Kanpoko janaria sartu ahalko da Artea eta Mega Parkeko zinema aretoetan

30.001 euroko isuna ordaindu beharko dute bi aretoek, orain arte soilik bertan erositako jakiak sartzen uzteagatik.

zineman krispetak jaten
Neska bat zinema areto batean krispetak jaten. FREEPIK
nerea intxausti
2023ko abenduaren 4a
16:00
Entzun

Hainbat zinema aretotan, debekatu egon ohi da kanpotik eramandako janaria eta edaria sartzea, edo, zerbait jan edo edan nahi izanez gero, zinema aretoetako dendan erostera behartzea. Hala egitea erabaki zuen Yelmo Films enpresak Arteako (Leioa, Bizkaia) eta Mega Parkeko (Barakaldo, Bizkaia) merkataritza guneetan dituen aretoetan. Orain, ordea, kanpotik eramandako janaria eta edaria sartu ahalko dira Yelmo Filmsen bi zinema areto horietan: ez dira bertako dendetan erosi beharko. Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, 30.001 euroko isuna jarri dio du Yelmo Filmsi, abusuzko jardunbideengatik eta kontsumitzaileen eskubideak urratzeagatik. 

Joan den urtarrilean debekatu zuten Arteako eta Megaparkeko zinemek kanpotik eramandako janaria eta edaria eramatea zinema aretoetara. «Yelmok ez du onartzen kanpotik ekarritako janari edota edariarekin sartzea, eta sarrera ukatzeko eskubidea du», zioen kartel batek sarreran. Jakinarazpenaren arabera, debekua Eusko Jaurlaritzako ikuskizunak eta jolas jarduerak arautzen dituen 17/2019 Legearen 51.3 artikuluan oinarrituta zegoen. Debekuaren kontrako salaketa jarri zuten EKA Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak eta Facua kontsumitzaileen elkarteko Bizkaiko ordezkaritzak. Kontsumobidek esana zuen debeku hori ez zela legezkoa, baina orain jarri dio isuna.

Debekua baliogabetzea lortu dute bi elkarteek, «erreklamazio prozesu luze» baten ondoren. EKA elkartearen esanetan, praktika hori «abusuzkoa» da: Yelmo Filmsek eskaintzen duen jarduera nagusia filmak ematea da, eta, beraz, ezin du debekatu kanpotik jangaiak eramatea, ez baita ostalaria. Legezkoa litzateke erabat debekatzea zinema aretoetan jatea eta edatea; ez, ordea, jaki batzuk onartzea —bertan erositakoak—, eta beste batzuk ez —kanpotik eramandakoak—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.