Eudelen aurtengo aurrekontua udalen «parte-hartze prozesu baten eta adostasun eta lankidetza politikoaren emaitza» izan da, elkarteko buru eta Derioko (Bizkaia) alkate Esther Apraizek azaldu duenez. Berritasun gisa, batzorde eragileak «entzute aktiboko dinamika bat» bultzatu zuen joan den udazkenean, non udal bazkideek beren proposamenak helarazi ahal izan baitzituzten. Hala osatutako ekintza planak 700.000 euro jaso ditu «proiektu estrategikoetarako», eta 328.770 euro prestakuntzarako, berdintasunerako, euskararako eta gobernantzarako, 2025ean garatzeko. Programa partida Emakunderekin, Euskaltzaindiarekin eta Europako Kontseiluarekin egindako hitzarmenen bidez finantzatuko dute batik bat.
Eudelen Batzar Orokorrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alkate guztiak bildu ditu gaur. Aurreko urteko kontuak onartu dituzte, eta 2025erako elkartearen aurrekontuari onespena eman. Apraiz presidentea pozik agertu da jasotako babesarengatik, eta oso ontzat jo du lortutako akordioa, «erantzukizun eta konpromiso ariketa gisa, aurrerantzean ere udalentzako funtsezko laguntza izateko». Esan du pozik dagoela trantsizio sozial-demografiko, digital-teknologiko eta ekologikoa ikusirik, eta herritarrei zerbitzua eman ahal izango dietela udalek, «inor atzean gera ez dadin».
«Aro honetan, geure interes komunak Eudel elkartearen izateko arrazoi bihurtu behar ditugu»
ESTHER APRAIZEudeleko elkarteburua
Elkarteko buruak euskal udalen ordezkaritza instituzionalaren maila ona nabarmendu du. «Erabakiak hartzeko organo guztietan gaude, eta, gure rola arduraz, zuzentasunez eta adimenez jokatzen badugu, helburu berriak lortu ahal izango ditugu», adierazi du. Apraizek «desberdinen arteko batasuna eta akordioa» erdiesteko deia egin du, eta dei hori bereziki EH Bilduko udal gobernua duten udalerrietako ordezkarientzat izan delako itxura hartu du; «aro honetan geure interes komunak elkartearen izateko arrazoi» bihurtzeko eskaera egin du jarraian, eta gaineratu Eudel «erabilgarria eta baliotsua» izango dela, «udalerri guztientzako eta euskal gizartearen onurarako akordio zabalak» ehundu ahal dituen neurrian.
Udal politika, errealitatea
Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren udalgintzaren urteroko bilera, aurten, udalen agintaldiaren erdialdean egin dute. Apraizek alboan izan ditu bi elkarteburuordeak: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Cristina Laborda Irungo alkatea. Euskal Udalen Elkarteko gobernua osatzen duen batzorde eragileko hamabi kideak ere agertokian izan dira. Hain zuzen, Azpeitiko alkate Alkortak zehaztu du 2025erako elkartearen aurrekontua. 3,8 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa baino %2,86 handiagoa.
Batzarreko hitzaldi nagusian, Eudeleko elkarteburuak egungo nazioarteko agertokia aipatu du, baita «autoritarismoek eta gorrotoaren diskurtsoek demokraziarentzat eta ongizatearen oinarrientzat dakarten mehatxua» ere. Udal politika «errealitatearen politika» dela adierazi du, «jendeari begietara begiratzen diona». Eta azpimarratu du udalek «funtsezko zeregina» dutela gobernantzan erakundeekiko «kohesioa eta konfiantza soziala indartzeko».
Etxe turistikoak arautzekotan
Eudelek aurten izango dituen ardatzak ere aurkeztu ditu zuzendaritzak. Haietako bat da 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien erronkak aztertuko direla —elkarteko udalerrien %80 dira—. Beste bat Udalhitz akordioaren ingurukoa da. 20.000 udal langilerentzako baino gehiagorentzako hitzarmena eguneratzeko konpromisoa dago, lege aldaketetan oinarrituta. Sindikatuekin hizketan hasi dira.
Era berean, pertsonak «ardatz» gisa hartu ditu elkarteak. Ildo horrek gizarte politika guztiak biltzen ditu, baita migrazioa, aniztasuna, berdintasuna, enplegua eta segurtasuna ere. Eta zenbait nabarmendu daitezke ekintzen artean: gorroto delituetarako tokiko jarduera gida bat egitea, eta indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloak eguneratzea.
Hirigintzari dagokionez, etxe eta gela turistikoen erabilera arautzeko oinarri komun batzuk prestatuko ditu elkarteak. Eudelek dio udalerri bakoitzean «askotariko erantzunak» sortuko direla etxebizitzaren erronka handiaren inguruan, «udal errealitatea bera oso heterogeneoa baita». Eudelek bere burua eskaini du etxebizitzaren arloko irtenbideak lantzeko.
Euskarari dagokionez, «jardunbide egokien dekalogoa» egingo dute aisialdian euskara sustatzeko.