COVID-19aren pandemiaren aurretik, etxebizitzetako balkoiak eta terrazak ixteko joera zen nagusi. Hiru hilabetez konfinatuta egon ondoren, etxean kanpoaldearekin lotura izateak garrantzia hartu zuen. Behar horri erantzun nahian, instituzioek araudiak moldatu zituzten. Hala ere, errealitatearen mugekin topo egiten dute bizilagunen komunitateek: onenean, prozesu korapilatsua eta garestia da, eta, beste batzuetan, ezinezkoa.
Kanpoko leku hori garrantzitsua bada ere, bizitoki duina izateko lehentasun handiagoa du, adituen aburuz, irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa bermatzeak. Bizigarritasun baldintzak arautzeko asmoz, 2022an dekretua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak. Horrek finkatzen ditu etxebizitza duin baten oinarrizko baldintzak: besteak beste, irisgarritasuna, energiaren eraginkortasuna, argitasuna, aireztapena eta kanpoko espazioari dagozkionak. Balkoiei eta terrazei dagozkien bi neurri dira aipatzekoak: batetik, gutxienez lau metro koadroko balkoia edo neurri bereko begiratoki itxia izan behar dutela etxebizitza publiko berriek, eta, bigarrenik, hamar metro koadro arteko balkoiak ez direla kontuan hartzen eraikigarritasunari dagokionez.
Etxean kanpoko espazio bat izateak etxebizitza duintzen duela zalantzarik ez dute Josune Najerak eta Itziar Rodriguezek, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko (COAVN) Gipuzkoako zuzendari teknikoak eta idazkariak, hurrenez hurren. «Gure etxeak, oro har, espazio txikiak dira, eta terraza edo balkoia edukitzeak abantaila handiak ditu», esan du Itziar Rodriguezek. «Adinekoek, esaterako, mugimendu mugatua dute, eta ezin dira nahi dutenean kalera joan». Beste guztientzat ere, balkoiak une oro aire libreaz eta argi naturalaz gozatzeko parada ematen du. Horretaz gain, lagunartean elkartzeko aukera ere errazten du. Rodriguezen ustez, «herritarren bizi kalitatea handitzen du, eta duintasuna ematen dio etxeari».
Abantaila horiek guztiak kontuan hartuta, zergatik daude kanporako toki horiek gabeko etxeak? «Orain arteko araudiak azalera eraikigarriaren barruan sartzen zuen balkoien eta terrazen espazioa, eta, askotan, eraiki daitekeen espazioa justukoa izanik, toki gehiena etxebizitzarako aprobetxatzen saiatu izan dira arkitektoak», azaldu du Josune Najerak.
Balkoiak ixteko ohitura
Abantailak abantaila, pandemia iritsi arte oso ohikoa zen terrazak eta balkoiak ixtea. Josune Najera arkitektoak ohartarazi duenez, «ikus ditzakegun itxitura gehienak legez kanpokoak dira». Araudiak ezartzen zuen eraikin bateko itxitura guztiek berdinak izan behar zutela, komunitatearen erabateko adostasuna behar zela... «Hori ez zen betetzen, eta bakoitzak nahi duena egin izan du», erantsi du. «Arotzeria lan bat da, eta egun batean jar daitekeen egitura da. Beraz, erraza zen baimenik gabe egitea».
Pandemiaren ondorioz, ostera, garrantzia hartu zuen etxean bertan kalerako zubi bat edukitzeak. Higiezinak kudeatzen dituen Espainiako Fotocasa atariak egindako inkesta baten arabera, herritarren %70ek garrantzi handia ematen diote terraza edo balkoia edukitzeari, etxea erosteko garaian. Etxebizitzaren prezioan ere eragina du: kanpoko espazio horiek dituzten etxebizitzen salmenta prezioa %30 igo daiteke, eta alokairuaren kasuan, %15.
«Balkoi eta terraza berriak sortzea egiturazko aldaketa bat da. Ondo aztertu behar da eraikinak egitura berriari eutsi ahal dion ala ez»JOSUNE NAJERA COAVNeko kidea
Eusko Jaurlaritzaren 2022ko dekretuak, Arkitektoen Elkargoko kideen iritziz, «erraztu egiten du etxebizitza berrietan terraza eta balkoi gehiago eta handiagoak egitea». Bestelako kontu bat da, ostera, jadanik eginda dauden etxeen kasua. Dekretu horrek aukera horri atea zabaltzen dion arren, «ez da batere erraza», Josune Najerak ohartarazi duenez. Balkoiak ez zeuden lekuan egiteak zailtasun tekniko handiak dituela nabarmendu dute COAVNeko ordezkariek, eta garestia dela. «Balkoi eta terraza berriak sortzeak egiturazko aldaketa bat dakar etxebizitzan» eta, beraz, «ondo aztertu behar da eraikin horrek egitura berriari eutsi ahal dion ala ez». Hori dela eta, balkoiak sortzea eraikin osoaren birgaitzearekin lotuta joan ohi da.
Hegal terrazak eta zimenduen gainekoak
Bi modu daude balkoi edo terraza berriak sortzeko: hegal terrazak —eraikinetik kanpora ateratzen direnak— eta lurzoruan zimenduekin sostengatutakoak —egitura berri bat egiten da etxearen inguruan—. Hegal terrazak edo balkoiak egitea teknikoki zailagoa da, arkitektoen esanetan, jatorrizko eraikina egiterakoan aurreikusi ez zen zama bat gehitzen ari zaiolako. Bigarren aukera teknikoki errazagoa da, baina horren zailtasuna da toki gehiago hartzea dakarrela. Komunitatearen espazioa pribatua bada, egingarriagoa izan daiteke; baina espazio publikoa bada, espaloia, kale bat edo errepide bat, orduan korapilatsuagoa da, «lurzoru hori erosi behar duelako edo udalak eman behar diolako komunitateari».
Oztopoak oztopo, komunitate batek obra horri ekin nahi badio, lehenengo urratsa da komunitatearen adostasuna lortzea. Gero, proiektu arkitektonikoa egin beharko luke, aztertzeko zeintzuk diren aukerak eta, ondoren, eraikuntza enpresa baten aurrekontua eta proiektua lortu beharko luke. Gero, dagokion udalari baimena eskatu beharko lioke. Prozesu hori guztia garestia dela ohartarazi dute COAVNeko kideek.
Irisgarritasuna eta isolamendua
Nolanahi ere, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko ordezkarien aburuz, kalerako begiratokiarena ez da etxebizitza parkean dagoen gabeziarik handiena: «Irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa dira benetan heldu beharrekoak». «1960-1970eko hamarkadetan, etxebizitza sozial asko eraikitzeko material oso pobreak erabili ziren, eta etxe horiek dira, hain zuzen ere, igogailurik, berogailurik eta balkoirik ez dutenak». Gainera, «adineko jende asko bizi da etxe horietan, eta kolektibo horrek ez du inbertsio handirik egiteko gaitasunik». Horregatik, ekinaldi publikoa da, Najeraren aburuz, korapilo hori askatzeko giltzarria.
Otxarkoagako 86 etxebizitza eraberritzen ari dira
Bilboko Otxarkoaga auzoan hasi berri duten esku hartzea da horren adibide. 86 etxebizitza eraberritzen ari dira etxe sozialetan, eta, horri esker, 58 metro koadroko etxebizitzei hamabi metro koadroko balkoiak erantsiko dizkiete. Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako ekinaldi horrek erabat itxuraldatuko du Otxarkoaga auzoaren zati bat. Orain Otxar proiektuaren barruan, balkoiak erantsi ez ezik, irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa ere hobetuko dituzte. Etxebizitzen egungo azalerari heren bat gehituko diote.
Yolanda Diez Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotziak BERRIAri azaldu dionez, esku hartze horren xedea da «bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzea». Otxarkoagako 86 etxebizitza horietako gehienak sustapen publikokoak dira, eta 1960ko eta 1970eko hamarkada bitartean eraiki zituzten. «Etxebizitza txikiak ziren, baina bere garaian funtzio bat bete zuten», esan du Etxebizitza zinegotziak: «Orduan jende gaztea joan zen hara bizitzera, baina denbora igaro da, eta pertsona horiek jadanik ez dira gazteak, eta beste behar batzuk dituzte».
Gaur egun, etxebizitza baten bizigarritasuna bermatzeko ezinbestekoak dira irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa eta kanpoko espazio egokiak. «Neguan epeltasuna, udan freskura eta igogailua izatea ezinbestekoa da. Eta, gainera, hamabi metro koadroko balkoi bat baldin baduzu... zure konforta asko hobetzen da», adierazi du Diezek.
Otxarkoaga aukeratu du udalak, zinegotziaren hitzetan, Orain Otxar programarekin urteak daramatzatelako lanean, eta «eraikin horiek horrelako esku hartze bat egiteko baldintzak betetzen dituztelako». Orain Otxar programak Otxarkoaga auzo «ekojasangarri» bihurtzea du helburu. Bertako bizilagunekin batera landutako proiektua izan dela nabarmendu du Etxebizitza zinegotziak. «Balkoiak non jarri erabakitzeko garaian, eguzkiak gehien ematen duen fatxada aukeratu genuen hasieran, baina bizilagunek nahiago izan zuten auzoko bizitza gehiena duen fatxadan egitea».
«Neguan epeltasuna, udan freskura eta igogailua izatea ezinbestekoa da. Eta, gainera, hamabi metro koadroko balkoi bat baldin baduzu... zure konforta asko hobetzen da»
YOLANDA DIEZBilboko Etxebizitza zinegotzia
Bizilagunek birgaitzeari nolako harrera egin dioten galdetuta, Diezek zera erantzun du: «Obrak, noski, ez zaizkio inori gustatzen, baina poz handia ematen die jakiteak haien etxebizitzek eraldaketa positibo bat izango dutela hilabete batzuk barru. Etxe berri bat edukitzea da».
Finantzaketari dagokionez, etxebizitza bakoitza eraberritzeak 20.000 euroko kostua izango du batez beste, baina etxebizitza pribatuen jabeek bakarrik ordaindu beharko dute —udal etxeen jabeek ez—, 5.000 euro inguru, diruz lagundutako egitasmoa delako. Nolanahi ere, «diru sarrera txikiak dituen auzo bat da, eta horri ere erreparatuko diogu, ez dugulako nahi obra honek familientzat izugarrizko zama ekonomikoa izatea», esan du Diezek. Berriztatzea 2026ko martxoan amaitzea espero du Bilboko Udalak. Eta esperientzia horrek beste auzoetan segida izango duela iragarri du Yolanda Diezek.
Tutera Renove
Tuteran ere (Nafarroa) esku hartze handi bat egin da, hori ere ekinaldi publiko bati esker. Tutera Renove programaren barruan, Erriberako herri horretako 167 etxebizitza eraberritu dituzte. Nafarroako Gobernuak, Espainiako Trantsizio Energetikoko Ministerioak eta Tuterako Udalak sustatutako programa horren arabera, 1980ko hamarkadako eraikin horien irisgarritasuna eta eraginkortasuna hobetu dute, eta, batzuetan, balkoi bat ere erantsi diete etxebizitzei.
Etxebizitza pribatuen eskaera gutxi
Hego Euskal Herriko zenbait udaletan kontsulta eginda, jakinarazi dute etxebizitza pribatuetako komunitateek oso eskaera gutxi egin dituztela. Gasteizen, adibidez, eskaerarik ez dela egon baietsi dute. Donostian, ostera, udalak hamaika eskaera jaso ditu 2021az geroztik, etxebizitzetako balkoien edo terrazen gaineko araudiaren aldaketa onartu zuenetik. Horietako zazpi, terrazarik ez duten etxebizitzetan berriak egiteko, eta hiru eskaera, jadanik badiren terrazak aldatzeko. Berriak egiteko eskaerak Egia, Antigua, Intxaurrondo eta Aiete auzoetako etxebizitzei dagozkie. Dagoeneko badauden terrazak aldatzeko hiru eskaerak Martutenen, Intxaurrondon eta Antiguan egin dituzte.