Donostiako Udalak aginduta, migranteen kokaleku bat hustu zuten atzo Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilek. Manteo inguruan zegoen. LAB sindikatuak «xenofobia eta arrazakeria» egotzi dizkio udal gobernuari. Bereziki EAJri leporatu dio PPk markatutako bideari jarraitzea, EAJk eman baitzuen husteko agindua. Izan ere, Borja Corominas PPko zinegotziak sare sozialetan eman zuen, orain dela gutxi, etxerik gabeko migranteen kokaleku horren berri, eta, handik gutxira, Martin Ibabe Segurtasuneko zinegotziak (EAJ) husteko agindu zuen, nahiz eta, LABen esanetan, inolako segurtasun arazorik ez zegoen.
Donostiako Udaleko LABeko atal sindikalak ohar batean jakinarazi duenez, kokaleku horrek hilabete asko zeramatzan okupatuta, eta Udaltzaingoak kontrolatzen zuen. «Ez zen inolako arazorik antzeman». Espazioa garbi zegoela eta bertan bizi zirenek portaera egokia zutela baietsi du LABek. Bestalde, gehitu du ez zela inolako gatazkarik sortu auzotarrekin.
Sindikatuaren arabera, kokalekuan zeuden guztiak Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren erabiltzaileak dira, eta erroldan, Osakidetzan eta helduen hezkuntzan alta emanda daude, eta bertara joaten dira egunero eskolara. «Bizitoki sozialaren alternatibarik ez zegoenez, kalean bizitzera behartuta zeuden pertsona batzuen bizilekua zen». Bertan bizi ziren migranteekin harremana duen pertsona batek jakinarazi duenez, «txabolak txikitu dizkiete».
Kokalekua husteko unean bertan migranteekin batera zegoen elkartasun sareko kide batek azaldu duenez, 11 lagun bizi ziren kokaleku horretan, sei etxolatan. «Duela gutxi txukundu zituzten etxolak, lehengoetan hotza sartzen zitzaielako. Poz-pozik zeuden», dio sareko kide batek. Udal garbiketako langileak azaldu ziren, kamioekin. Gero udaltzainak eta ertzainak. Bertakoek «ez zuten erresistentziarik ipini», nabarmendu du sareko kideak. Migranteak identifikatu eta baten bat komisariara eraman zutela jakinarazi dute.
Arazorik ez zutela sortzen baietsi dute laguntzera joaten diren herritarrek. Helduen hezkuntzako eskoletara joaten dira gehienak. Gaztelania ikasten ari dira denak, eta batzuk, euskara ere bai. «Berbereak dira batzuk, eta tokiko hizkuntzak interesa pizten die», azaldu du elkartasun sareko emakume batek. Formakuntza ikastaroak egiten ari direla ere argitu dute: «Lanbideko ikastaroak egiten ari dira: soldadura, iturgintza eta ostalaritza dira ohikoenak». Informatika eta joskintza egiten duenik ere badago.
Laguntza taldeko kideek salatu dutenez, kolektibo hori kriminalizatzen dute gutxi batzuek egiten dituzten delituengatik, baina «gehienek hemen duintasunez bizi nahi dute, besterik ez».
LABen iritziz, inolako gatazkarik sortzen ez duten pertsonak handik botatzeko arrazoi bakarra «jarrera xenofoboa eta arrazista» da. Sindikatuak uste du Borja Corominas PPko zinegotziak sustatutako ekintza izan dela. Izan ere, sare sozialetan eman zuen kokalekuaren berri, eta argazkia argitaratu zuen. Sindikatuaren arabera, horren ondorioz eman du Martin Ibabe EAJko Segurtasun zinegotziak hutsarazteko agindua. «Kalean bizi behar izateak dakarren drama humanoa alderdikeriaz erabiltzen ari dira», dio LABek.
Borja Corominasek X sarean zabaldutako mezuan galdetu zuen: «Premiazkoa da hirian dauden kokalekuak hustea. 50 baino gehiago. Bertan bizi direnei integrazioa erraztu behar diegu formakuntzaren eta lanaren bidez? Bai. Etxebizitza doan eman behar diegu? Ez. Guk lan egiten dugu, besteak beste, gure etxebizitza ordaintzeko».
Es urgente desalojar los asentamientos de la ciudad. Más de 50. ¿Tenemos que facilitar a sus habitantes la integración a través de la formación y el trabajo? SI ¿Tenemos que facilitarles vivienda gratis? NO. Trabajamos para, entre otra cosas, pagar nuestra vivienda. pic.twitter.com/afj7np5vCy
— Borja Corominas (@BorjaCorominas) March 20, 2025
EAJren jarrera ere gogor kritikatu du LABek: «Ez da lehen aldia PPren adierazpen publikoen ondoren PPk markatzen duen ildotik jokatzen duena». Gogora ekarri du Egia auzoan afari solidarioak debekatu zituenekoa. Orduan ere PPko zinegotziek sustatutako protestek piztu zuten gatazka: «Horrelako jarduerei buruzko lehen hausnarketak pentsaraz diezaguke EAJk ez duela irizpiderik gai honi heltzeko, eta PPk eragindako egoerak direla. Hala ere, litekeena da bi alderdiak bat etortzea jarraitu beharreko jarduera ildoetan, eta alkate jaunaren alderdian PPk adierazitakoaren antzeko iritzia izatea».
LABek halako egoerei aurre egiteko beste modu bat proposatu du: gizarte arloko aurrekontuak handitzea. Sindikatuak gogorarazi du pertsona horiek tratu duina merezi dutela, eta azpimarratu du erakundeak herritarrak babesteko daudela, «eta ez jada duten baino bizitza zailagoa egiteko».