EH Bilduk atzo iragarri bazuen ere abstenitu egingo zela Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkartearen 2024rako aurrekontuen bozketan, batzarkideek bide eman diote 3,7 milioi euroko aurrekontuari, EAJren, PSE-EEren eta zenbait plataforma independenteren aldeko botoekin. Zehazki, aldeko 512 botorekin eta 299 abstentziorekin onartu dituzte. Egoera hori ikusirik, Eudeleko presidente eta Derioko alkate (Bizkaia) Esther Apraizek «heldutasuna» eta «interes komunen alde lan egiteko borondatea» nabarmendu ditu. Izan ere, «estrategikotzat» jo ditu aurrekontuak, ezarritako lehentasunei erreparatzeko. Hain zuzen, lehentasun horien inguruan aritu da Bilboko Euskalduna jauregian egindako batzar orokorrean, lanak bi ildo nagusitan banatuz: udalei zerbitzuak bermatzea eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea.
Apraizek elkartearen «jardueren zirriborro orokor bat» egin du, presidente kargua hartu duenetik eginiko lehen batzar orokorrean. Halere, irailean hautagaitza bateratu baten alde ezarritako «kontsentsuari» jarraipena emateko eskatuz hasi da hizketan: «Gure indargune nagusia da». Derioko alkateak gehitu du elkartetik kanpo utzi behar direla «konfrontazio politikoak», eta batzarkideei «arduraz» jokatzeko eskatu die.
Izan ere, udalen elkarteko presidentearen esanetan, aldaketa sozial eta ekonomikoak «gero eta bizkorragoak» dira, eta horrek «malgutasuna» eskatzen du, baita erakundeek «egonkortasuna, zorroztasuna eta maila anitzeko lankidetza» bermatzea ere: «Udalen interes komunak eta udal autonomia defendatzeko adostasuna zaintzen jarraitu behar dugu. Euskadiko tokiko boterea indartzeko beharrezko solaskide instituzionala gara».
Bide horretatik, aurrerako urratsak egiteko iaz osatutako udal egiturak, legealdi berria zein Eudelen beraren antolaketa berria baliatu behar direla azaldu du. Finean, «tokiko lidergoen» eta «belaunaldi berrien» beharra azpimarratu du, udalgintzatik eraldaketa sozialdemografikoari, digitalari, ekologikoari eta feministari bide emateko. Zehazki, udalak oinarrizko tresnatzat jo ditu aldaketa horiek «errealistak eta integratzaileak» izateko.
Hori kontuan izanik, legealdirako bi lan ildo nagusi zehaztu ditu Apraizek: udalei zerbitzuak ematea eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea. Lehenari dagokionez, helburu gisa jarri ditu udalerri txikiei laguntzea, udalgintza feminista sustatzea, eta udalen eta herritarren arteko «konfiantza zubiak» sendotzea. Hala, zenbait lan ildo zehaztu ditu Derioko alkateak: Udalhitz udal erakundeetako lan harremanen protokoloari buruzko «hausnarketa partekatua irekitzea»; udal txikiei «laguntza bereziak» bideratzea, besteak beste, landa eremuen «erronka espezifikoen diagnostikoa» eginda; udalek «zainketen tokiko sistema berri bati heltzeko» tresnak garatzea; eta genero eraginari buruzko azterlan bat egitea. Era berean, euskara sustatzeko konpromisoa eta udalerrien Europara begirako proiekzioa indartzea ere aipatu ditu.
Erakundeen arteko lankidetzari erreparatzean, berriz, Eudel barruan Udal Finantzaketarako Foru Funtsen inguruko akordioak sustatzearen alde egin du, horretarako batzarkideen arteko lankidetzaren alde eginda. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Biltzen zerbitzuarekin elkarlanean aritzeko asmoa azaldu du, etorkinei harrera egiteko tokiko protokoloak garatzeko.
Tabakaleratik
Donostiako Tabakaleran egindako batzarrean aukeratu zituzten Eudelen zuzendaritzako kide berriak, irailean. Hala, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta zenbait plataforma independentek adostu zuten Apraizek (EAJ) hartzea erakundearen presidentetza, eta Azpeitiko (Gipuzkoa) alkate Nagore Alkortak (EH Bildu) eta Irungo (Gipuzkoa) Jose Antonio Santanok (PSE-EE) presidenteordetzak; azken hori Mikel Torres Portugaleteko (Bizkaia) alkate eta alderdikideak ordezkatu zuen Santano Espainiako Gobernuko Garraio idazkari izendatu ostean. Era berean, Batzorde exekutiboan seina kide dituzte EAJk eta EH Bilduk, bi PSE-EEk eta bat Zalla Bai plataformak.
Atzo, baina, EH Bildu kexu azaldu zen EAJk eta PSE-EEk «elkarlanari muzin» egin diotelakoan, eta aurrekontuen inguruko bozketan abstentziora joko zuela adierazi zuen. Izan ere, koalizioaren arabera, maiatzeko udal hauteskundeek «ziklo politikoa aldatzea» eragin dute, eta aldaketa hori Eudelen ere islatu behar da. Hala, eurek eginiko proposamenei bide emateko eskatu zuten. Besteak beste, ekintza plana «batera lantzeko konpromisoa», Eudelen lan kontratazioen inguruan adostasunak ezartzea eta erakundearen txostenak euskaraz bidaltzeko konpromisoa exijitu zituzten.
EAJk, berriz, erantzun zuen atzo izan zuela «EH Bilduren kontraproposamenaren» berri, hedabideen bidez, eta Eudelen gobernuarekiko «deslegitimazio ariketa larritzat» jo zuen: «Jarrera hori erabateko errespetu falta da Eudelen organo subiranoarekiko». Hala, koalizio subiranistari leporatu dio proposamenak dagozkien eremutan ez aurkeztea, eta «zubiak apurtzearen alde» egitea.