Koronabirusa

Etxeratzeko ordua, berriz ere

Muturreko arriskua duten herrietan 01:00etik 06:00etara kalean egotea debekatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Auzitegien esku dago orain gobernuaren nahia gauzatu ahal izatea

Santos Indurain Osasun kontseilaria, atzo, argibideak ematen. VILLAR LOPEZ / EFE.
joxerra senar
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak neurri berriak iragarri ditu. Muturreko arriskua duten herrietan gaueko jarduera mugatuko da: 01:00etik 06:00etara ezingo da kalean egon; hau da, azken zazpi egunetan 125 kasuko eta azken hamalau egunetan 250 kasuko intzidentzia duten tokietan. Foru agindua asteartean kaleratuko da, eta orduan ikusiko da zer herri sartzen diren bertan. Besteak beste, Lesaka, Corella, Cintruenigo, Uharte eta Zizurko agerraldiak aipatu dira, baina une honetan Nafarroako herrien %80k baldintza hori betetzen dutela ziurtatu zuen Osasun kontseilari Santos Indurainek. Iruñea ere lurraldearen batezbestekoan dago, eta hiriburuari ere eragingo lioke etxeratzeko aginduak.

Halaber, jende pilaketak eragozteko asmoz, kalejirak debekatu egingo dira, eta kalean gehienez hamar laguneko taldeak bil daitezke. Indurainen arabera, Lesakako kalejira kutsatze handiko gertaera horietako bat izan da, eta udan halako kasuak errepikatzea galarazi nahi dute. Eusko Jaurlaritzak ere asteon erabaki du neurriak hartzea gauetan jendea pilatu ez dadin: dekretu bat atera du horretarako, eta udalei eskatu die arretaz erreparatzeko jendea pilatzen den lekuei.

Auzitegiaren eskuetan

Nafarroan ezarri nahi dituzten neurriek babes juridikoa izan dezaten, Osasun Departamentuak baimena eskatuko dio Nafarroako Auzitegi Nagusiari. Indurainek azaldu du nahikoa elementu dituztela mugikortasuna mugatzea eskatzeko: «Auzitegi Nagusiari osasun publikoko txostenak ematen dizkiogu bilakaera epidemiologikoari buruz, ospitaleetako egoerari buruz. Egungo egoerari erantzuteko neurriak beharrezkoak dira». Printzipioz, auzitegiaren erabakiaren zain, aginduak uztailaren 29ra arte iraungo du, baina, egoera epidemiologikoan aldaketarik ez badago, eutsi egingo zaie neurriei.

Indurainek nabarmendu du udalekin elkarlanean ari direla neurriak nola bete aztertzeko. Atzo bertan, bilkura izan zuten Lesakan Bortzirietako alkateekin, egoera aztertzeko. «Intzidentzia handiko herri horietan, 01:00etik aurrera kaleko edana eta halako egoerak debekatuta egongo dira». Onartu du udal askok ez dutela udaltzainik edo baliabiderik neurria betearazteko eta kasu horietan Foruzaingoarekin lan egingo dela. Dena den, gaineratu du ezin direla toki guztietara iritsi, eta, horregatik, herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die.

Delta aldaera, %90

Indurainen arabera, oraintxe kutsatzeen %90 Delta aldaerak eragin ditu, eta «kutsakorragoa» da, eta, hilgarritasun handiagoa ez bada ere, arriskutsutzat jo du intzidentzia handitzea, ospitaleetan ere islatuko delako. Egungo egoeran, herritarren %51,4k — 339.232 herritar uneotan— txertoaren bi dosiak hartuak dituzte, baina eraginkortasuna ez da %100ekoa eta, gainera, oraindik txertoa hartu gabeko pertsonak badirenez, ospitaleetan kasuak «apurka» gehitzen hasi dira, baita ZIUetako oheen okupazioa ere.Horregatik, Osasun kontseilariak azpimarratu du oreka gorde nahi dutela: alde batetik, intzidentzia jaisteko eta gizartearen osasuna zaintzeko, eta, bestetik, horrek ahalik eta eragin txikiena izan dezan arlo ekonomikoan, sozialean eta emozionalean.

Indurain gazteei mintzatu zaie: «20-30 urteko gazteak ZIUan sartu dira, eta horrek esan nahi du arrisku bat dagoela haien osasunarentzat. Koadro larriak dituzten gazteak izan ditugu». Beste faktore bat. Nafarroan kasuak sei bider handitu dira batez beste, eta agerraldiak izan diren tokietan, zortzi bider gehiago. «Osasun arloko profesionalak atsekabetuta daude, nekatuta, kezkatuta, baina ez izan zalantzarik osasun sistema erantzuten ari zaiola erronkari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.