daude, ia %90: herrialde horretan 16.000tik 22.300era (%46) handitu da hektarea kopurua denbora tarte horretan.
Batez beste, Gipuzkoan handitu da gehien, 573 hektarea baitzeuden lehen, eta 1.575 orain (%174 gehiago). Araban ere hazkunde handia izan da (%98): 720 hektarea zeuden lehen, eta 1.429 daude orain, nahiz eta proportzionalki oso eremu txikia izan beste zuhaitz espezie batzuenarekin alderatuta. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ia ez da eukaliptorik, sail bakan batzuk kenduta.
Bizkaian, pinuen xingola marroia gaitzak bizkortu egin du eukaliptoen zabalpena, eta landatuta dauden zuhaitz espezieen %16 dira gaur egun. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak, espeziearen zabalpen hori galgatzeko asmoz, landaketa berrien gaineko etenaldi bat ezarri zuen iaz. 2022ko maiatzean jarri zen indarrean debekua, eta 2025eko abendura arte iraungo du. Berez, salbuespen bakarra du neurri horrek: hots, ez ditu geratu moratoria indarrean jarri aurretik egindako landaketa eskaerak, eta erakunde ekologistak, hain zuzen ere, kexu dira, horiek «amarru» gisa erabiltzen ari direlakoan eukalipto sail gehiago jartzeko.
Halaxe uste du Erroxeli Ojinaga Zain Dezagun Urdaibai elkarteko kideak. «Gure ustez, luzapenaren erabakia kosmetikoa izan da. Berez, eukaliptoen landaketa debekatuta dago haren arabera, baina tranpa bat topatu dute; hau da, erabakiaren aurretik egindako landaketa eskaerak ez direla debekuaren barruan sartzen. Eta, hori dela eta, jarraitzen dute eukaliptoa sartzen, baita babesguneetan ere».
Esate baterako, Urdaibaiko ibaiaren eta itsasadarraren bazterretan eukalipto gehiago landatu dituztela salatu du. «Kontuan hartu behar duzu Busturialdeko erreka sare guztia babestuta dagoela, babes bereziko eremu (BBE) bat dela, eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planaren (EKZP) arabera ere babestuta dagoela. Bada, babesguneetan ere, errekatik hogei metrorako eremu babestuen barruan, eukalipto landaketak egiten ari dira».
Biosferaren erreserban halakoak egiten ari badira, Ojinagak uste du beste tokietan ere egiten arituko direla. Araudiak propio debekatzen du halakorik, baina kontrol falta ikusten dute ekologistek. «Udalak ez du eskatzen baimenik, partzuergoak ez du zaintza lanik egiten, eta ez dute legedi hori betearazten. Guk fiskaltzara eraman dugu Busturialdeko kasua, babes lege guztiak ari baitira urratzen erakundeak. Guk jarritako kexa dela eta, Arartekoak arrazoia eman digu».
Urdaibain eta biotopoaren barruko Bakio eta Bermeon ikusten ditu halakoak Ojinagak. Bizkaiko beste erakunde ekologistekin dituen harremanetatik ateratzen duen informazioaren arabera, ondorioztatu du Bizkaiko beste leku batzuetan ere antzeko egoerak izaten direla, nahiz eta berak ezin duen ziurtatu. «Hemen tranpa horiek egiten badituzte, uste dut beste leku batzuetan ere egin ahal izango dituztela, baina guk gure ingurukoez hitz egin dezakegu».
Zain Dezagun Urdaibai egoera horiek salatzen ari da udaletan eta diputazioan. «Landaketa egiteko baimena diputazioak eman behar du, baina obra baimena, berriz, udalak». Beraz, ekologisten arabera, bi erakundeek dute gertatzen ari den horren gaineko erantzukizuna.
«Errespetatu egin dute»
Izatez, Eusko Jaurlaritzaren Baso Maparen datuen bilakaerari erreparatuz gero, gutxitu egin dira eukaliptoen landaketak. 2021ean, 1.348 hektarea eukalipto landatu ziren Bizkaian, eta 2022an, 457 hektarea. Beraz, indarrean jarritako debekuak nolabaiteko eragina izan duela ondorioztatu daiteke datuetatik. Hala berretsi du Urko Ibañez Bizkaiko Basozainen Elkarteko eledunak ere. «Luzapena indarrean jarri aurreko hilabeteetan, martxoan eta apirilean, ugaritu egin ziren landatzeko eskaerak, baso jabeek ikusten zutelako debekua indarrean sartuko zela. Baina hortik aurrera, oro har, erabakia errespetatu egin dute, eta ez da landaketarik egin».
Ibañezen arabera, litekeena da debekua errespetatu ez duen kasu bakanen bat egotea, baina, oro har, basozainek ikusi dutena da neurria bete egin dela. «Guk ez dugu landaketarik ikusi».
Eukaliptoak jartzea behin-behinean debekatzen duen araua 2025eko abenduaren 31ra artekoa da, eta ordutik aurrera ikusi egin beharko da zer erabaki hartzen duten herrialde horretan espezie horren landaketei dagokienez. Orain, foru arau berria lantzen ari dira, eta diputazioaren apustua da baso politikak hainbat arlotako ikuspegia aintzat hartzea: hots, ingurumena aintzat hartzea, baina ikuspegi sozioekonomikoa ere bai; hau da, «lanpostuen sorrerari eta ekoizpen sistemari» eustea.
Ibañezek uste du zaila izango dela foru arau horrek guztiz debekatzea eukaliptoen landaketak, baina baliteke baldintzatzera jotzea. Basozainek ikusi dute jabe askok, eukaliptoa debekatu dutenetik eta insignis pinuari xingola marroiak erasan zionetik, itsas pinuaren aldeko apustua egin dutela. «Egin beharreko gauza bat zen eukaliptoaren zabalpena mugatzea. Gelditu beharra zegoen. Jendeak errespetatu egin du, eta ea hemendik aurrera jabeek txipa aldatzen duten, eta ea foru arau berriak zer esaten duen».
Bizkaian ez ezik, Gipuzkoan ere hartu dute eukalipto landaketak mugatzeko neurririk. Herrialde horretan, oraindik ez dago oso zabalduta zuhaitz espezie arrotz hori, baina asko ugaritu da azken urteotan. Herrialdeko zuhaitz espezieen %1,5 inguru dira eukaliptoak. Zabaltzearen abiada gutxitzeko edo, duela bi urte, Gipuzkoako Foru Aldundiak zera erabaki zuen: jabeek 25 urtera atzeratu beharko zutela landatutako eukaliptoen mozketa. Aurretik, 15 urterekin moztu zitezkeen. Horrek dezente mugatzen du egur industriak espezie horretan duen interesa.
Xingola marroia pinudietan
Azpimarratzekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sei urteotan insignis pinudiek hedaduran izandako murrizketa ere. Xingola marroiaren gaitzak —2018an agertu zen— kinka larrian jarri ditu pinudiak, eta jabe askok, gaixotutako landaketak bota ostean, ez dute berriz ere espezie bera erabili landaketa berriak egiteko.
Araban, %11 inguru txikitu da insignis pinuen eremua; Bizkaian, %16; eta Gipuzkoan, %22, Hazik egindako baso maparen datuen arabera. Nafarroan ez dago datu berririk, baina espezie horretako landaketen hedadura erdira murriztu dela ondoriozta daiteke gobernuak zenbait txostenetan emandako informazioetatik, 4.500 hektarea baitziren lehen, eta 2.000 hektarea inguru orain.
Edozein moduz, Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik ere insignis pinuak du eremurik handiena, eta baso jabe askok oraindik haren aldeko apustua egiten dute landaketa berriak egiteko, Bizkaiko basozain Ibañezek baieztatu duenez.