«Etxe» deitzen diete etxolei. «Familia» Donostiako urruntasunak eta kalearen gordintasunak elkartutako herrikideei. «Ama» atzerriko bakardadean laguntzera hurbildu zaizkien emakumeei.
Omar (40 urte), Said (31 urte), Ahmed (24 urte) eta Raxid (25 urte) dira. Izenak ez dira benetakoak; adina, bai. Manteo auzoko etxolen kanpamentuan bizi zirenetako lau dira. Aljeriarrak laurak. Ondoan dituzte hiru emakume, hiru laguntzaile: harrera sarean, Kaleko Afari Solidarioetan edota helduentzako eskoletan laguntzen diete. Belarri bat dira haientzat norbaitek entzuteko beharra dutenean, ahots bat norbait behar dutenean, telefono zenbaki bat laguntza behar dutenean.
Aljeriarrak etxerik gabe geratu dira. Donostiako Udaltzaingoak iragan ostegunean suntsitu zien Manteo auzoan eraiki zuten kanpamentua, Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan. Zaborretatik hartutako paletekin eta altzari zaharrekin egindako bost etxolako gunea. Hiriaren eguneroko martxaren ondo-ondoan, baina hiriaren eguneroko jardunetik urrun. Beste errealitate eta mundu bat hiriaren erdian, ezkutuan. Borja Corominas PPko zinegotziak sare sozialetan erakutsi eta seinalatu zuen arte.
Hilabeteak zeramatzaten bertan. Aurrena kanpadendetan, gero egurrezko etxoletan. 11 lagun bizi ziren. Egon. Bizi. Iraun. Biziraun.

Milaka kilometro egin dituzte Donostiara iritsi aurretik. Ahmed Aljeriatik Italiara joan zen, handik Frantziara, gero Alemaniara, eta, azkenik, Euskal Herrira. Gainerakoak Alemaniatik, Espainiatik, Frantziatik edota Portugaldik pasatu dira Donostiara iritsi aurretik.
Euskal Herria ez zuten helmuga, baina Donostian daude. Zergatik? Paperak lortzeko aukeragatik. Paradoxa: Alemanian eta Frantzian paperik gabe lan egin dezakete, baina ez dute aukerarik paperak lortzeko; Euskal Herrian paperik gabe ezin dute lan egin, baina paperak lor ditzakete.
Raxidek garbitzaile lanak egin zituen Frantziako unibertsitate batean. Apartamentu bat zuen. «Netflix ere bai», gehitu du laguntzaile batek. Baina paperik ez.
Bide luzea
Ez da bide erraza. Bizpahiru urte pasatu behar dituzte legez bertan errotzeko edo paperak lortzeko. Egon. Bizi. Iraun. Biziraun. Alde batetik bestera egin duten bidearen pareko bidaia, baina administratiboa eta burokratikoa.
Bizpahiru urte egiten dituzte linboan: «Hemen daude, baina ez daude», definitu du egoera laguntzaileetako batek. Errotzea edo bertan bizitzeko baimena lortzeko bizpahiru urte pasatu behar dituzte: iritsi, Donostiako Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuan izena eman, hilero elkarrizketak egin, errolda lortu, gero osasun txartela, helduentzako eskoletan izena eman, gaztelania —batzuek euskara ere bai— ikasten hasi, gaztelania pixka bat ikasten dutenean Lanbideren ikastaro batean izena eman ofizioren bat ikasteko, «urtebetera edo urte eta erdira» Gurutze Gorrira jo eta beste migratzaile batzuekin pisua partekatzeko aukera izan, foru aldundiaren arreta jaso... Denbora luzea eta gorabehera dezente bidean.
Hiru laguntzaileak bat datoz: «Oso zintzoak dira. Ahalik eta ikastaro gehien egiten saiatzen dira. Oso saiatuak dira». Raxid eta Ahmed zerbitzari ikastaro bat egiten hasiko dira hilabete barru.
Aterpeak, kalea eta hondartza
Euskal Herrira iritsi zirenean aterpeak eta kalea tartekatu zituzten lo egiteko. Hondartzak ere bai. Aterpeen eskaintza mugatua baita, ezin dira nahi beste egon. «Hiru hilabetean bost gau», zehaztu du laguntzaileetako batek.
«Niri beste aljeriar batek esan zidan zer egin nezakeen, non lor nezakeen janaria...», azaldu du Ahmedek. «Horrela ezagutu zituen Kaleko Afari Solidarioak eta Hestia eguneko zentroa [Antiguan]». Kalea, kalean bizitzea, berez da gogorra. Oihaneko legea da nagusi. Ahmedi 150 euro lapurtu zizkioten Hestian.
Martutenen okupatutako institutu zaharrean ere egon ziren. Ez zitzaien gustatu. Liskar asko zeuden bertan. Boxeo keinuak egin ditu Omarrek. Borroka asko izaten ziren bertan.
«Asko eskatzen duten gauza bat lasaitasuna da. Espazio bat behar dute, propioa, burua geratzeko, bestela burua ez zaielako geratzen»
Migratzaileen laguntzailea
Abaildu samar daude, bai azken egunetako bizipenengatik, bai ramadana egiten ari direlako. Kalean bizitzea gogorra da, baina gogortasun fisikoari baino gehiago, buruarenari erreparatu diote. Burua seinalatu dute behatzekin. Hasperenak. «Gaizki», esan du Omarrek. «Gaizki jan, lo gutxi... arazo asko».
Buruari atseden eman beharra aipatu dute. Kanpamentuak horretarako aukera eskaintzen zien. «Asko eskatzen duten gauza bat lasaitasuna da», nabarmendu du laguntzaileetako batek. «Espazio bat behar dute, propioa, burua geratzeko, bestela burua ez zaielako geratzen». Kalean zarata handia izaten da, eta erne egon behar dute, zer gerta ere: lapurretak, Polizia, jipoiak...
Lasaitasunaz gain, «arnasa» aipatu du Ahmedek. Asmarentzako botika hartzeko keinuak egin ditu. Kalean bizi direnetako askok asma arazoak dituztela zehaztu du laguntzaileetako batek.
Kanpadendetatik etxoletara
Aurrena kanpadendetan bizi ziren Manteon, hiru bat hilabetez. Iglu itxurako kanpadenda arruntak. «Baina kanpadendak ez dizu aukerarik ematen garbitzeko, janaria prestatzeko, zutik ibiltzeko, arropa bertan uzteko...». Ezta errezatzeko ere. Otoitz egitea garrantzitsua da haientzat, bai fedeari eusteko, bai lasaitzeko.
Kanpadendak ez zitzaizkion gustatzen Raxidi. «Gogorik ere ez genuen izaten bertatik ateratzeko». Gero egin zuten kanpamentua, irailean. Bideo batean Raxid ikus daiteke, janaria prestatzen. Makarroiak, patata purea, babarrunak... Ez zeukaten argindarrik eta urik. «Baina etxoletan eroso geunden». Koltxoietan lo egiten zuten, sofa zaharren bat zuten lasai egoteko. Ikurrina erraldoi bat ere jarri zuten barruan.
Laguntzaileetako batek gogoratu du agurtzen zituenean nola esaten zioten «etxera», kanpamentura zihoazela. «Pozten nintzen, errotuta zeudelako».
Bizilagunekin ez zuten arazorik izan, haien esanetan. «Bizilagunak errespetatzen genituen; guk ez dugu arazorik nahi», esan dute laurek. «Harreman ona genuen bizilagunekin», Ahmeden arabera. Omarrek gogoratu du inguruko bi emakumek pizzak eraman zizkietela behin.
Kanpamentu kontrolatua
Udaltzainek bazuten haien berri. Kontrolatuta zeuden. Udaltzainak noizean behin kanpamentura joaten ziren, eta agiriak eskatzen zizkieten. «Ezagutzen zituzten, eta bazekiten jatorrak zirela, ez zutela arazorik sortzen», laguntzaileetako baten iritziz.
Iragan ostegunean, ordea, kontrol arrunta zirudiena kanpamentua desegiteko operazio bihurtu zen. Aurrena, agiriak eskatu zizkieten, eta, gero, esan zieten 15:00etarako kanpamentua hustu behar zutela. Poliziek suntsitu egin zuten. «Zeukaten apurra puskatu diete», salatu du laguntzaile batek. «Orain, ahal duten lekuan lo egiten dute; batzuk desagertu egin dira; hautsi egin dute haien errutina, dinamika... eta burua».
«[Aljeriara bueltatuz gero] Jendeak gaizki hitz egingo luke gutaz. Aljerian ez dago ezer. Europako beste lekuren batera joango nintzateke»
AHMEDManteoko kanpamentuan bizi zen migratzailea
Berriro hasten espezialistak dira. Eskarmentua dute. Herrialde batean, bestean, kalean, kanpadendetan, kanpamentuan... «Hauek bezalako pertsonak baditugu, errazagoa da», esan du Raxidek. Ondoan dituzten laguntzaileei buruz ari da. «Hemen laguntzen digun eta indarra ematen digun jendea behar dugu, bestela joan egingo nintzateke». «Ama» deitu die Saidek. Amek errieta ere egiten diete batzuetan.
Itzultzea, «porrota»
Aljeriako senideek badakite kalean bizi direla, baina Raxidek amari ez dio esan kanpalekua suntsitu dietenik. Amak bueltatzeko esan dio Raxidi. Aljeriara itzultzea, baina, ez da aukera bat. «Porrota» litzateke Ahmedentzat. «Jendeak gaizki hitz egingo luke gutaz. Aljerian ez dago ezer. Europako beste lekuren batera joango nintzateke». Omarrek sakelako itzultzailea erabili du esan nahi duena adierazteko. Mezua: «Oso zaila da Aljeriara bueltatzea».
Batxilergo ikasketak egin zituzten Aljerian. Omar militarra izan zen. Paraxutista. Sakelakoan begira hasi da, eta argazki bat erakutsi du, 2004koa. Uniformea du soinean, domina bat paparrean eta txapel okertu bat buruan. Ez du azaldu nahi izan zergatik utzi zuen armada: «Bukatu zen». Gidaria ere bada; kamioiak gidatzeko baimena du.
Kaleko Afari Solidarioek eta Herritarron Harrera Sareak agerraldi bat egingo dute gaur 11:00etan, udaletxearen aurrean, migratzaileen kanpamentuaren desegitea salatzeko.
Aljeriarrek ere ez dute ulertzen, diren bezalakoak izanda, jokatzen ari diren moduan jokatuta, zer egin dieten. «Bihotza uzkurtua dugu», esanez azaldu du Ahmedek taldearen aldartea.
Biltegiko langile, sukaldari, autobus gidari
Euskal Herrian geratu nahi dute. Ikasi eta lan egin. Biltegiko langile edo kirol begiralea izan nahi du Raxidek. Sukaldaritza aljeriarra eskainiko duen jatetxe bat zabaldu nahi du Ahmedek. Autobusak gidatu edo eraikuntzan aritu nahi du Omarrek. Eta Saidek arrantzale izan nahi du. Arrantzalea zen Aljerian, eta anaia arrantzan ari da Pasaiako (Gipuzkoa) ontzi batean, Portugalen paperak lortu eta gero. Saidek sardinak, antxoak, hegalaburrak... «denetarik» arrantzatzen zuen Aljerian, eta hala egin nahi du Euskal Herrian ere. «Dirua ez zait hainbeste axola; nik lan egin nahi dut».
Euskal Herrian bidea urratzen ari diren beste bi ikasle aljeriar aipatu ditu laguntzaile batek. Pasioz hitz egiten du haiei buruz, semeak balira bezala. Bi gazte horietako batek Lanbideren basogintza ikastaro batean lortutako nota onak goraipatu ditu. Sakelakoan aurkitu eta gainerakoei erakutsi dizkie, harro. «Gaztelaniaz jakin gabe etorri, eta 7 bat atera du azterketan. Bidea egiten ari dira».
Anekdota bat aipatu du beste laguntzaile batek. Paper batzuk betetzeko, zein herritartasun zuen galdetu zion ikasle horri. «Euskal herritarra», erantzun zion.