Etxez etxeko laguntza zerbitzua Araba osoan mantentzeko eskatu du EH Bilduk

Arabako Foru Aldundiaren jarraibide baten arabera, aurrerantzean ez zaie zerbitzu hori eskainiko menpekotasun gradurik aitortua ez dietenei. EH Bilduk zerbitzuari eusteko eskatuko du mozioen bidez.

Adineko bi, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
Adineko bi, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO/ FOKU
edurne begiristain
2024ko apirilaren 3a
13:05
Entzun

Gaur egun, 911 lagunek dute etxez etxeko laguntza zerbitzua Araban, astean hiru ordukoa, baina EH Bilduk salatu duenez, horietako batzuk arta hori gabe geratu dira Arabako Foru Aldundiak hala erabaki baitu. Izan ere, koalizioak jakinarazi du aldundiak jarraibide bat igorri diela Oinarrizko Gizarte Zerbitzuei arreta orduak murrizteko, eta, hala, aurrerantzean ez zaie zerbitzu hori eskainiko menpekotasun gradurik aitortua ez dietenei– 0 gradukoak deitutakoei edo autonomoei–. Dagoeneko, 150 pertsonari baino gehiago ukatu diete zerbitzua, koalizioaren arabera. EH Bilduren ustez, Arabako Foru Aldundiaren jarraibide horrek agerian uzten du landa eremuan zerbitzu gutxiago eskainiko direla, eta horregatik eskatu du agindua bertan behera uzteko eta zerbitzua bere horretan mantentzeko.

Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egin dute gaur Eva Lopez de Arroiabe Arabako EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramaileak, Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak eta Unai Gutierrez Zuiako alkateak. Lopez de Arroiabek jakinarazi du Arabako udalerri guztietan etxez etxeko laguntza zerbitzuari eusteko eskatzeko ekinbidea aurkeztuko dutela batzar nagusietan, eta EH Bilduk ordezkaritza duen udalerri guztietan. Orain arte Bastidan eta Agurainen onartu dute mozioa, eta datozen asteetan eztabaidatuko da gainerako herrietan.

Lopez de Arroiabek azaldu duenez, iazko uztailean Espainiako Gobernuak onartutako errege dekretu batek hobetu egin zituen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren laguntzak, gradua aitortua dietenen kasuan. Haren ustez, «onartezina» da menpekotasuna duten pertsonen bizitza hobetu nahi duen dekretu batean oinarrituta, foru aldundiak orain arte bermatutako eskubideak «murrizteko» baliatzea. «Etxez etxeko laguntza zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzua da, pertsonei etxean bertan moldatzeko eta ingurune komunitarioan integratzeko aukera ematen diena, batzuetan egoitza batean sartzea saihestuz». 

EH Bilduko batzarkideak azpimarratu du despopulazioaren aurkako estrategia eraginkorra izateko Arabako herrietan bizi diren pertsonei mota guztietako zerbitzuak eta azpiegiturak eman behar zaizkiela. «Eta gizarte zerbitzuek funtsezko garrantzia dute, batez ere prebentziokoek, 0 mailako etxez etxeko laguntza zerbitzua bezalakoek, adibidez. Pertsonak ingurunean errotuta mantentzeko modu bat da, egoitza batera joan beharrik gabe», azpimarratu du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.